MUNDU OSOKO ZINEGILE BERRIEN BEDERATZI OPERA PRIMA LEHIATUKO DIRA BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN ZINEBI FIRST FILM SEKZIOAN

<strong>Gaur goizean, Helena Wittman zuzendariaren presentziarekin, sekzio horretan lehiatuko den eta BIHAR, 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako 5. aretoan eskainiko den fikziozko “Drift” film luzea aurkeztu da.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Silvano Agosti zinegile eta erakusle italiarrak, Alejandra Trellés Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendariak eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatuko dute.</strong>

Bost kontinenteetako zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, iaz inauguratu zen eta fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlinetik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta horietako zortzi estreinaldiak izango dira Estatuan.

Gaur goizean aurkeztu da Bilbon aukeratutako filmetako bat, Drift, zuzendariaren, Helena Wittmann zinegile aleman gaztearen, presentziarekin. Mundu mailako estreinaldia Veneziako Kritikaren Nazioarteko Astean egin ondoren, Drift beste zinemaldi batzuetan ere ikusi ahal izan da, Berwick Film&Media Arts Festival-ean, Filmfest Hamburg-ean eta Montrealgo Nouveau Cinéma Jaialdian, besteak beste.

Dokumental intimoenaren eta zine esperimentalaren arteko drama gisa sailka daitekeen Drift filmak, Iparraldeko Itsasoan asteburua igarotzen duten bi emakumeren historia kontatzen du. Haietako bat familiarekin itzuliko da Argentinara, eta bestea ozeanora gero eta gehiago hurbiltzen ahaleginduko da. Biek ere bidaia bat hasiko dute itsasontziz Ozeano Atlantikotik. Itsasoa izango da kontakizunaren arduraduna, eta antzezle nagusia bilakatuko da, ikus-entzuleari zentzumen esperientzia indartsua eskainiz.

Film horretan azpimarratzekoak dira soinuaren tratamendua eta Nika Breithaupt artistak idatzitako Soinu Banda, protagonistek transmititzen duten deriba eta desorientazio sentsazioa eta batzuetan lasai eta beste batzuetan haserre dagoen itsasoaren atmosfera hipnotiko bera indartzen dutenak.

Helena Wittmann (Neuss, Alemania,1982) zuzendariari dagokionez, Spanish and Media unibertsitatean ikasi zuen. Bere lanen artean, mundu osoko jaialdi askotan ikusi ahal izan diren Wildnis (2013) eta 21,3° C (2014) film laburrak daude. “Drift” da bere lehenengo film luzea.

ZIFFen barruan lehiatuko diren filmen artean –horietako zortzi estatu mailako estreinaldiak–, aipamen berezia merezi du Austin Lynchen – David Lynchen semea– lehenengo lan luzea den Gray House lanak, Matthew Boothekin batera zuzendutakoak. Modu iradokigarrian eta berezian, Estatu Batuetako langileen eguneroko bizimodua eta borroka islatzen duten bost istorio erakusten ditu, abstrakzioa, errealitatea eta ametsak nahastuz. Horrez gain, eta bitxikeria gisa, Denis Lavant (Holy Motors) eta Aurora Clement (Apocalypse Now), antzezle ezagunen kameoak azpimarratu behar dira.

Beste izenburu batzuk ere azpimarratu behar dira, Locarnoko Nazioarteko Zinemaldian (Suitza) Aipamen Berezia jaso zuen Cyril Schäublinen Dene wos guet geit (Those Who Are Fine); Ingelesa ez den Beste Hizkuntza batean egindako Film Hoberenaren Hollywoodeko Akademiaren Oscar Sarirako hautagai izan den Afganistango Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) lana; edo, Canneseko Nazioarteko Zinemaldiko (Frantzia) ACID sekzioan estreinatu zen, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian (TIFF, Kanada) parte hartu duen, eta Jerusalemeko Nazioarteko Zine Jaialdian Israelgo Film Hoberenaren, Gizonezko Antzezle Hoberenaren eta Argazki Hoberenaren saria lortu dituen Matan Yairren Pigumim (Scaffolding). Hiruak ere ZINEBI barruan estreinatuko dira estatu mailan.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trellések eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatuko dute. Sariak 7.000 euro banatuko ditu, eta jaialdiaren amaiera ekitaldian ezagutaraziko da, datorren ostiralean, 20:00etatik aurrera.

DRIFT
2017 95 min Fikz (Alemania)
Zuzendaritza: Helena Wittmann
Gidoia: Helena Wittmann eta Theresa George
Antzezleak: Theresa George eta Josefina Gill
Ekoizpena: Fuenferfilm, T,N,H

DRIFT TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?time_continue=4&v=Zuk2UZc7OZg

PRENTSA BULEGOA
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com