KATALUNIAKO HIRU KONPAINIAK ETA FRANTZIAKO BESTE HIRUK LORTU DITUZTE ZIRKU GARAIKIDE MUNTAKETEN GARAPENERAKO “DE MAR A MAR” PROGRAMA BARRUAN DEITUTAKO EGOITZAK

Bilboko Udala da EBtik 1,3 milioi euro jaso dituen mugaz gaindiko ekimenaren bazkideetako bat. Diru hori profesionalen prestakuntzara, sorkuntzara eta ikuskizunak erakustera eta nazioartera zabaltzera bideratuko da.

Aukeratutako konpainia profesionalen artean azpimarratzekoa da Mikel Ayala Algortako artista buru duen Subliminati konpainia frantsesa, uda honetan, Bilboko Kalealdiaren barruan, berriro ere Bilbon egongo dena.

Frantziako, Kataluniako, Aragoiko eta Euskadiko ehun konpainia baino gehiago aurkeztu ziren zirku proiektu garaikideen garapenerako laguntzen lehenengo deialdira, Bilboko Udala kide den zirkuko arteen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenaren barruan. Abenduan egin den aukeraketa prozesuaren ondoren, azkenean Kataluniako hiru konpainia eta Frantziako beste hiru –hiru dagoeneko finkatuta daudenak eta beste hiru lehen pausoak ematen ari direnak–, izango dira zirku garaikidearen sustapen profesionalerako ekimen berritzailearen laguntza jasoko dutenak.

Zehatzago esanez, aukeratutako konpainia profesionalak, Estatu barruan eta kanpoan bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duen Los Galindos talde katalana, Daraomaï akrobata bikote frantsesa eta Mikel Ayala Algortako malabarista buru duen Frantziako Tolosako Subliminati konpainia izango dira. Azken hori orain hiru urte egon zen Bilbon, Udalak antolatzen duen Bilboko Kalealdiaren barruan, eta berriro ere hurrengo edizioan egongo da, proiektu honen barruan osatu ahal izango duten muntaketarekin.

Lehen pausoak ematen ari diren konpainiei dagokienez, programa osatzen duten erakundeetako profesionalez eta programatzailez osatutako aukeraketa batzordeak Kataluniako bi proposamen, El lado oscuro de las flores eta Amer i Àfrica, eta Cie Henry Marie talde frantsesa aukeratu ditu. Azken talde horrek ere Bilboko Kalealdiaren hurrengo edizioan aurkeztuko du bere azken lana. Shakti Olaizola euskal konpainia aukeraketa prozesuaren azken fasera heldu zen, goi mailako proposamenarekin, baina azkenean ezin izan du egoitzetako bat lortu.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, ekimenak Europar Batasunaren 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza lortu du urte honetan, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak hobetzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da, sorkuntza prozesuan zein ondorengo erakusketa fasean.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

Lehenengo deialdiak 121 proposamen jaso ditu, guztiak ere hainbat formatuko ikuskizun berritzaileak, zirkuko arteetako hainbat diziplina jasoz, akrodantza, objektuen manipulazioa, akrobaziak, malabarrak edo kontortsionismoa eta, azkenean, oso maila altukoak aukeratu dira, prozesuan parte hartu duen aukeraketa taldeak egin duen balorazioan adierazten denez.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, 13 bazkidek –erakunde publikoak eta pribatuak– osatzen dituzte, eta horien artean daude Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido bezalako eskolak, Frantziako Tolosako Jean Jaurés bezalako unibertsitateak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka bezala entseguetarako eta sorkuntzarako lekuak eta tailerrak, eta baita hedapenerako guneak eta erakunde publikoak ere, urtero kaleko arteen nazioarteko jaialdia, Bilboko Kalealdia, eta Errekalde auzoan egiten den Zirkualde zirku jaialdia, antolatzen dituen Bilboko Udala, besteak beste.

AUKERAKETA PROZESUAREN LABURPENAREN BIDEOA: