BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 59. EDIZIOAK ALBERTO IGLESIAS KONPOSATZAILE DONOSTIARRARI EMANGO DIO GAUR ARRATSALDEAN OHOREZKO MIKELDIA

Entrega gaur izango da, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Gaur arratsaldeko ekitaldiak, lehiaketara aurkeztuko diren euskal film laburren emanaldia ere jasoko du, eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin, Bilboren historiako kapitulu bati buruzko irudiz egindako dokumentu ezezaguna aurkeztuko da.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak, Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari eskainiko zaion omenaldiarekin. Konposatzaileak Jaialdiko Ohorezko lehen Mikeldia jasoko du, mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala gaur egungo zine zuzendari handienetako batzuen esku jartzeko gai izan den musikariaren lan osoa aintzatetsiz. Entrega ekitaldia jaialdiaren inaugurazio ekitaldian izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Alberto Iglesias (Donostia, 1955), nazio eta nazioarte mailako egungo zinearen musika konposatzaile handienetakoa da. Piano, konposizio, kontrapuntu eta musika elektroniko ikasketak barne hartzen dituen musika prestakuntza bikaina duen Alberto Iglesiasek, Montxo Armendarizek 1980an zuzendutako “Paisaje” eta “Ikusmena” film laburrei musika jarriz eman zituen lehen pausoak filmei musika jartzeko artean. Handik denbora gutxira, bere lehenengo film luzerako musika egin zuen, “Mikelen heriotza” (Imanol Uribe, 1984) lanerako, garai hartan kritikak euskal zine berria deitu zuenaren film esanguratsuenerako, hain zuzen ere.

90eko hamarkadaren hasieratik aurrera, Alberto Iglesias, estatuko zineko zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin hasi zen lanean, nahiko modu jarraituan. Horien artean daude Ricardo Franco (“El sueño de Tánger”, 1991), Julio Medem (“Vacas”, 1992), Carlos Saura (“¡Dispara!”, 1993), Pedro Almodóvar (“La flor de mi secreto”, 1995), Bigas Luna (“La camarera del Titanic”, 1997), Iciar Bollain (“Te doy mis ojos”, 2003) eta Isabel Coixet (Spain in a Day, 2016). Dena den, Medementzat (5) eta Almodóvarrentzat (10) egindako partiturak dira Espainiako zinea mundu osoan ezaguna izateari egin dizkion ekarpen indartsuak, iraunkorrak eta oso pertsonalak markatzen dituztenak.

Nazioarte mailan aipatzekoak dira zenbait zinegilerentzat egindako konposizioak. Horien artean daude Oliver Stone (“Comandante”, 2003), Fernando Meirelles (“El jardinero fiel”, 2005), Marc Foster (“Cometas en el cielo”, 2007), Steven Soderbergh (“Che: Guerrilla·, 2008), Hossein Amini (“Las dos caras de enero”, 2014) edo Ridley Scott (“Exodus: Dioses y reyes”, 2014).

Zinerako egin duen musika ekoizpen emankorra 10 Goya sarik erakusten dute. Horien artean, 2010ean Pedro Almodóvarren “Los abrazos rotos” lanarengatik; 2011n Iciar Bollainen “También la lluvia” filmarengatik eta 2012an Almodóvarren La piel que habito” lanari esker jasotakoak azpimarra daitezke. Nazioarteari dagokionez, 2005ean Alberto Iglesias Oscar sarietarako hautagaitza lortu zuen lehenengo konposatzaile espainiarra izan zen, Jatorrizko Soinu Banda Hoberenaren kategorian, Fernando Meirellesen “El jardinero fiel” lanerako egin zuen partiturarengatik. Lan horri esker BAFTA sarietarako hautagai ere izan zen, eta World Soundtrack Awards izenekoetako Jatorrizko Soinu Banda Hoberenaren saria lortu zuen. 2008an, Marc Fosterren “Cometas en el cielo” lanerako egindako konposizioari esker, berriro ere Oscar sarietarako hautagai izan zen, Satellite Award 2007 saria lortu zuen, eta BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako hautagai izan zen. 2011n Hollywood Film Composer Award saria lortu zuen, Tomas Alfredsonen “El topo” filmerako –lan horri esker Oscar sarietarako hirugarren hautagaitza, BAFTA sarietarako beste hautagaitza bat eta Konposatzaile Europar Hoberenaren saria lortu zituen– eta Almodóvarren “La piel que habito” lanerako egin zituen konposizioak zirela eta.

Bere azken proiektuak Julio Medemen (“Ma ma”, 2015), Pedro Almodóvarren (“Julieta”, 2016) eta Santiago Mitreren eskutik joan dira. Azken zinegile horren “La Cordillera” (2017) lanaren soinu banda egin du. Filmaren protagonista Ricardo Darín da, eta datorren irailaren 29an estreinatuko da Estatu osoko zine aretoetan.

Alberto Iglesiasek balleteko musikarako lan batzuk ere egin ditu. Horien artean azpimarragarriak dira Nacho Duato koreografoarekin eta haren Dantza Konpainia Nazionalarekin izandako elkarlanak, “Cautiva”, “Tabulae”, “Cero sobre cero” eta “Self” piezak konposatuz eta ekoiztuz.

EUSKAL FILM LABURRAK
Jaialdiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldi horretan, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak ere eskainiko dira. hauek dira: Koldo Almandozen Plágan (dokumentala), Aitor Gametxoren Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia) (dokumentala), Iñigo Salaberriaren Lo-ibiltariak (dokumentala), Begoña Vicarioren Areka (animazioa), David Pérez Sañudoren Aprieta, pero raramente ahoga (fikzioa) eta Violeta Trincadoren Zacarías (fikzioa).

Beste alde batetik, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta jaialdiak gure zine ondarea berreskuratzen eta zabaltzen laguntzeko duen konpromisoarekin bat etorriz, ZINEBI 59k Puerto Bilbao aurkeztuko du inaugurazio ekitaldian. Bilboko historiako funtsezko kapitulu bati buruzko dokumentu interesgarria eta ia ezezaguna da.

1925ean egin zen, Portuko Obren Batzarraren aginduz. Zine mutuaren garaiko film labur horren jatorria, orduko Portu Agintaritzak garai hartan Euskal Herriko kostaldea astindu zuen denborale izugarria zeluloidean erregistratzeko izan zuen asmoan dago. Filmazioa Pedro González Blanco eta Joaquín Soler zinegileena dela uste da (hori ezin izan da egiaztatu), eta balio dokumental handiko Bilboko irudiak jasotzen ditu.