MUNDU OSOKO ZINEGILE BERRIEN BEDERATZI OPERA PRIMA LEIHATUKO DIRA BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIKO ZINEBI FIRST FILM SEKZIO BERRIAN

Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarra, Xenia Rivery gidoilari kubatarra eta Jon Garaño euskal zinegilea izango dira bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako lehiaketako sekzio berriko film hoberena aukeratuko duen epaimahaiko kideak.

Gaur goizean, Nele Wohlatz zuzendaria bertan zela, sekzio horretan lehiatuko den “El futuro perfecto” fikziozko film luzea aurkeztu da Bilbon. Filma GAUR ARRATSALDEAN eskainiko da, 20:00etan, Golem – Alhóndiga zine aretoetako 5. aretoan.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketa berria estreinatu du 58. edizio honetan. Fikzio, dokumental eta animazio film luzeei zabalduta egongo den ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren lehenengo edizio honetan bederatzi filmek hartuko dute parte, eta horietako bost Estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Mundu osoko film laburren lehiaketa beteranoenetako eta garrantzitsuenetako gisa duen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi du ZINEBIk. Beste alde batetik, lehiaketaren bitartez ikus-entzuleek, zine garaikidearen panorama osatzen duen sorkuntzako joeren, estiloen eta argumentuen aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute.

Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso zuen Ralitza Petrovaren “Godless”; Veneziako Nazioarteko Zine Jaialdiko Kritikaren Astean Opera Prima Hoberenaren Etorkizuneko Lehoia – Luigi de Laurentiis Saria irabazi zuen Ala Eddine Slimen “Akher Wahed Fina”; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizioan Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nele Wohlatzen “El futuro perfecto” ekoizpen lan argentinarra.

Gaur goizean, zuzendaria bertan zegoela, azken film hori aurkeztu da Bilbon. Filmean, Nele Wohlatz, hartzen dituen herrialdeko hizkuntza ez jakitearren etorkin askok jasaten duten komunikazio ezaren drama pertsonalean murgiltzen da, egileak berak, bere jaiolekua zen Hannoverretik (Alemania) Argentinara heltzean bizi izan zuen zerbait, hain zuzen ere. Testuinguru horretan, “El Futuro Perfecto” lanak, besteek esaten dutena ez ulertzeak eta norberak esan nahi duena ezin ulertarazteak dituen ondorioak deskribatzen ditu.

Protagonista, Xiabon, Argentinara heltzean gaztelaniaz hitz bakar bat ere ez dakien 17 urteko neska gazte txinatarra da. Egun batzuk igarota, beste izen bat izango du, Beatriz, eta supermerkatu txinatar batean arituko da lanean. Bere familiak garbitegi batean egiten du lan, eta garbitegian bertan bizi da, argentinarrengandik urrun dagoen mundu paraleloan. Xiabonek, ezkutuan, dirua aurreztu eta hizkuntza eskolan izena ematea erabakiko du.

Nele Wohlatz (Hannover, 1982) da film berezi honen gidoilaria eta zuzendaria. Dokumentalarekin erlazio handia duen zinegileak, Argentinan gaztelania ikasteko ikastetxe batean bizi izandako esperientzia pertsonalaren parte bat erakutsiko digu. Istorioa kontatzeko, Hego Amerikako herrialde hartan ohiko bizimodua egin nahi duen eta erlazionatzeko orduan hizkuntzaren oztopoa aurkituko duen neska gazte txinatarraren bizitzan zentratzen du bere argumentua.

Filmak ez du antzezle profesionalik, protagonista gehienak hizkuntza eskolako ikasleak dira. Filmean parte hartzean ikasi dituzten hitzak eta esaldiak ahoskatzeko aukera izango dute. Esperientziaren helburua Xiabonen, benetako protagonistaren, bizipenak laguntzea eta girotzea da. Prozedura dramatiko hori dela eta, gidoia oso bitxia eta interesgarria da. Estatu mailako estreinaldia den filma GAUR ARRATSALDEAN, ikusi ahal izango da, 20:00etan, Golem – Alhóndiga zine aretoetako 5. aretoan.

EL FUTURO PERFECTO
2016 | 65′ | FIKZIOA (ARGENTINA)

ZUZENDARITZA Nele Wohlatz
GIDOIA Nele Wohlatz
MUNTAKETA Ana Godoy
SOINUA Nahuel Palenque
MUSIKA Federico Orio
ARGAZKIA Roman Kasseroller, Agustina San Martín
ANTZEZLEAK Zhang Xiaobin, Saroj kumar Malik, Jiang Mian, Wang Dong Xi, Nahuel Pérez Biscayart
EKOIZPENA Murillo Cine

TRAILERRA: https://vimeo.com/176613858

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 58
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215