BILBAO BBK LIVE JAIALDIAREN GIRO ONA BILBO ERDIGUNERA IRITSI DA, BEREZIAK ZIKLOARI ESKER

The London Soul, Guadalupe Plata, Capsula, Los Punsetes eta Nudozurdo taldeek doako emanaldiak eskainiko dituzte hiriko hainbat txokotan.

Bilbao BBK Live jaialdia X. urteurrena ospatzeko prestaketa lanetan ari da, eta, horretarako, Bizkaiko hiriburuan kontzertuen programa zabala antolatu du; gehienak doan izango dira, Bilbao BBK Live Bereziak zikloaren barruan, hilaren 9an hasiko den Kobetamendiko musika hitzordu handiaren aurretik. Hamargarren edizio honetan, Bereziak zikloari esker jaialdiaren giro ona Bizkaiko hiriburuaren bihotzera iritsiko da, eta, aldi berean, hiriko entitate desberdinen lankidetza sustatu eta Bilboko aste osoko aisialdi eskaintza osatuko du. Programazioan, The London Souls, Guadalupe Plata, Capsula, Los Punsetes eta Nudozurdo taldeen emanaldiak nabarmendu behar dira.

Zenbait kontzertu dagoeneko iragarri dira, tartean Bilboko Koral Elkarteak Meets Bilbao BBK Live A2 (uztailaren 7an, Campos Antzokian) eta Laura Cantrell (uztailaren 8an, BBK Aretoan); horrez gain, hiriko hainbat txokotan doan eskainiko diren emanaldiak ere gehitu behar dira. Iaz Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuen Smoke Idols banda asteazkenean arituko da Kale Nagusian aparkatuko duen Red Bull Tour Busen; iaz Bilbao BBK Live jaialdian jo zuten. Talde bilbotarrak britpop estiloaren eragin nabarmena jaso du, eta rock, pop eta psicodelia estiloak nahasten ditu. Hurrengo egunean, ostegunean, Bereziak zikloaren barruan ohikoa denez, kontzertu sorpresa bat eskainiko da Kale Nagusian, 13:00etan.

New Yorketik iritsitako The London Souls taldea, berriz, ostiralean helduko da gure artera, 12:00etan, Erriberan. Arratsaldean jaialdian emango duten kontzertuaren aurrerapena izango da, kasu honetan doan. Taldeak hainbat artistaren eragina jaso du, besteak beste, Led Zeppelin, My Morning Jacket, The Beatles edo The Hollies. Eguerdiko 13:00etan, ostera, Granadako Guadalupe Plata bandaren txanda izango da, Arriaga plazan. 2008. urtean sortu zenetik erritmo hori izan du taldeak beti; horrez gain, Estatu Batuetan bira bat ere egin dute. Blues estiloko taldea da, baina surf rock eta garage punk doinuak ere baditu. Ordubete geroago, ikusleek Capsularen zuzeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute, Albia lorategian. Garage-glam estiloko talde honek 20 urte baino gehiagoko musika ibilbidea egin du Buenos Airesko underground eszenan sortu zenetik; gaur egun, berriz, Bilbon du egoitza taldeak, bertako zaleen gozamenerako.

Larunbateko programazioari dagokionez, Los Punsetes bandaren kontzertua 13:00etan hasiko da Albia lorategian; Nudozurdo, berriz, 14:00etatik aurrera arituko da Arriaga plazan. Los Punsetes, Eduard Punset zientzia dibulgatzaile ospetsuaren abizenean inspiratutako izena duen banda, Madrilgo indie pop talde bat da. Lau lan plazaratu dituzte, azkena 2014an, eta Tus amigos edo Me gusta que me pegues kantengatik egin dira ospetsu. Nudozurdo, aldiz, estatu mailako panoraman izaera nabarmenena duen taldeetako bat da. Post-rock estiloaren barruan daude kokatuta, taldekideen jakin-min artistikoei esker; horren erakusgarri da taldeak ez diola inoiz soinu berriekin esperimentatzeari utzi.

Bilbao BBK Live Bereziak

Astelehena, uztailak 6

11:00: Bilbao BBK Live Informazio Bulegoa zabalduko da (BBK Aretoan kokatutakoa, Kale Nagusia, 19-21, Bilbo; uztailaren 11ra arte zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara).
Asteartea, uztailak 7

20:30 Campos Elíseos antzokia. BILBOKO KORAL ELKARTEAK MEETS BILBAO BBK LIVE A2
Prezioa: 10€/15€ + gastuak, kokapenaren arabera. Salgai hemen: Kutxabank sarea, orotarako kutxazainak, www.teatrocampos.com , Campos Antzokiko leihatila
Asteazkena, uztailak 8

11:00.Bonuak eta eskumuturrekoak aldatzea Bilbao BBK Live Informazio Bulegoan (BBK Aretoa, Kale Nagusia 19-21, Bilbo). Nahi dutenek bonuak (kanpatzeko aukerarik gabekoak) aldatu eta, trukean, jaialdiaren eskumuturrekoak jaso ahalko dituzte uztailaren 8an eta 9an, bulegoaren ordutegian. Bonuak eta kanpatzeko aukera eskaintzen duten sarrerak aldatu eta, trukean, kanpin zonako eskumuturrekoak asteazkenean jaso ahalko dira, uztailak 8, 12:00etan.
13:00 SMOKE IDOLS (doan) Red Bull Tour Busen; Kale Nagusian aparkatuko du, Aldundiaren parean.
19:30. BBK Aretoa. LAURA CANTRELL + Gacela Thompson (19:30 Ateak zabalduko dira / 20:00 Gacela Thompson/21:00 Laura Cantrell) Prezioa: 12€ + gastuak (BBK txartelen kasuan % 20ko deskontua / 2 sarrera txartel bakoitzeko) – jesarlekuak zenbakituta. Salgai hemen: BBK Aretoa, www.bbk.es, BBK orotarako kutxazainak, tel.: 944 310 310
Osteguna, uztailak 9

13:00 Kontzertu sorpresa, doan, Kale Nagusia, 19-21. BBK Aretoaren parean.
Ostirala, uztailak 10

12:00 THE LONDON SOULS, (doan, Erriberan).
13:00. GUADALUPE PLATA, (doan, Arriaga plazan).
14:00 CAPSULA, (doan, Albia lorategian)
Larunbata, uztailak 11

13:00 LOS PUNSETES, (doan, Albia lorategian)
14:00 NUDOZURDO, (doan, Arriaga plazan)