AITOR SARRIEGI, OIHANA BARTRA ETA MIREN ARTETXE BERTSOLARIEK, GLOSADOREEKIN EGINGO DEN KULTUR TRUKAKETA TOPAKETAN HARTUKO DUTE PARTE LARUNBAT HONETAN

Bisita, Bartzelonako hiriarekin dagoen Lankidetza Hitzarmenaren barruan sartzen da, eta ekimen horren bitartez, joan den urrian glosadoreek egin zuten bisita itzuliko da.

Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bartzelonako hiriarekin sinatutako elkarlanerako hitzarmenaren ondoriozko “Bilbao – Barcelona kulturak elkartuta” programaren barruan, lau kontzertu programatu zituen, leku bietako musika tradizioei balioa emateko. Ekimena Bilborock Aretoan itxi zen, leku guztiak agortuta, bertsolarien eta glosadoreen arteko topaketarekin. Topaketa horren bigarren partea ASTEBURU HONETAN izango da Bartzelonan.

Oraingo honetan, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Miren Artetxe bertsolariak Bartzelonaraino joango dira, protagonista glosa eta bertsoa izango dituen kultur ekitaldi batean parte hartzeko. Hitzordua ABENDUAREN 13an izango da, Gracia auzokoLa Violeta Herri Kultura Zentroan.

Jarduerak egun osoan luzatuko dira, aurkezpenekin eta Karlos Aizpuruak eta Ander Elortegik diziplina horri buruz emango dituzten prestakuntza saioekin, baina ikus-entzuleek arratsalderako programatutako ekitaldiekin gozatuko dute batez ere. Jaume Fargasek eta Roser Texidók egindako “Glosadors” dokumentala eskainiko da. Lan horrek, nerabe talde batek glosa ikasteko bizi duen prozesua hurbildu nahi du.

Kultur trukaketa jardunaldiaren puntu nagusia arratsaldeko 20:00etan izango da, bat-batekotasun saioarekin. Aurkezlea Ainhoa Aranburu izango da, eta bertan bertsolariek eta glosadoreek (Carles Belda, Mireia Mena eta Ferriol Macip) hartuko dute parte, Pau Vinyolesen eta Marcel Marimonen musikak lagunduta.