BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAK, ÁNGELA FIGUERA POETA BILBOTARRARI ETA ZENTSURA FRANKISTAREKIN IZAN ZUEN ERLAZIOARI BURUZKO HITZALDIA JASOKO DU OSTIRALEAN LUCÍA MONTEJO IRAKASLEAREKIN

Bilboko Udalak ekitaldi horrekin ospatuko du idazlearen jaiotzaren urteurrena, 1902ko urriaren 30ean. Hitzaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta sarrera librea izango da.

Bilboko Udalak Ángela Figuera poetaren jaiotzaren urteurrena ospatuko du ostiral honetan. Idazlea 1902ko urriaren 30ean jaio zen. Bidebarrieta Kulturguneak “Ángela Figuera y la censura franquista” izeneko hitzaldia jasoko du UNED-eko Literatura Espainiarra eta Literaturaren Teoria Saileko Irakasle Titularra den eta gerra osteko emakume idazleei buruzko hainbat argitalpen kaleratu dituen Lucía Montejo Gurruchagarekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da.

Gerraosteko poesiak izan zuen pertsonaia garrantzitsua izan zen arren, jende gehienak ez du asko ezagutzen Ángela Figuera. Hori dela eta, 2008an, Kultura eta Hezkuntza Sailak urteko egun bat instituzionalizatu zuen bere ohoretan, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazteko. Oraingo honetan, Lucía Montejok idazlearen lan zuzenetik kanpoko alderdi bat landuko du, oso ohikoa bere garaiko idazle askoren artean, zentsura frankista, hain zuzen ere.

Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zen, eta familiak ez zuen begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrera amaitu ondoren Huelvako institutu batean plaza lortu zuen, eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak. Beraren zein bere senarraren laguntza jaso zuten errepublikarrek gerra galdu ondoren, Figuera Soriara joan zen, eta bertan hasi zen bere literatur lanak argitaratzen 1948an. Beraz, bere sorkuntza lana zentsurak gogorren jotzen zuen diktadurako hamarkadetan egin zuen.

Bere lehenengo lana, “Mujer de barro”, poema liburu intimista da. Zentsurarekin hainbat arazo izan zituen, sentsualitate eta erotismo ukituak zituelako. Zentsoreak bere txostenean adierazi zuenez, hitzez hitz orrialde batzuetan “alarde inmoral de erotismo impúdico, más acusado por tratarse de versos de una mujer” zegoen. Hala ere, poeta bilbotarrak garai hartako poeta handien artean sartzea lortu zuen lan horrekin. Ondoren, gerra osteko garaiaren gogortasuna eta sufrimendua agerian uzten zuten gai sozialetan zentratu zen, baina horiek ere ez zuten zentsorearen arkatza ahaztu ahal izan.

Lucía Montejo Gurruchaga da, hain zuzen ere, “La relación de Ángela Figuera con la censura española: Los expedientes de su obra poética” lanaren egilea. Espediente horietan, idazle bilbotarraren poemek zentsuraren iragazkiak gainditzeko izan zituzten zailtasunak aztertzen ditu. Talde liburu baten parte den dokumentuak zentsoreen espedienteak aztertzen ditu eta beste dokumentu baliotsu batzuk ere aipatzen ditu, Blas de Oterori idatzitako gutunak, besteak beste. Gutun horietan zentsurarekin zituen gorabeheren berri ere ematen zion.

Halaber, ostiraleko hitzaldiak Figueraren lana zentsoreen begietatik ikusita aztertu nahi du, eta idazle bilbotarrak, bere liburuak, berak esaten zuen bezala “poda” larregirik gabe argitaratuak izateko bizi izan zituen bitxikeriak, anekdotak eta zailtasunak gogoratu.

AGENDA

URRIAK 30. 19:30
Bidebarrietako liburutegia
“Ángela Figuera y la censura”
Lucía Montejo Gurruchaga
UNED-eko Literatura Espainiarra eta Literaturaren Teoria Saileko Irakasle Titularra. Filologia Erromanikoan Doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.