“BERTATIK BERTARA” ASTEAREN BARRUAN TOPAKETA BAT PROPOSATU DA PROZESU POLITIKOEN ETA SOZIALEN BARRUAN KULTURAK DUEN ZEREGINAZ HAUSNARTZEKO

Kantabriako Alberto Santamaría poeta eta irakaslea izango da apirilaren 24an eta 25ean Santanderren egingo den topaketa honetako koordinatzailea.

Aurten, “Bilbao – Santander, Bertatik Bertara” kultur astean ardatz izango dira profesionalen eta sorkuntzako laborategien arteko topaketak; hiri bietako artistek parte hartuko dute.

Horietako bat, “Politika bisualak, idazketa politikoak” izango da; koordinazio-lanetan Alberto Santamaría Salamancako Unibertsitateko diskurtso artistikoaren eta literarioaren eta arte garaikidearen irakaslea eta poeta arituko da.

Gaur egungo prozesu politikoen eta sozialen barruan kulturak duen zereginaz hausnartzea da apirilaren 24an eta 25ean Juan Carlos Calderón auzo-etxean (Río de la Pila, Santander) egingo den topaketaren helburua.

Estatuan, aspalditik kultura arian-arian banatzen joan da era honetako gaiez, kultura eta politika bata bestearengandik urrun biziko balira bezala. Hala ere, azken urteotan, bizi dugun krisi ekonomikoaren barruan, eta teknologia berriekin eta sare sozialekin harreman zuzena duela, prozesu kulturalak aldaketa politiko eta sozialen prozesuekin lotuta aztertzeko beharra bueltatu da.

Zein da artistaren/idazlearen egoera gizartean dauden arazoen erdian? Zeintzuk dira arazo horiek eta zelan egin aurre horiei kultur ikuspegitik? Zer-nolako ekarpena egin dezakete teknologia berriek testuinguru horretan? Presio ekonomikoen aurrean, badu kulturak tresna politikoa izateko aukerarik?

Laburbiltzeko, zein da kulturaren, arte bisualen eta literaturaren zeregin eraldatzailea gaur egungo egoeran? Horiek horrela, gaur egun aurrean ditugun arazoez hausnartzea eta berriro pentsatzea da topaketa hauen helburua, betiere Santanderren eta Bilbon diharduten taldeen, artisten, idazleen, teorikoen eta abarren ikuspegitik.

Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, zenbait hitzaldi eta lan-mahai antolatu dira topaketon barruan kulturaren arloko profesionalekin eta artistekin. Parte-hartzaileen artean, César Rendueles aipatuko genuke; Madrilgo Unibertsitate Complutenseko soziologiako irakaslea eta entsegugilea dugu, baita “Sociofobia. El cambio político en la era de la utopía digital” lanaren egilea ere. Renduellesek zabalduko du jardunaldia, apirilaren 24ko (barikua) arratsaldean, ‘”Debord y el FMI. La izquierda cultural como vanguardia del neoliberalismo” hitzaldiarekin.

Ondoren, Consonni arte garaikideko euskal ekoiztetxeak egindako erakusketak eta argitalpenak ezagutaraziko dira. Hurrengo egunean, hilak 25 (zapatua), hiri bietako artistak eta elkarteak zenbait lan-mahaitan bilduko dira, eta Marta Sanz idazle madrildarrak, besteak beste ‘Black, Black, Black, No tan incendiario’ eleberriaren eta entseguaren egileak, “Nombrar el cuerpo, conquistar el territorio” izango du hizpide.

Topaketa hauetan parte hartu ahal izateko, mezu elektronikoa bidali behar duzu zure datuekin (izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa) [email protected] helbidera. Bertaratze-agiria egingo zaie eskatzen dutenei. Izen-ematea doakoa da.

Hau da programa osoa.

POLITIKA BISUALAK / IDAZKETA POLITIKOAK
Kultura-Gizartea-Politika-Santander-Bilbao
Koordinatzailea: Alberto Santamaría
2015eko apirilaren 24an eta 25ean. Juan Carlos Calderón auzo-etxea (Río de la Pila, Santander)

Apirilaren 24a (BARIKUA)

16:00h – 17:25h:
Hitzaldia: “Debord y el FMI. La izquierda cultural como vanguardia del neoliberalismo”. César Rendueles Madrilgo Unibertsitate Complutenseko soziologiako irakaslea eta entsegugilea. “Sociofobia. El cambio político en la era de la utopía digital” lanaren egilea.

17:45h – 18:30h:
Bilboko Consonni arte garaikideko ekoiztetxeak egindako erakusketak eta argitalpenak ezagutaraztea

19:00h – 20:30h:
Lan-mahaia. Consonni. Ibon Zubiela, Pablo Sánchez.

Apirilaren 25a (ZAPATUA)

10:30h – 11:15h:
Aurkezpena. Acai elkartea.

11:30h – 13:00h:
Lan-mahaia. Peio Aguirre, Paco Gómez Nadal, Raúl Hevia .

17,00h – 17, 45h:
La Vorágine-ren proiektua eta lana erakustea. Kultura kritikoa.

18:00h – 19:15h:
Hitzaldia: “Nombrar el cuerpo, conquistar el territorio”. Marta Sanz idazlea. ‘Black, Black, Black’ eleberriaren egilea eta “No tan incendiario” entseguarena.

19:30h – 20:45h:
Lan-mahaia. Vicente Gutiérrez Escudero, Laura Escallada (Acai), Estibaliz Sadaba.