FORU LIBURUTEGIAK KOMIKIEI ETA BELDURREZKO FILMEI BURUZKO TOPAKETA-SOLASALDIA JASOKO DU EL TORRESEN ETA BORJA CRESPOREN ARTEAN MARTXOAREN 20AN, ETA BBK ARETOAK CAOSTICA-FANT JAIA MARTXOAREN 29AN, JAIALDIAREN 25. EDIZIOA DELA ETA ANTOLATU DIREN JARDUERA BEREZIEN BARRUAN

Komikiari eta beldurrezko zineari buruzko hitzaldia 19:00etan hasiko da Bizkaiko Foru Liburutegiko prensa aretoan (Diputazio kalea, 7), sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Kale Nagusiko BBK Aretoak musikari eta zineari buruzko topaketa jasoko du martxoaren 29an, Caóstica Elkartearekin lankidetzan, eta bertan The Devils italiarrak, Dj Peon Kurtz eta Vj Anisakis arituko dira. 21:00etan hasiko da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

 

Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, maiatzaren 2tik 11ra ospatuko du bere 25. edizioa, eta ezustekoen eta ekitaldi berezien bitartez egingo du. Aurrerapen gisa, Bilboko Udalak, jaialdiaren antolatzaileak, zenbait jarduera eskainiko ditu, hiriko beste jaialdi edo erakunde batzuekin lankidetzan. Horien artean, lan berrien aurre-estreinaldiak, lan klasiko batzuen azterketak, hitzaldiak, emanaldiak eta mota guztietako ikus-entzuleengana heldu nahi duten beste proposamen batzuk egongo dira.

Asteazken honetan, martxoaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Foru Liburutegiak hitzaldi-solasaldia jasoko du El Torresekin, komikiaren munduko gidoilari txalotuenetako eta sarituenetako batekin. Borja Crespo kazetariarekin egingo du berba, beldurrezko komikiei eta filmei buruz. Izan ere, beldurrezko komikiaren historia, komikietako kontakizunak ikus-entzunezkoetara egokitzearekin batera doa. El Torresek biñeten eta generoko zinearen arteko erlazioari buruz egingo du berba Borja Cresporekin, bi diziplina horien hedatzaile ezagunarekin. Saiorako sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

El Torres (Malaga, 1972) nazioartean ibilbide garrantzitsua duen gidoilari eta editorea, beldur eta abentura istorioetan dago espezializatuta. Bere gidoien ezaugarriak B serieko, beldurrezko edo detektibeen filmetan inspiratutako elementuen erabilera eta kultura herrikoiaren ezagutza sakona dira. Bere komikiak, beste herrialde batzuen artean, Estatu Batuetan, Brasilen edo Japonian argitaratu dira. El Torresen lan zabalaren artean, azpimarragarriak dira “El Velo”, “Camisa de Fuerza”, “El Bosque de los Suicidas” eta “Roman Ritual”. Azken urteetan argitaratu dituen lanen artean “El Fantasma de Gaudí” (2016ko Komikiaren Aretoaren irabazlea eta Eisner eta Harvey 2018 sarietarako izendatua) eta Gidoilari Onenaren eta Errotulatzaile Onenaren Carlos Jiménez 2018 Saria eman zion “Goya, Lo sublime terrible” daude.

Borja Crespo (Bilbo, 1971) zine zuzendari, ekoizle, idazle, ilustratzaile eta istorio egilea da. Astero aritzen da El Correo egunkariko eta Vocento Taldeko beste batzuetako orrialdeetan, kazetari espezializatu gisa, eta argitalpen askotan argitaratu ditu zutabeak eta erreportajeak. Bideoklipak, publizitateko spotak, film laburrak eta telebistako saioak zuzendu ditu. Zine eta komiki klaseak ematen ditu unibertsitateko ikastaroetan eta ekitaldietan. Arsénico P.C. eta Sayaka Producciones ekoiztetxeen kide sortzailea da, Nacho Vigalondo, Koldo Serra, Borja Cobeaga eta Nahikari Ipiñarekin batera. 2014an “Neuroworld” filma zuzendu zuen.

THE DEVILS
FANTen 25. edizioa dela eta antolatu diren aurretiazko jardueren barruan musikari eta zineari buruzko saio bat ere jasotzen da, Caostica elkartearekin lankidetzan. Kale Nagusiko BBK Aretoak musikari eta zineari buruzko saioa jasoko du martxoaren 29an, ostiralean, ikus-entzunen alorreko eragileentzako eta jende guztiarentzako topaketa lasaia, protagonista musika eta zine fantastikoa izango dituena.

Saioan The Devils talde italiarra arituko da, bere fuzz meza beltz berezia eskainiz. Taldearen ondoren Dj Peon Kurtz etorriko da, Vj Anisakisek lagunduta, fantasiazko zineari begirada emango dioten irudiez eta zuzeneko soinuaz osatutako show-arekin, omenaldiak eskainiz deabruzko zenbait ikonori, Karras aitari, Rosemaryri, Damieni, Medeiros neskatoari edo Berriatua aitari, besteak beste.