BILBOKO UDALTEGIEK PINTURA ETA ARGAZKI SEI ERAKUSKETA BERRI JASOKO DITUZTE DATORREN ASTEARTETIK AURRERA, KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAREN “EXPODISTRITO” PROGRAMAREN BARRUAN

Pintura izango da bost erakusketen protagonista, Ana Sánchez Trujilloren, Bego Blanco ‘Klamades’-en, Euskal Akuarelagileen Elkartearen eta Pintura eta Arte Digital Nazio Lehiaketan saritutako lanen eta Nistal Mayorgak Iñaki Azkunari eskaini dizkion olio-margoen bildumaren bitartez.

Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Burtsako (Zazpi Kaleak), Begoñako, San Frantziskoko, Errekaldeko, Otxarkoagako eta Castañoseko udaltegiek txandaka jasoko dituzte erakusketak, datorren EKAINAREN 30era arte.

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekorako programa inauguratuko du datorren ASTEARTEAN, apirilaren 7an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurbiltzen diren herritarrek, pintura barruko hainbat teknikari buruzko bost erakusketa ibiltari berriez eta argazkigintzari buruzko batez gozatu ahal izango dute.

Apirilean lau erakusketa inauguratuko dira: Burtsako Udaltegiak, CASARTEren, Pintura eta Arte Digital Nazio Lehiaketaren, azken edizioan saritutako eta aukeratutako lanak biltzen dituen erakusketa jasoko du. Ehun lan baino gehiago aurkeztu dira ekimen horretara. Hitzorduaren helburua artearen eta teknologiaren arteko gogoeta artistikoa sustatzea da. Erakusketa apirilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, eta ondoren Otxarkoagara joango da.

Abando – Barrainkuako Udaltegiari dagokionez, Nistal Mayorgaren pintura erakusketa jasoko du. Erakusketa horrek, Azkuna alkateari eskainitako olio-margoen bilduma jasoko du, hil zenetik urtebete bete den honetan. Erakusketa, ezaugarri nagusi gisa kromatismoa eta pintzelkaden poza dituen artistaren beste zenbait lanek osatuko dute. Pinturari buruzkoa da, baita ere, asteartean Castañoseko Udaltegian zabalduko den eta “A fuego y hierro” izena daraman Bego Blanco “Klamades”-en erakusketa.

Apirilean udaltegietara helduko den azken erakusketa Alazne Urbizu argazkilariarena da. Ekimen honetarako, pertsonen bizitzako une bereziak jasotzen dituzten zuri-beltzeko hainbat argazki bildu ditu, bizi izan zituztenek gogoratu gura dituzten uneak. Erakusketa Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehen.

Maiatzean jada beste pintura erakusketa bat inauguratuko da, Ana Sánchez Trujilloren eskutik. Erakusketa horretan, hainbat teknika erabiliz egindako grabatuak jasotzen dira. Kolore bakoitzak, zenbait plantxaz egindako lan prozesu handia darama. Ikusleek, maiatzaren 4tik aurrera izango dute artistaren lana ezagutzeko aukera Abando – Barrainkuako Udaltegian.

Bigarren hiruhileko honetarako Expodistritoko egutegiak, Euskal Akuarelagileen Elkarteak egindako talde erakusketa jasoko du ekainean. Artista horiek, erakundea sortu zenetik 70. urteurrena betetzen den urte honetan euren tailerretan egindako lanak erakutsiko dituzte. Estilo eta gai anitzeko margolanak dira, irabazi asmorik gabeko elkarte horretako zenbait kidek egindakoak. Elkartearen helburu nagusietakoa, akuarelaren teknikan margolari berriak prestatzea da.

“Expodistrito” programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazio jasotzen duen www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

ERANSKINA / APIRILEKO AGENDA

Izenburua: Alazne Urbizu (Argazki artistikoa)
Lekua: Begoñako Udaltegia (Circo Amateur, Club Deportivo, 2)
Egunak: Apirilaren 7tik 29ra

Izenburua: Bego Blanco “Klamades” – “A fuego y hierro” (Pintura)
Lekua: Castañoseko Udaltegia (Castaños, 11)
Egunak: Apirilaren 7tik 29ra

Izenburua: Nistal Mayorga (Pintura)
Lekua: Abando-Barrainkuako Udaltegia (Barrainkua, 5)
Egunak: Apirilaren 7tik 29ra

Izenburua: CASARTE (Pintura eta arte digitala)
Lekua: “Burtsako” Udaltegia (Pilota, 10)
Egunak: Apirilaren 7tik 29ra