LIBURUAREN EGUNAREN OSPAKIZUNAREN BARRUAN, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “¿LA POESÍA ESTÁ MUERTA? HILDA DAGO POESIA?” LANAREN, EUSKARAZ ETA GAZTELANIAZ IDATZITAKO JOSEBA SARRIONANDIAREN LEHENENGO ANTOLOGIAREN, AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTELEHENEAN

Topaketa 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan –sarrera librea–, eta Jose Angel Irigarayk (Pamiela argitaletxea) aurkeztuko du

Horrez gain, poema batzuk errezitatuko dituzten Beñat Arginzonizek eta José Fernández de la Sotak, José Julián Bakedanok eta Ines Osinaga (Gose) abeslariak hartuko dute parte.

Liburuaren Egunaren ospakizunen barruan, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak “¿La poesía está muerta? Hilda dago poesía?” (Pamiela argitaletxea) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren astelehenean, APIRILAREN 24an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Joseba Sarrionandia idazlearen lehenengo antologia elebiduna (euskara/gaztelania) da. Ekitaldia José Ángel Irigarayk aurkeztuko du, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“¿La poesía está muerta? Hilda dago poesia?”, egileak aukeratu, berrantolatu eta itzuli dituen poemen antologia da, eta egileak berak idatzitako hitzaurrea darama. Egungo euskal literaturaren erreferente diren egileetako baten poesiaren lehenengo itzulpena da, lehenengoa eta luzaro itxarondakoa. 1980. eta 1995. urteen artean idatzitako 114 poema dira, eta horietan, beste gai batzuen artean, erbestea, deserrotzea, heriotza, torturak eta kartzela aipatzen ditu. Bost urtez egon zen preso, 1985ean Donostian dagoen Martuteneko kartzelatik ihes egin arte, Iñaki Pikabea ETAkidearekin batera.

“Hijos de la madrugada” lehen ataleko poemak Izuen gordelekuetan barrena (BAK, Bilbo, 1981; 2014an Pamielak berriro argitaratua) eta Marinel zaharrak (Elkar, Donostia, 1987) lanetatik daude jasota. “Gartzelako poemak” atalekoak izen bereko Gartzelako poemak (Susa, Zarautz, 1992; 2011n berriro argitaratua) liburutik aukeratu dira. “Hnuy illa nyha majah yahoo”, “El mundo es ancho y ajeno”, “Nuestros antepasados y los hijos de los hijos de los hijos…”, “Nudos marineros”, “Mercado negro”, “Monógamos imperfectos”, “Celdas que no quedaron vacías” eta “Muertos” atalak Hnuy illa nyha majah yahoo (Elkar, Donostia, 1995; 2014an berriro argitaratua) liburutik jaso dira. Azken sekzioan, “Hilos y canciones” izenekoan, aldizkarietan eta diskoetan sakabanatuta argitaratu diren hainbat poema eta letra jasotzen dira.

Ekitaldia Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarayk aurkeztuko du, eta Sarrionandiaren zenbait poema irakurriko dituzten Beñat Arginzonizek eta Jose Fernández de la Sotak ere hartuko dute parte. Ines Osinagaren (Gose) zuzeneko musika izango duen ekitaldian Eñaut Elorrietaren, Mikel Laboaren eta Ruper Ordorikaren bideoak eskainiko dira, eta Jose Julian Bakedanok egilearen bizitzari buruzko aipamena egingo du.

LIBURUAREN EGUNA
Liburuaren Nazioarteko Eguna igande honetan, apirilaren 23an, ospatuko da, eta ohikoa denez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak etxola bat izango du azoka barruan, Areatzako pasealekuan, eta bertan eskuratu ahal izango dira sailak argitaratutako lan guztiak. Erosketa bakoitzarekin batera, dagoeneko tradizionala den krabelina oparituko da.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.