BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK LUISA ETXENIKE ETA MARIAN IZAGUIRRE IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, GIZONEZKO PERTSONAIEI BURUZ HITZ EGITEKO

Hitzordua Txani Rodríguez kazetariak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, MAIATZAREN 15ean. “Las escritoras frente a los personajes masculinos” izenburua izango duen topaketa Txani Rodríguez kazetariak moderatuko du, eta biek eleberrietako beste sexuko pertsonaiekin duten erlazioan sakonduko du.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming-ez jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunean.

“Eztabaidak literaturarekin” ekimenak, ia aldi berean, 90eko hamarkadaren hasieran, hasi zen ibilbidea duten bi euskal emakume idazlerekin topaketa proposatzen du maiatz honetarako. Etxenikek eta Izaguirrek, gizonezkoen pertsonaiak dituzten istorioekin identifikatzeko duten moduari buruzko solasaldia ezarriko dute.

Marian Izaguirre Bilbon jaio zen, eta une honetan Madril eta Bartzelona artean bizi da. 1991n ikusi zuen argia bere lehenengo eleberriak, Sesamo saria eman zion La vida elíptica. Ordutik, Para toda la vida (1991), El ópalo y la serpiente (1996), Nadie es la patria, ni siquiera el tiempo (1999) ipuin bilduma, La Bolivia (2003) eta La parte de los ángeles (2011) lanak argitaratu ditu. Lumen argitaletxeak La vida cuando era nuestra argitaratu zuen 2013an, bederatzi hizkuntzara itzuli zen eta Espainiako eta Europa osoko irakurleen aldetik harrera bikaina jaso zuen eleberria, eta 2014an Los pasos que nos separan kaleratu zuen. 2015ean, El león dormido, 2005ean Izaguirrek argitaratu zuen eta Ciudad de Salamanca IX. Eleberri Saria irabazi zuen eleberriaren bertsio berria berreskuratu zen. Azken liburua iaz argitaratu zuen, Cuando aparecen los hombres.

Luisa Etxenikek, bere aldetik, El detective de sonidos (2011), El ángulo ciego (Euskadi Saria 2009), Los peces negros (2005), Vino (2000), El mal más grave (1997) eta Efectos secundarios (1996) lanak argitaratu ditu, eta baita zenbait kontakizun bilduma eta El arte de la pesca (2015) poema liburua ere. Ohiko kolaboratzailea zenbait komunikabidetan, Claude Lanzmann, Jacques Roubaud, Jean-Michel Maulpoix eta Virginie Linhart itzuli ditu frantsesetik. 2007an Arteen eta Letren Ordenaren Zaldunaren aintzatespena jaso zuen Frantziako gobernuaren aldetik, eta 2013an Donostiako Udalak Merituaren Domina eman zion.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.