MUNDU OSOKO ZINEGILE BERRIEN BEDERATZI OPERA PRIMA LEHIATUKO DIRA BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN ZINEBI FIRST FILM SEKZIOAN

Guztiak ere zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlinetik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta zortzi lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatuan.

 

Zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren hurrengo edizioan, iaz inauguratu zen eta fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlinetik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta horietako zortzi estreinaldiak izango dira Estatuan. Saria 7.000 eurokoa izango da.

Munduko film laburren lehiaketa garrantzitsuenetakoa izateak ematen dion nortasun historikoan abiatuta, sari horrekin ZINEBIk, film laburrak egin ondoren, film luzeen munduan lehen pausoak eman gura dituzten ekoizle eta zinegile gazteei laguntzen jarraitu nahi du. Beste alde batetik, lan berri horien bitartez, zine garaikidearen panorama osatzen duten sorkuntza joera, estilo eta argumenturako materia aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Horrela, Beautiful Docs –zine dokumentalari eskainitakoa– eta Bertoko begiradak –azken aldiko euskal ekoizpen lanetan zentratutakoa– sekzioekin batera, beste dimentsio bat sendotzen du ZINEBIk, sarri askotan industria handian eta areto komertzialetan aurkitzea zaila dena, film luzea, jaialdiak urtero aurkezten duen zine proposamenaren parte garrantzitsu gisa.

Lehiaketaren bigarren edizio honetan bederatzi film luze arituko dira ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) saria lortzeko lehian. Film luze horien ekoizpenean hamaika herrialdek hartu dute parte: Afganistan, Alemania, Austria, Brasil, EE.BB., Frantzia, Israel, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suitza. Espazio politiko, sozial, ekonomiko, erlijioso eta kultural aniztasun horretan, euren lehenengo lanak diren horien egileek, euren zine eszenan jartzeen estilo ezaugarri bereziak erakutsiko dituzte, eta baita borondate kritikoa duten subjektibotasunez betetako begiradak ere.

Aukeraketa honetan, ikus-entzuleek, mundu garaikideko gizakien joan-etorrien funtsezko gaiak aurkituko dituzte, erlijioan oinarritutako lege zorrotzaren mende dauden zenbait hiritako bizimodua; nerabeen arteko maitasuna Latinoamerikako herrialde batzuetako mugetan; Atlantikoa belaontzi batean zeharkatzen duen emakume baten abentura solidarioa eta esperientzia pertsonala; edo emakume baten galera tragikoa eta senarraren eta maitalearen dolu konpartitua, besteak beste.

ZIFFen barruan lehiatuko diren filmen artean, aipamen berezia merezi du Austin Lynchen – David Lynchen semea– lehenengo lan luzea den Gray House lanak, Matthew Boothekin batera zuzendutakoak. Modu iradokigarrian eta berezian, Estatu Batuetako langileen eguneroko bizimodua eta borroka islatzen duten bost istorio erakusten ditu, abstrakzioa, errealitatea eta ametsak nahastuz. Horrez gain, eta bitxikeria gisa, Denis Lavant (Holy Motors) eta Aurora Clement (Apocalypse Now), antzezle ezagunen kameoak azpimarratu behar dira.

ZIFFeko aukeraketan beste izenburu batzuk ere azpimarratu behar dira, Locarnoko Nazioarteko Zinemaldian (Suitza) Aipamen Berezia jaso zuen Cyril Schäublinen Dene wos guet geit (Those Who Are Fine); Ingelesa ez den Beste Hizkuntza batean egindako Film Hoberenaren Hollywoodeko Akademiaren Oscar Sarirako hautagai izan den Afganistango Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) lana; edo, Canneseko Nazioarteko Zinemaldiko (Frantzia) ACID sekzioan estreinatu zen, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian (TIFF, Kanada) parte hartu duen, eta Jerusalemeko Nazioarteko Zine Jaialdian Israelgo Film Hoberenaren, Gizonezko Antzezle Hoberenaren eta Argazki Hoberenaren saria lortu dituen Matan Yairren Pigumim (Scaffolding). Hiruak ere ZINEBI barruan estreinatuko dira estatu mailan.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trellések eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatuko dute. ZINEBI FIRST FILM sekzioaren barruan lehiatuko diren eta Golem – Alhondiga zine aretoetan eskainiko diren bederatzi film luzeak hauek dira:

Gray House (Austin Lynch, Matthew Booth. EE.BB., 2017. Dok. 75 min.) Estreinaldia Estatuan.
Não devore meu coração (Don’t Swallow My Heart, Alligator Girl) (Felipe Bragança. Brasil, Herbehereak, Frantzia, 2017. Fik. 108 min.) Estreinaldia Estatuan
Drift (Helena Wittmann. Alemania, 2017. Fik. 97 min.) Estreinaldia Estatuan.
Charleston (Andrei Cretulescu. Errumania, Frantzia, 2017. Fik. 120 min.) Estreinaldia Estatuan.
Dene wos guet geit (Those Who Are Fine) (Cyril Schäublin. Suitza, 2017. Fik. 71 min.) Estreinaldia Estatuan
Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) (Roya Sadat. Afganistan, 2017. Fik. 83 min.) Estreinaldia Estatuan
Sommerhäuser (The Garden) (Sonja Maria Kröner. Alemania, 2017. Fik. 97 min.) Estreinaldia Estatuan
Pigumim (Scaffolding) (Matan Yair. Israel, Polonia, 2017. Fik. 95 min.) Estreinaldia Estatuan
Tehran Taboo (Ali Soozandeh. Alemania, Austria, 2017. Ani. 96 min.)

ZINEBI 59ko Prentsa Bulegoa
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com