FRANCO CESARINIK BILBOKO UDAL MUSIKA BANDAREKIN ESTREINATUKO DU BERE LEHENENGO SINFONIA, `THE ARCHANGELS´, OTSAILAREN 7AN, EUSKALDUNA JAUREGIAN

Mundu osoan ezaguna den zuzendari eta konposatzaile suitzar horren lehenengo emanaldia Euskadin.

Franco Cesarini zuzendari eta konposatzaile suitzar ezagunak Bilboko Udal Musika Banda aukeratu du idatzi duen lehenengo sinfonia, ‘The Archangels´, estreinatzeko. Lan horren ‘premièrea´ otsailaren 7an, igandean, 12:00etan izango da, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan, ‘Musika helvetiarra ezagutzen´ izenburuko kontzertuan. Cesarinik ez bakarrik Bilbon, baita Euskadi osoan ere, zuzentzen duen lehen aldia da, eta gure eszenatokietan egongo den lehen aldi horretan benetako harribitxia oparituko die ikus-entzuleei: ‘The Archangels´ lanaren erabateko estreinaldia.

Franco Cesarini Udal Musika Bandaren 2015-2016 udazken-neguko kontzertu denboraldiko gonbidatu nagusietakoa da. Talde profesional horrek 120 urte bete zituen iaz, eta 45 kide baino gehiagok osatzen dute. Denboraldi hau José Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularrak diseinatutako lehenengoa da. ‘Bazterrak ezagutzen bandarekin´ izenburua daraman eta Euskalduna Jauregiko Auditorioan eskaintzen den kontzertu zikloa iazko urriaren 12an hasi zen, eta datorren apirilaren 17an amaituko da.

Franco Cesarini 1961ean jaio zen Suitzako Bellinzona hirian. Milango Giuseppe Verdi kontserbatorioan hasi zen musika ikasten, flauta eta pianoa hain zuzen. Gerora, Basileako kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten Peter-Lukas Graf irakaslearekin, harik eta 1981ean Suitzako bakarlaririk onenaren saria irabazi zuen arte. Lehen Saria lortu zuen Musika Interpretazioko Nazio Lehiaketan. Peter-Lukas Grafekin jarraitu zuen ikasten kontzertistaren diploma eskuratu arte. Aldi berean, teoria eta konposizio musikala ikasi zuen Robert Suter eta Jacques Wildberger-ekin, eta banda-zuzendaritza Zuricheko kontserbatorioan Felix Hauswirth-ekin. Musika-banden barruko gaur eguneko musikagilerik eta moldatzailerik ospetsuenetakoa da; errepertorio zabala du bandetarako. Musika-sortzaile ez ezik, Luganoko Banda Zibiko Filarmonikoaren zuzendaria ere bada. Musikagile moldaerraza, bere katalogoan bandarako obrak zein orkestrako, ganberako, koruko eta flautako lanak ere sartzen dira.

Cesarinik berak diseinatu du Bilboko ikus-entzuleen aurrean eskainiko duen egitaraua. Kontzertuaren lehen partean Emil Jacques Dalcrozeren ‘Marche Vaudoise´, Paul Huberren ‘Fantasie über eine Appenzeller Volksweise´, Arthur Honeggerren ‘Marche sur la Bastille´ eta Cesarinik berak idatzitako ‘Solemnnitas Op. 29´. Bigarren partean, Bilboko Udal Musika Bandak ‘The Archangels´ eskainiko du, Franco Cesarinik idatzitako lehenengo sinfonia, eta bere 50. lana. Euskalduna Jauregiko Auditoriotik mundu osora proiektatuko den estreinaldi handia.