BILBOKO UDALTEGIEK BESTE ZAZPI PINTURA ETA ARGAZKI ERAKUSKETA IBILTARI JASOKO DITUZTE BIHARTIK AURRERA, “EXPODISTRITO” PROGRAMAREN BARRUAN

Marta Betolazaren, Felisa Urracaren, Javier de la Iglesiaren, Joseba Kortazarren, Jesús Díaz Vielvaren eta Jon Maoren lan plastikoak ikusi ahal izango dira, eta baita Marta Pérezen zuri beltzezko zenbait argazki ere.

Expodistrito Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta bere helburua artea Hiriko barruti guztietara eramatea eta hainbat artistaren lana ezagutaraztea da.

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, BIHAR, IRAILAREN 1ean, inauguratuko du urteko laugarren hiruhilekorako programa. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, hainbat pintura estilo, teknika eta gai landuz egindako zazpi pintura erakusketaz gozatu ahal izango dute. Horrez gain, Marta Pérez Elosuaren zuri beltzezko argazki bilduma ere ikusi ahal izango dute, eta urrian Bilboargazkiaren programazioa gehituko zaie.

Urteko azken hilabete hauetako programa iraileko lehenengo hamabostaldi honetan hasiko da, lau pintura erakusketarekin, eta argazki erakusketa batekin, irailaren 1etik 14ra, Begoñako, Otxarkoagako, Castañoseko, Errekaldeko eta San Inazio – Ibarrekolandako udaltegietan.

Horrela, Begoñako Udaltegiak Javier de la Iglesia artistaren “Al compás de la imaginación” erakusketa jasoko du. Erakusketa horretan, geometrian oinarrituta oihalean irudi arkitektonikoz eta kontrastez betetako barne mundua irudikatzen duten margolanen bilduma jasoko da. Perspektiba erabiltzen moduaren ondorioz, ikusleek ikuspuntu desberdinarekin ikusi beharko dute artelan bakoitza eta, ondorioz, lasaitasunez bisitatua izatea merezi duen elementu bizi bilakatzen da erakusketa. Iraileko bigarren hamabostaldian, erakusketa Errekaldera aldatuko da.

Otxarkoagako Udaltegiak, bere aldetik, Marta Betolaza margolari eta marrazkilariaren erakusketa bat jasoko du hileko lehen hamabostaldi honetan. Arkatza, ikatza eta beste teknika batzuk erabiliz, bere ametsen mundua errealitate bilakatzen du paperaren gainean. Bihartik aurrera, baita ere, Felisa Urracaren lana bisitatu ahal izango da Castañoseko Udaltegian. “Simbiosis” izeneko bilduman, naturari buruzko alderik fisikoena eta irudimen gehien duena adierazten du, bere paisaietan kolore biziak, fantastikoak eta idilikoak sartuz.

Hamabostaldi honetarako programatutako azkenengo pintura erakustaldiak, Errekaldeko Udaltegian ikusi ahal izango denak, Joseba Kortazar diziplina anitzeko artistak 2016 eta 2017 urteetan egindako margolan aukeraketa jasotzen du. Kortazarren lana etengabeko bilaketa, etengabeko ikerket da, pintura marra sendoen bitartez, nahi duen forma lortu arte bata bestearen gainean jartzen duen eta informazioz beteta dagoen geruzaz geruza.

Bost pintura erakusketa horiez gain, San Inazio – Ibarrekolandako udaltegiak Marta Pérez Elosuaren “Percepciones” argazki erakusketa jasoko du bihartik aurrera. Zuri beltzezko 20 argazkiz osatutako bilduma horretan, begiratzen duenaren pertzepzioaren arabera zenbait objektu eta egoera zelan aldatzen diren irudikatu nahi izan du. Horrek, denok ez dugula gauza bera ikusten eta dena ez dugula ikusten esan nahi du. Expodistritoren programaziotik kanpo dagoen arren, ohikoa denez, urrian udaltegiek Bilboargazkiko erakusketak ere jasoko dituzte. Erakusketa horietan nazio eta nazioarte mailako erreferentziazko argazkilarien lana ezagutzeko aukera ematen da.

ARTE GEHIAGO
Iraileko bigarren hamabostaldian beste bi pintura erakusketa inauguratuko dira, eszena kostunbristak erakusten dituzten Jesús Díaz Vielvaren akuarela erakusketa eta Jon Mao Luengoren “Actitud – Latitud” izeneko bilduma, hain zuzen ere. Azken erakusketa horrek, gizakiari era pluralean, taldekakoan eta, aldi berean banakakoan eta pertsonalean, begiratzeko proposamena egiten dio ikusleari. Margolanek norbanakoa erakusten dute, talde osoari eragiten dioten egoera jakin batzuen aurrean dituen beldurrak, desioak, itxaropenak…

Expodistritoko programazioaren barruan dauden erakusketa horiez gain, datorren astelehenean, irailaren 4an, “Refugiados, la visión artística de la crisis siria” erakusketa inauguratuko da Abando – Barrainkuako Udaltegian, Nazioarteko II. AskatasunArte Sariketa Artistikotik sortu den eta lengoaia artistikoa erabiliz Siriatik ihes egiten duten errefuxiatuen arazoa irudikatzen duen erakusketa, kontzientzia hartzeko, gogoetarako eta elkartasunerako gonbidapena izan nahi duena. Erakusketa, estilo anitzetako hogei margolan, eskultura, marrazki, bideoarte inguruk eta argazki batzuk osatzen dute, nazio eta nazioarte mailako artistek egindakoak. Dakiten modurik hoberenean irudikatzen dute Europa astintzen ari den krisialdi humanitarioaren aurreko sentimendu soziala.

“Expodistrito” programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen www.kulturabarrutik.eus webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

ERANSKINA / IRAILEKO AGENDA

Izenburua: Marta Pérez Elosua “Percepciones” (Argazkiak)
Lekua: San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegia
Egunak: irailaren 1etik 14ra
Lekua: Castañoseko Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Felisa Urraca “Simbiosis” (Pintura)
Lekua: Castañoseko Udaltegia
Egunak: irailaren 1etik 14ra
Lekua: Otxarkoagako Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Marta Betolaza (Pintura)
Lekua: Otxarkoagako Udaltegia
Egunak: irailaren 1etik 14ra
Lekua: Burtsako Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Javier de la Iglesia “Al compás de la imaginación” (Pintura)
Lekua: Begoñako Udaltegia
Egunak: irailaren 1etik 14ra
Lekua: Errekaldeko Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Joseba Kortazar (Pintura)
Lekua: Errekaldeko Udaltegia
Egunak: irailaren 1etik 14ra
Lekua: Begoñako Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Jesús Díaz Vielva (Pintura)
Lekua: San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Izenburua: Jon Mao Luengo (Pintura)
Lekua: San Frantziskoko Udaltegia
Egunak: irailaren 18tik 28ra

Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.eus