BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAK “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAREN BESTE HITZORDU BAT JASOKO DU, LUIS SEPÚLVEDAREKIN ETA ISAAC ROSAREKIN, LITERATURARI ETA KONPROMISO IDEOLOGIKOARI BURUZ HITZ EGITEKO

Hitzordua José Blanco kazetariak aurkeztuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, urriaren 23an, literaturaren eta konpromiso ideologikoaren inguruko topaketan. Ohikoa denez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Topaketa Jose Blanco poetak moderatuko du, eta gonbidatuei hainbat gai planteatuko dizkie, egileak irakurleekin duen konpromiso pertsonala, literaturaren eta ideologiaren artean ustez dagoen bateraezintasuna, sortzeko askatasuna, bere lanari aurre egiteko orduan idazleak dituen lehentasunak, testuaren bitartez erreibindikatzeko beharra edo literaturak gauzak aldatzeko, bidegabekerien kontra borrokatzeko, duen benetako gaitasuna, besteak beste.

Luis Sepúlveda (Ovalle, Txile 1949) mundu osoan gehien irakurtzen den Latinoamerikako idazleetako bat da. Oso gaztetatik geografiaren eta utopien ia lurralde posible guztiak ezagutu ditu, eta gorabeheraz betetako bizitza horren berri ematen jakin du, istorioen kontatzaile bikaina izaki, kontakizun eta eleberri zirraragarrietan. Bere ideario politikoaren eta sozialaren barruan, planetaren desorekak eta gizateriaren etorkizunak sortzen dion ardura azpimarratu behar da. Bere lan zabalean, Historia de una gaviota y del gato que le enseñó a volar eta Un viejo que leía novelas de amor ‘best-sellerrak’ azpimarra daitezke. Egilearen ibilbideko beste lan azpimarragarri batzuk hauek dira: Mundo del fin del mundo, Nombre de torero, Patagonia Express, Desencuentros, Diario de un killer sentimental, seguido de Yacaré, La lámpara de Aladino, Historia de un perro llamado Leal eta El fin de la Historia. Azken hori, nazioarteko thrilerra eta Txileko diktadurarako lan egin zuten borreroei buruzko azterlan historikoa da.

Isaac Rosak (Sevilla, 1974) hainbat eleberri idatzi ditu, horien artean ¡Otra maldita novela sobre la guerra civil! (2007); 2005ean Rómulo Gallegos Saria, Ojo Crítico Saria eta Kritikaren Andalucía Saria irabazi zituen eta La vida en rojo izenburuarekin zinera eraman den El vano ayer (2004); editoreek urteko eleberri onenari ematen dioten J. M. Lara Fundazioaren Saria irabazi zuen El país del miedo (2008); La mano invisible (2011); La habitación oscura (2015) eta Feliz Final (2018) bere azken eleberria. Bere lana hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta sarritan aritzen da Zona Crítican, eldiario.es egunkari digitalaren blog-ean eta baita El Jueves aldizkarian ere.

2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2017. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.