FANT 22REN INAUGURAZIO JARDUNALDIAK, GAUEKO ZINE MARATOIA ESKAINIKO DU AURTEN BERRIKUNTZA GISA, GOIZALDEKO ORDU BIETATIK AURRERA, CAMPOS ANTZOKIAN, “NINA FOREVER”, “HOWL”, “NIGHT FARE” ETA “DEATHGASM” FILMAK ESKAINIZ

Doako sarrera izango duen Golem Alhóndiga zine aretoetako 2. aretoak, La Aventura Audiovisual banaketa etxearen eskutik Estatuko aretoetara heldu diren lan garrantzitsuenetako batzuek osatutako zikloa jasoko du maiatzaren 7tik 12ra

FNACek, zinemaldiaren ohiko laguntzaileetako batek, 1960ko hamarkadan Narciso Ibáñez Serradorrek zuzendu zuen “Historias para no dormir” telebista saio ezaguneko kapituluen aukeraketa eskainiko du maiatzaren 9an, 10ean eta 11n.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 22k, datorren maiatzaren 6an altxatuko du oihala, eta inaugurazio saioari eta Euskal FANT Laburrean sekzioko emanaldiei, atsedenaldirik gabeko ia bost orduko gaueko zine maratoia gehituko die edizio honetan. Goizaldeko ordu bietatik aurrera Campos Antzokiak, iaz arrakasta lortu zuten lau lanen emanaldia barne hartuko duen saio golfoa jasoko du: Blaine anaien “Nina Forever” (2015, UK), Paul Hyetten “Howl” (2015, UK), Jason Lei Howdenek zuzendutako “Deathgasm” (2015, Australia), eta Julien Seriren “Night Fare” (2015, FR) film frantsesa.

Halaber, FANTen hurrengo ediziorako programatutako emanaldi berezien barruan, doako sarrera izango duen Golem Aretoetako 2. aretoak, La Aventura Audiovisual banaketa etxearen eskutik Estatuko aretoetara heldu diren lan garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituen zikloa jasoko du maiatzaren 7tik 12ra. 2013tik, poz bat baino gehiago eman die fantasiazko eta beldurrezko zinearen zaleei, oso lan garrantzitsuak gure pantailetan estreinatzen ausartuz.

Izan ere, “Basoko txabola” (Drew Goddard, 2012), “The Innkeepers” (Ti West, 2011), “Snowpiercer” (Bong Joon-ho, 2013), “The Woman” (Lucky McKee, 2011) edo “The Invitation” (Karyn Kusuma, 2015) bezalako filmek ziurrenez ez zuten banaketarik izango Espainian La Aventura Audiovisual banaketa etxearengatik izan ez balitz. Etxe horrek, FANT 22ko Fantrobia saria jasoko duen Can Evrenol zinegile turkiarraren “Baskin” filma eramango du Estatuko pantailetara –oraindik ez dakigu noiz estreinatuko den–. Filma FANTeko amaiera ekitaldian ikusi ahal izango da.

La Aventura Audiovisual zikloaren barruan 2015eko hiru film eskainiko dira: John Wattsen “Copcar”, Ted Geogheganen “We are still here” eta Craig Zahlerren “Bone Tomahawk”. Egitaraua Ana Lily Amirpourren “A Girl Walks Home Alone at Night” (2014), Eli Rothen “The Green Inferno” (2013) eta Renny Harlinek zuzendutako “The Dyatlov Pass Incident” (2013) lanekin osatuko da. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:45ean hasiko dira Golem Alhóndigako 2. aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Beste alde batetik, FNACek, FANTen ohiko laguntzaileetako batek, 1960ko hamarkadan Narciso Ibáñez Serrador ezagun eta polifazetikoak zuzendu zuen telebista saioari eskainitako zikloa eskainiko du aurten. “Historias para no dormir” benetako mugarria izan zen Espainiako telebistaren historian. 1966 eta 1968 artean, Ray Bradburyren edo Edgard Allan Poeren jatorrizko lanen eta kontakizunen moldaketekin bete zituen pantailak. Sarrera librea izango duten emanaldiak maiatzaren 9an, 10ean eta 11n izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

SARI BERRIAK

Berrikuntza gisa, zinemaldiaren edizio honetan, dirurik emango ez duten ohorezko bi sari berri banatuko dituela iragarri da. Panorama Fantastikoa sekzioko generoko Film Luze Hoberenari eta Film Labur hoberenari ematen zaizkien sariak izango dira. Zinemaldiko doako sarrerako aretoak (egoitza nagusian: Golem – Alhóndiga zine aretoetan) eskainiko duen programazioa osatuko duen sekzioetako bat izango da. Bertan, arrazoi bat edo beste dela eta, Sekzio Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak jasotzen dira. Horrela, Norberto Ramosen “Amor Tóxico”, Antonio Trashorrasen “Anabel” edo Yolanda Torresen “The Forsaken” lanak eskainiko dira, besteak beste.

Sari horiek banatuko dituen epaimahaia, Norma Vila (Bilbo, 1983) argazki zuzendari eta Demeter Films ekoiztetxeko bazkide sortzaileak, Miguel A. Refoyo (Salamanca, 1975) kritikari eta gidoilariak eta Howard Gorman itzultzaile eta zine kazetari ingelesak, Scream: The horror magazine aldizkariaren editore bazkideak, osatuko dute. Howard Gorman Eli Rothen Crypt TV izenekoaren Espainiako ordezkaria ere bada. Hiru horiek izango dira, baita ere, Movistar+-en babesa duen telefono mugikorrez grabatutako film laburren lehiaketako lan hoberenak aukeratuko dituztenak.