BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” PROGRAMAK LUISA ETXENIKE ETA JAVIER REVERTE IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATUR JARDUERATIK ERRETIRATZEARI BURUZ BERBA EGITEKO

Idoia Jauregi kazetariak aurkeztuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net)

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN ekimenak, Luisa Etxenike idazle donostiarra eta Javier Reverte madrildarra elkartuko ditu datorren asteartean, EKAINAREN 21ean, pentsio bat jasotzearen eta sorkuntza lanarekin jarraitzearen arteko bateraezintasuna dela eta azken hilabeteetan gaurkotasuna hartu duen literatur bizitzatik erretiratzeari buruz berba egiteko. “Literaturarekin erretiratu?” izeneko topaketa Idoia Jauregi kazetariak moderatuko du.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Topaketa berri honetan, alor horretan beste herrialde batzuetan indarrean dagoen legedia, Literaturatik erretiratzea eskubidea ala betebeharra den, edo pentsio bat kobratzearen edo sorkuntza jarduerarekin jarraitzearen artean aukeratu beharra bezalako gaiak landuko dira.

Luisa Etxenikek (Donostia, 1957), “El detective de sonidos” (2011), “El ángulo ciego” (Euskadi Saria 2009), “Los peces negros” (2005), “Vino” (2000), “El mal más grave (1997) eta “Efectos secundarios” (1996) eleberriak, “Ejercicios de duelo” (2001), eta “La historia de amor de Margarita Maura” (1990) kontakizun bildumak eta “El arte de la pesca” (2015) poesia bilduma argitaratu ditu. Bere kontakizunak hainbat antologiatan jaso dira. Duela zenbait urtetik idazketa sortzaile tailer bat zuzentzen du. “Un mundo de escritoras” izeneko literatur jaialdiaren zuzendaria da, eta horrez gain frantseseko itzultzaile gisa egiten du lan eta hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea da. 2007an, Arteen eta Letren Ordenaren Zaldun aintzatespena jaso zuen Frantziako Gobernuaren aldetik.

Javier Reverteri (Madril, 1944) dagokionez, Filosofia eta Kazetaritza ikasketak egin zituen. Prentsa berriemaile izan zen Londonen, Parisen eta Lisboan, besteak beste, eta Pueblo egunkariaren zuzendariordea izan zen. Horrez gain, irratiko eta telebistako gidoilari izan zen. Bere lan ekoizpenean eleberriak, poesia bildumak eta bidaia liburuak daude. Azken alor horretan lortu du arrakasta gehien, “El sueño de África”, “Vagabundo en África” eta “Los caminos perdidos de África” lanek osatutako Trilogía de África bildumarekin batez ere. Beste poesia liburu batzuetan Amerika Erdialdea, Amazonas ingurua, Grezia, Turkia eta Egipto landu ditu.

Dagoeneko jubilatuta, erretiratuta, dagoen Javier Reverte, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsioa kendu dion egileetako bat da eta, gainera isun handia jarri dio, sorkuntza jarduera paraleloa gauzatzen ari delakoan.

HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, David Safier eta Joaquín Berges, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.