KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK, JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGAK 12 URTEREKIN ESKUZ IDATZI ZUEN “SINFONÍA PARA PEQUEÑA ORQUESTA EN FA MAYOR” LANAREN EDIZIO FAKSIMILA ARGITARATU DU

BIHAR, asteartean, betetzen den musikari bilbotarraren jaiotzaren 209. urteurrenarekin bat etorriz, Bilboko Udalak, Joaquín Pérez de Arriaga ikerlariaren laguntzarekin, orain arte argitaratu bako lan hori argitaratu du. Lanaren jatorrizko esku-izkribua British Library izenekoan dago.

500 alez osatutako argitalpena dohainik banatuko da EAE-ko, espainiar estatuko eta atzerriko hainbat liburutegitan, erakunde publikotan eta musika erakundetan, Juan Crisóstomo de Arriagaren lana ezagutzen laguntzeko, 2006tik argitaratu diren gainerako faksimilekin egin den bezala.

Bidebarrietako Liburutegian Arriagaren lanetatik kontserbatzen den fondoaren parte handia digitalizatu egin da, eta Bilboko Udal Liburutegi Sarearen repositorio digitalean www.bilbao.net/bld kontsultatu daiteke. Liburutegian bertan, ikerlariek, aurretik hitzordua eskatuta, digitalizatuta ez dagoen fondo historikoa ere kontsultatu ahal izango dute.

1806ko urtarrilaren 27an Juan Crisóstomo de Arriaga gure hirian jaio zenetik 209. urteurrena betetzen den honetan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eskuz idatzitako “Sinfonía para pequeña orquesta en fa mayor” lanaren edizio faksimila argitaratu du. Lan horren jatorrizko esku-izkribua British Library izenekoan dago. Argitalpenak, lanari sarrera ematen dioten eta lana bera azaltzen duten testuak ditu, familiaren ondorengo zuzena izateaz gain musikariaren legatuan espezialista handienetakoa ere baden Joaquín Pérez de Arriaga ikerlariak idatzitakoak.

Proiektu hau, bere jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunekin bat etorriz 2006an hasi zen Arriagaren lan ezagunen faksimilak –15 liburuki– argitaratzeko lanaren jarraipena da. Oraingo honetan, eskuz idatzitako baina sinatu gabeko lana da, seguruenez Emiliano de Arriagak eskatutakoa. Ingalaterran kontserbatzen da, José de Arriaga e Ygartua haren semeak 1921ean British Museumari laga baitzion. Bertako fondoak British Libraryra eraman ziren ondoren.

Orain arte egin den bezala, argitalpen faksimil honen 500 ale inprimatuko dira, baina ez dira salgai jarriko, dohainik banatuko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko, estatu espainiarreko eta atzerriko hainbat liburutegitan, erakunde publikotan eta musika erakundetan, oso gazte zela, 20 urte bete barik, hil zen musikari bilbotarraren lana ezagutzen eta hedatzen laguntzeko.

Joaquín Pérez de Arriaga ikerlariaren hitzaurrean adierazten denez, lana Bilbon estreinatu zen, Sociedad Filarmónican –bertako lehenengo Presidentea Emiliano de Arriaga izan zen– 1924ko urtarrilaren 23an. Partiturak 22 orri ditu, azalean obraren izenburua dago, eta gainerako 21 orrietan, Juan Crisóstomo de Arriagak 12 urte zituela (1818an), bi biolinerako, biolarako, baxurako, txirularako, bi klarineterako eta bi tronparako idatzitako sinfoniaren 41 orrialdeak daude.

SARBIDE LIBREA ETA UNIBERTSALA

Idatzi zituen lan gehienek, bere partituren esku-izkribu sinatuek, ondoren eskuz egindako kopiekin batera, bere lanaren edizioek, kontzertuen programek, gutunek eta bestelako dokumentuek, gehienak familiak Bilboko Udalari emandakoek, ondarearen eta ikerketaren ikuspegietatik balio handia duen dokumentu multzoa osatzen dute.

Fondo hori guztia izan zen 2006an ospatutako musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunen ardatza. Une hartan hasi zen, baita ere, jatorrizko lanak eta kopia zaharrenak digitalizatzeko lana, musikarien eta ikerlarien esku jartzeko. Gaur egun 34 dira Bilboko Udal Liburutegi Sarearen repositorio digitalean, www.bilbao.net/bld helbidean, kontsultatu daitezkeen lanak. Horrez gain, Liburutegian bertan, ikerlariek, aurretik hitzordua eskatuta, digitalizatuta ez dagoen fondo historikoa ere kontsultatu ahal izango dute.

Digitalizazioa egin ondoren, hurrengo pausoa faksimilen argitalpena izan da. Lan hori egiteko ezinbestekoa izan da konposatzailearen ondorengoa den Joaquín Pérez de Arriagaren laguntza. Bera izan da argitalpen honetan zein aurrekoetan testuak prestatzeaz eta partiturak antolatzeaz arduratu dena, liburukietan aurkeztu ahal izateko.