BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAK UNAMUNOREN ETA ORTEGA Y GASSETEN ARTEKO DESADOSTASUNEI BURUZKO HITZALDIA JASOKO DU BIHAR, ORTEGAREN IKASKETA ZENTROKO JAVIER ZAMORAREKIN

Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta Patxi Lanceros Filosofia eta Antropologia Politiko doktoreak ere hartuko du parte. Ekitaldiak, idazle bilbotarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen duen programaren barruan sartzen da.

Urte honetan zehar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarduera egitarau zabala jarri du martxan 1864ko irailaren 29an Miguel de Unamuno Bilbon jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko. Kultur egitarauari jarraipena emanez, BIHAR, azaroaren 25ean (19:30etan), Bidebarrieta Kulturguneak, Miguel de Unamunok eta Ortega y Gassetek, euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituzten desadostasunetan sakonduko duen hitzaldia jasoko du.

Bi egileen arteko desadostasun formalak aztertzearen eta beti oso ona izan ez zen harreman hori jendearen aurrean azaltzearen arduradunak, Javier Zamora Bonilla Ortegaren Ikasketa Zentroko Zuzendaria eta Patxi Lanceros Ezagutzaren Teoria eta Filosofia eta Antropologia Politiko irakaslea izango dira. Izan ere, Unamunok desadostasun sakonak izan baitzituen bera baino hemeretzi urte gazteagoa zen Ortega y Gassetekin, eta bi genioen izaera indartsuaren eta ez isiltzearen ondorioz, lehia horren ondoriozko gertakariak eta anekdotak ugariak izan ziren.

Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa ABENDUAREN 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako “Enclaves de Unamuno” dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldia proposatzen digu, idazlearen azken urteak jaso zituzten Salamancako hiriko txokoetatik. Ondoren, José Antonio Ereñok, “Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin” izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibertsitateko Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobak, hartuko dute parte.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.