KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK, SURBISA UDAL SOZIETATEAREN LANKIDETZAREKIN, JATORRIZKO BILBORI ESKAINITAKO “OSTERAK BILBOKO AUZOETATIK” BILDUMAKO LAUGARREN ETA AZKEN LIBURUA ARGITARATU DU

Liburuki horrek oinez egiteko bost ibilbide ditu, planoekin eta argazkiekin irudikatuak, Bilboko lehenengo Alde Zaharra eta bere Erdi Aroko hiri-bazterrak, gaur egun Atxuri, Areatza, Bilbo Zaharra, Zabala edo Miribilla direnak, sakon ezagutzeko.

“Osterak Bilboko Auzoetatik” BILBAO IZANen barruan sartzen den ekimena da, eta 2005ean, gure Hiriko kultur ondarea hobeto ezagutu ahal izateko 22 auzotan hasi zen bisita gidatuen programatik sortu da.

Deustuko, Begoñako eta Abandoko elizateei buruz argitaratutakoei gehituko zaien Jatorrizko Bilboren gida datorren astean jarriko da salgai, eta Udal Liburutegi Sarean ere egongo da, maileguan etxera eramateko.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, oraingo honetan SURBISA udal sozietatearekin lankidetzan, “Osterak Bilboko Auzoetatik” bildumaren laugarren eta azken liburukia argitaratu du, Jatorrizko Bilbo gisa ezagutzen denari buruzkoa. Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan sartzen den ekimena, 2005etik gure Hiriko auzo guztietan egin diren bisitetatik sortu zen. Izan ere, ekimenak piztu zuen interes handia dela eta, jarduerari beste bi urtez eutsi zitzaion, eta haren ondoren izaera espezifikoagoa zuten beste batzuk etorri ziren, gure Hiriko txoko guztietara heldu ahal izateko.

Bilduma Deustu eta Begoñako elizateei eta Abandoko errepublika zaharrari eskainitako liburukiekin hasi zen, eta orain Jatorrizko Bilborekin jarraitzen du. Aurrekoekin gertatu den bezala, liburu honek ez du arkitektura gidaliburua izan nahi, ezta turismoaren sustapenerako ohiko ibilbidea ere, inguru horretara egin ziren bisitetan erabilitako edukietan oinarrituz prestatutako lana da. Planoak eta koloretako argazkiak dituen argitalpenaren helburua, hiritarrak Bilbo beste begi batzuekin bisitatzera gonbidatzea eta Bilboko auzoen eta horien ondare aberastasunaren ezagutza sakona sustatzea da. Kasu honetan, Hiriaren jatorrietara eramango gaitu.

Iñaki Peredaren testuak eta Juanma Aparicioren argazkiak dituen liburuki argitaratu berriak, oinez egiteko bost ostera edo ibilbide jasotzen ditu, Zazpi kaleetatik, Alde Zaharreko zabalgunetik, Atxuritik eta Olleriasetik, Bilbo Zaharretik eta Auzo Garaietatik eta Itsasadarraren beste ibaiertzetik eta Zabalatik ibilbide autonomoa egiteko aukera ematen duten plano errazekin.

Ibilbide bakoitzean behaketarako gonbidapena egiten da, gune bakoitzeko ezaugarriak jasotzen dituzten eraikin eta espazio publiko eta pribatuen berezitasunak eta zehaztasunak adierazten baitira, bere garaian zer izan ziren edo gaur zer diren azalduz. Horrez gain, gidaliburuak, auzo bakoitzaren fisonomia hobeto ezagutzeko ezinbestekoa den azken urteetako historiari buruzko aipamen laburrak ere jasotzen ditu.

Osterek 150 puntu interesgarri baino gehiago jasotzen dituzte. Horien artean atzoko eta gaurko higiezinak azpimarratu behar dira. Ezinbestekoa da geldialdia egitea antzinako harresietan, San Anton eta Enkarnazio elizetan edo Erriberako merkatuan, Zazpi Kaleetan enblematikoak diren saltoki batzuetan edo Yohn Jauregia, Euskal Museoa, Casa Cuna zaharra izenekoa edo dagoeneko desagertuta dagoen Ospitale Zibila bezalako higiezin berezietan. Gune garaietara egiten den osteraren barruan ezinbestekoa da meatzaritzarekin lotutako Bilboren iragana aipatzea.

ERDI AROKO HIRIBILDUA
Bildumaren azken liburuki horrek Bilboko lehenengo okupazio guneak ezagutzeko aukera emango die bilbotarrei eta bisitariei, 1300. urtean sortutako erdi aroko hirigunetik hasita. Batez ere arrantzan eta burdin minerala metal bilakatzeko lanean aritzen zen herrixka txiki batean oinarritu zen, baina Itsasadarrean zuen nagusitasunaren ondorioz merkataritza izaera markatua lortu zuen.

Denbora asko igaro orduko, hiriaren hazkundeak mugak gainditu eta bertara sartzeko bideen ingurura hedatu zen. Horrela, alde batetik, denborarekin jende askoko auzo bilakatuko ziren Erdi Aroko hiri-bazterrak sortu ziren, Atxuri, Ollerias edo Bilbo Zaharra. Beste alde batetik, lehenengo zabalgunea agertuko da, Posta, Bidebarrieta eta Santa Maria kaleen inguruan. Argitalpen honetan San Frantzisko eta Zabala auzoak ere jasotzen dira. Abandoko elizate zaharreko parte izan eta itsasadarraren beste aldean egon arren, hemen jasotzen dira, Zazpi Kaleetako Bilborekin izan duten harreman historiko estua dela eta.

Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu den Jatorrizko Bilbori buruzko gidaliburuak 150 orrialde ditu, eta liburu dendetan erosi ahal izango da datorren astetik aurrera, 10 euroren truke. Horrez gain, Udal Liburutegi Sarean ere ikusi edo etxera eraman daiteke. Bertan aurreko liburukiak ere kontsultatu ahal izango dira, dagoeneko liburutegietan agortuta dagoen Deusturi buruzkoa eta Begoñakoa eta Abandokoa, hain zuzen ere.