Antzerki eta dantza garaikidearen jaialdia da, nazioarte, nazio eta toki mailako joera eszeniko berrietan zentratua; arreta berezia eskaintzen dio abangoardiari eta arte eszenikoen eta beste arte mota batzuen (musika, bideoa, performantzia, etab.) diziplina artekotasunari.

BAD Jaialdia bai gazte sortzaileen eta bai erreferentziazko artisten proposamen berriak erakusteko gunea da, eta sorkuntza lanak ere bultzatzen ditu, nazioartera zabaltzeko aukera izango duten kalitatezko antzerki, dantza edo performantzia ikuskizunak ekoiztuta.

Jaialdiaren lan-ildoari esker, nazio eta nazioarte mailan erabateko estreinaldiak diren programazio eszenikoa eskaintzen da, euskal sorkuntza berrien eta nazioarteko konpainien arteko oreka bilatuz, eta beste jaialdi batzuekin lankidetzan prestatutako produkzioak ere eskaintzen dira.

Ildo horretan, Jaialdia lankidetzan sakontzen doa nazio mailako eszena garaikideko antzerki eta espazioekin, hala nola Conpostelako Santiagoko Escenas do Cambio de Ciudad de la Cultura Jaialdiarekin, Madrileko Festival de Otoño-rekin, Bartzelonako Antic Teatre-rekin, Iruñako Inmediaciones Jaialdiarekin, Espacio de Creación Granner, ACT Jaialdia, Bartzelonako Hiroshima Aretoarekin eta Proyecto Circula de asociaciones de danza-rekin.

BAD Jaialdia ekitaldi bizi eta irekia da. Lengoaia eszeniko berriei buruzko hausnarketa eta prestakuntza bilatzen du performantziak, dantza, antzerki, dokumentu-antzerki eta dantza-antzerki ikuskizunak, zirku garaikidea, dantza-musika, antzerki fisikoa, dramaturgia berria, instalazioak, topaketak, hitzaldiak, dokumentalak eta tailerrak burutu eta emanez.

Urriaren 20tik 29ra bitartean egiten da La Fundicion, BilbaoArte, BilboRock eta Rekalde Aretoko ohiko agertokietan eta Bilboko beste espazioa batzuetan. Horietan, hogei bat inguru konpainia eta artistek –horietako zenbait sona handikoak nazioarte mailan, eta erdiak inguru euskal eszena garaikideko partaideak– euren azken sorkuntza-lanak erakusten dizkiete bilbotarrei.

Jaialdian zehar arte eszenikoetako profesionalei berariaz zuzendutako jarduerak garatzen dira: dantzako profesional eta ikasleentzako tailerrak, eszena garaikideko teknologia berriei buruzko tailerrak, eta baita lankidetza-topaketa bat ere ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearekin.

Aldi berean, BAD Jaialdia arteen pedagogiaren proiektu bat garatzen ari da eszena garaikidearen eremuan . Arte eszeniko abangoardista hauek jendeari hurbildu eta ulertarazi nahi da horrekin, eta publiko berriak erakartzea. Artaziak proiektua da, Ibarrekolandako Institutuko Arte Eszenikoen Batxilergoko ikasleekin bitartekaritzarena alegia, eta helburu hauek ditu: irakasle eta ikasleak arte garaikideko sorkuntza bizietara hurbiltzea gorputza eta mugimendua erabiliz ikasketa-tresna gisa, eta Jaialdia bere arlo guztietan ezagutzera ematea, konpainietan eta haien produkzioetan sakonduta, aukeratutako ikuskizunetara joanez eta zubiak eta lotura zuzenak eraikiz Jaialdiarekin eta bertan parte hartzen duten konpainia eta artistekin.