IREKI DA “DE MAR A MAR – PIRINEOS DE CIRCO” PROGRAMAKO ZIRKU GARAIKIDE IKUSKIZUNEN IKERKETARAKO ETA SORKUNTZARAKO EGOITZA ARTISTIKOEN ETA LAGUNTZEN BIGARREN DEIALDIA

Bilboko Udala da Europa mailako lankidetzarako ekimen horren bazkideetako bat. Helburua zirku garaikidearen sorkuntzari eta hedapenari laguntzea da.

Proiektuak onartzeko azken eguna irailaren 1a da. Oinarri osoak webgunean daude: www.bilbokokalealdia.eus.

Irekita dago jada zirku garaikide proiektuen garapenerako bigarren laguntza deialdirako izen emate epea, zirkuko arteen aldeko mugaz gaindiko “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” lankidetza ekimenaren barruan. Bilboko Udala, 14 bazkidek osatzen duten programa horren parte da. Programak ia bi milioi euroko aurrekontua du, zirku garaikideko artista profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko eta hedatzeko.

Bigarren deialdia, artisten eta konpainien sorkuntzarako baldintzak hobetzera eta sorkuntza prozesuan zehar zein ondorengo emanaldietan Pirinioen bi aldeetan mugitzera zuzendutako sorkuntzaren laguntzarako fondoaren barruan dago.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.

Bazkideen artean zenbait eskola daude, Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido, Frantziako Tolosako Jean Jaurés bezalako unibertsitateak, entsegu eta sorkuntza lekuak eta lantegiak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka, eta baita hedapenerako guneak eta eremu publikoko erakundeak ere, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku jaialdia antolatzen duen Bilboko Udala, besteak beste.

Proiektuen aukeraketa urrian egingo da Frantziako Tolosan. Modalitate bakoitzerako hautagaitzen formularioa eta oinarri osoak online daude, “De Mar A Mar” programaren webgunean https://demaramarblog.wordpress.com eta www.bilbokokalealdia.eus webgunean. Proiektuak onartzeko azken eguna irailaren 1a izango da.