FANTEN – BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN XXII. EDIZIOAK APIRILAREN 8RA ARTE LUZATUKO DU TELEFONO MUGIKORREZ GRABATUTAKO FILM LABURREN LEHIAKETARAKO FILMAK JASOTZEKO EPEA

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldiaren barruan, “FANT laburrean” sekzioan, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren Film Laburren Sariak deituko dira beste urte batez, 3.000 euroko sariarekin bakoitzarentzat, eta baita 2.000 euro jasoko dituen Epaimahaiaren Euskal Film Labur hoberenaren saria ere. Lehiaketa horietara aurkeztuko diren kopiak jasotzeko azken eguna MARTXOAREN 15a izango da.

MAIATZAREN 6tik 13ra egingo den FANTek edizio honetako irudia aurkeztu du, euskal pilotaren kirola gorez jantziko duen kartelarekin (irudi erantsia).

Maiatzaren 6tik 13ra, Bilbo fantasiazko eta beldurrezko generoaren erdigune bilakatuko da berriro ere, FANTen – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXII. edizioa dela eta. Martxoaren 15era arte bidali ahal izango dira Sekzio Ofizialeko kategoriaren batean parte hartu nahi duten filmak, eta APIRILAREN 8ra luzatu da Movistar+-en babesa izango duen telefono mugikorrez grabatutako film laburren lehiaketa berrirako filmak jasotzeko epea.

Izan ere, berrikuntza gisa, FANTen hurrengo edizioak, telefono mugikorrez grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa berri hori jasoko du. Proposamen bakoitzak 10 minutuko iraupena izango du gehienez, eta oinarrietan ezarriko diren kalitate eta formatu eskakizun jakin batzuk bete beharko ditu. Zinemaldiaren antolatzaileek lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, partaideek, baliabide gutxirekin baina irudimen askorekin ere istorio bikainak konta daitezkeela erakusteko aukera izan dezaten.

Aukeratzen diren lehiaketa horretako film laburrak FANT barruan programatutako saio batean eskainiko dira. Saio hori amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen dituen lanak 750 euroko saria irabaziko du. Horrez gain, zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat emango du. Ekimen horrek Movistar+ plataforma multimedia berriaren laguntza izango du.

Zinemaldiak aurrera jarraitzen du bere erreferentziazko sariekin, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzendutakoak, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, eta 2.000 euro jasoko dituen eta epaimahaiak erabakiko duen euskal film labur hoberenaren sariarekin. Sari horiei, film luzeei emango zaizkien ohorezko sariak gehituko zaizkie, Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberenari eta azken urteetan fantasiazko generoan garrantzia hartuz joan den pertsonari ematen zaion FANTROBIA saria, hain zuzen ere.

GORE PILOTALEKUA
FANTek – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak datorren ediziorako irudia ere aurkeztu du. Bertan, esku pilotaren kirolaren tradizioa odolez bustiko da eta pilotalekua gore eszenatoki bilakatuko du. Pilotaren ordez odolez betetako begia erakutsiko du, eta esku beldurgarria baino erakusten ez duen pilotaria gure zeremonia maisua izango da, ikus-entzuleari zinemaldiaren edizio berrirako bidea erakutsiz.

OINARRI OSOAK:
www.fantbilbao.eus