MAIATZAREN 4TIK 11RA EGINGO DEN FANT-BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN XXIV. EDIZIOAK PAUL URKIJO ZINEGILE GASTEIZTARRARI EMANGO DIO GENEROAN NABARMENTZEN ARI DEN FIGURA AINTZATESTEN DUEN FANTROBIA SARIA

Errementari (2018) bere lehenengo film luzea martxoaren 2an helduko da Estatu osoko zine-aretoetara, nazioarteko banaketaz arduratuko den Filmax-en eskutik.

FANTek hurrengo ediziorako irudia aurkeztu du, protagonista, hiriko txoko guztietara heltzen den mamu, izaki, zinezalea duena.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak-FANTek, fantasiazko generoan nabarmentzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria emango dio Paul Urkijo zinegile gasteiztarrari. Errementari (2018) opera prima –Alex de la Iglesiak ekoiztutakoa, beste batzuen artean– datorren martxoaren 2an helduko da Estatu osoko zine-aretoetara, Filmax-en eskutik.

Arte Ederretan lizentziatuta dagoen Paul Urkijo (Vitoria – Gasteiz, 1984) oso gaztetan hasi zen film laburrak errodatzen, eta El pez plomo lanarekin hasi zen nabarmentzen. Lan horretan hauteman daiteke jadanik fantasiazko zinearen eta elementu folklorikoen aurreko zaletasuna. Ondoren egin zituen film laburrak, Jugando con la muerte (2010), Monsters Do Not Exist (2012), El Bosque Negro (2015) eta Naara (2016) sarritan izan dira aukeratuak eta sariak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan.

Lau film labur egin ondoren, Errementari (2018) bere lehenengo film luzean bere obsesio partikularretan sakontzen jarraitzen du, gure folkloreko ipuin klasiko bat, Jose Migel Barandiaranen “Patxi Errementaria” moldatuz. Lan horretan, Arabako herrixka bateko oso errementari gaiztoa agertzen da, Deabruak berak ere beldur dion errementaria, alegia. Sitgeseko Zimenaldian ikusi ahal izan zen filmak ikus-entzuleen saria lortu zuen Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean, eta mundu osoko hamar zinemalditan aurkeztu da.

Horrez gain, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek hurrengo ediziorako bere irudia aurkeztu du. Protagonista, hiriko txokoetatik atzera eta aurrera dabilen eta guztietara heltzen den mamu, izaki, zinezalea da. Bere ohiko izara zuria jantzita, Bilbon ezinbestekoa den beste elementu bat ere badarama: aterkia.

FANTek omentzen duen zine fantastikoan mota guztietako mamuak ikusi ahal izan ditugu: beldurgarri eta gaiztoetatik arima oneko eta eskuzabaletara, eta baita barregarriak eta maitekorrak ere. Komediak, Los Cazafantasmas edo Casper, adibidez, suspenseko filmak, El sexto sentido, melodramak, Ghost edo A Ghost Story edo beldurrezko zintak, Poltergeist edo The Ring, besteak beste, zine unibertsoaren parte dira, beste mundutik datozen izaki ukiezin horiei esker.

SARI BERRIAK
Lehiaketaren atalean, Sekzio Ofizialeko kategoriaren batean parte hartu nahi duten filmak aurkezteko epea martxoaren 15a arte egongo da zabalik oraindik. Zinemaldiak aurrera jarraituko du epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin.

Horrez gain, aurtengo edizioan 1.500 euroko saria gehituko da, Panorama Fantastiko Laburreko Film Labur Hoberenarentzat. Bilboko Udalak, film labur formatua bultzatzeko aurrera daraman jarduketa ildoa indartzen duten lau sari dira, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasun ikurretako bat.

Berrikuntza gisa, FANTen hurrengo edizioak ekarpen ekonomikoa gehituko die film luzearen alorreko sariei. Horrela, Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Hoberenak, 2.250 euro. Izan ere, Panorama Fantastiko Saileko sarietara bideratzen diren ia 4.000 euroekin, berretsi egiten da zinemaldiak eta Bilboko Udalak zinegile gazteen lanaren alde egiten duten apustua. Sariak ezin izango dira hutsik geratu, eta ez dira ex aequo emango.

PRENTSA BULEGOA
IRMA CERRO
T: 94 435 63 30 M: 628 538 215
Mail: [email protected]