KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK JARDUERA BEREZIAK ANTOLATU DITU OSTEGUN HONETATIK AURRERA, ESKOLAKO ANTZERKI KANPAINEN 20. URTEURRENA OSPATZEKO

Azkuna Zentroak, Otxarkoagako Udaltegiak, Campos Antzokiak, Zirkozaurrek, La Merced Aretoak eta Bilborockek tailerrak, antzezpenak eta jai bat jasoko dituzte, txikitatik sorkuntza eszenikoa eta antzerkiarekiko lantzeko zaletasuna bultzatzeko xedez Hiriko ikastetxeekin lanean emandako bi hamarkadak ospatzeko.

Edizio honetan saritutako sei muntaketak jasoko dituen Eskolako Antzerki Lehiaketaren amaiera ekitaldia IGANDEAN izango da, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Sarrera doakoa izango da, gainerako jarduera guztietan bezala.

Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Eskolako Antzerki kanpainen (“Bilbon Eskolatik Antzerkira” eta jada ohikoa den Eskolako Antzerki Lehiaketa) hogeigarren edizioa ospatzeko jarduera bereziak antolatu ditu ikasturte amaiera honetarako, EKAINAREN 18, 19, eta 20rako, hain zuzen ere. Azkuna Zentroak, Otxarkoagako Udaltegiak, Campos Antzokiak, Zirkozaurrek, La Merced Aretoak eta Bilborockek, ikasleei zuzendutako arte eszenikoei buruzko tailerrak, antzezpenak eta jai bat jasoko dituzte, txikitatik sorkuntza eszenikoa eta antzerkirako zaletasuna bultzatzeko Hiriko ikastetxeekin –publikoekin eta kontzertatuekin– lanean emandako bi hamarkadak ospatzeko.

Kultura Saila harremanetan jarri da jada Bilboko ikastetxe guztiekin, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako tailerretan izena eman dezaten. Tailerrak goizez eskainiko dira, eta era ludikoan eta partaidetzan oinarrituz, antzerkiarekin, dantzarekin, perkusioarekin, txotxongiloekin eta zirkuko diziplinekin erlazionatutako alderdiak landuko dituzte.

Beste alde batetik, Bilborockek, urte osoan BilbaoEszenan 8 eta 16 urte arteko ume eta gazteentzat ematen diren antzerki ikastaroen barruan prestatutako antzezlanak jasoko ditu ostiralean, ekainaren 19an, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Hurrengo egunean, larunbatean, ekainaren 20an, Kultura eta Hezkuntza Sailak zirku ikuskizuna programatu du Arriaga Plazan, Malas Compañías taldearen “Txatarra” ikuskizunarekin, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ondoren, 13:00etatik aurrera, Bilborockek jaialdi bat jasoko du, sarrera librearekin, lehiaketaren hogeigarren edizio hau ospatzeko, animazioarekin, magiarekin eta mokadutxo batekin bertaratzen diren guztientzat.

Eskolako Antzerki kanpainen helburu nagusia, Ikastetxeetan Arte Eszenikoak irakaskuntzarako tresna gisa erabiltzea bultzatzea da. Horrela, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimena, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako antzezpen zikloa da, eta ikasturte honetan azarotik maiatzera egin da. 8 antzezlanen 28 emanaldi eskaini dira, eta 30 ikastetxetako 5.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte.

Eskola Antzerki Lehiaketari dagokionez, protagonista ikasleak diren antzezlan lehiaketa da. Antzezlanak moldaketak edo eurak asmatutakoak izan daitezke. Bilboko 23 ikastetxe publiko eta pribatutako 674 ikaslek hartu dute parte lehiaketaren hamazazpigarren edizio horretan, eta 41 antzezlan aurkeztu dira. Dirutan ematen diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Baina, gainera, kategoria bakoitzeko antzezlan irabazleek euren sorkuntza lanak Arriaga Antzokiko eszenatoki pribilegiatuan aurkeztu ahal izango dituzte ikus-entzuleen aurrean.

Horrela, Eskola Antzerki Lehiaketa igandean, EKAINAREN 21ean, amaituko da, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, saritutako lanen antzezpenarekin eta sari-banaketa ekitaldiarekin. Aurtengo edizioan saritutako lanak hauek izan dira: Viuda de Epalza ikastetxeko “Kaleko arima”, Arangoiti institutuko “Geometry black” eta “Hiru antxumeak”, Madre de Díos ikastetxeko “Di y no”, Deustuko Ikastolako “Joxe galtzaluze” eta Pagasarribide Ikastetxeko “Bizitzaren adina”. Horrez gain, epaimahaiak akzesit bat eman dio Joxe Orbegozo Ikastetxeko “Four Little corners” lanari.

ERANSKINA: ESKOLAKO ANTZERKI LEHIAKETA 2015 / SARIAK

ALN ESZENIKO OROKOR HOBERENA:
“Kaleko arima” Viuda de Epalza – Tiboli Eskola
                      
ANTZERKI, DANTZA, ZIRKU EDO BESTE EDOZEIN DIZIPLINA ESZENIKOko MODALITATEAK BERRESKURATZEKO LAN HOBERENA:
 “Geometry black” Arangoiti Ikastetxea
                
ANTZEZPEN LAN OROKOR HOBERENA:
 “DI y NO” Madre de Dios Ikastetxea
     
PARTAIDEEN ADINERA EGOKITZEKO LAN HOBERENA:
  “Joxe galtzaluze” Deustuko Ikastola

PRESENTZIA ESZENIKO ORIGINALENA:
  “Bizitzaren adina” Pagasarribide Eskola

ANTZEZLANAREN ALDERDI ESZENIKOEN KONPONKETA HOBERENA:
  “Hiru antxumeak” Arangoiti Ikastetxea

EPAIMAHAIAREN IZENDAPEN LIBREKO AKZESITA (hezkuntza erkidegoaren testuingurura ondoen egokitutako proposamena):
“Four little corners” Orbegozo – Iturrigorri Eskola