EUSKAL HERRIKO ETA AKITANIAKO FOLKLOREEK BASURTU AUZOA BETEKO DUTE ASTEBURU HONETAN, “PLAZARIK PLAZA” PROGRAMAREN BARRUAN

Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntza duen Bilboko Udalaren ekimenaren barruan dantza erakustaldiak eta erraldoiekin eta buruhandiekin egingo diren kalejirak egongo dira, Akitaniako Lous Réoulès folklore taldeak eskainiko duen erakustaldiarekin batera.

Jarduerak, herri folklorea sustatzeko helburua duen “Plazarik Plaza” programaren barruan sartzen dira, eta Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere badu.

Gure folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “Plazarik Plaza” programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Programa Basurtun gauzatuko da asteburu honetan, IRAILAREN 30ean eta URRIAREN 1ean eta 2an (Aita Donostia plazan eta inguruetan).

Aurrerapen gisa, bihar, IRAILAREN 29an, Aiko taldearen ekimenez euskaraz grabatu den eta euskal jotaren historian ibilbidea egiten duen “Jotamentala” dokumentalaren aurkezpen ekitaldia jasoko du Basurtuko Udaltegiak –19:30ean, sarrera librea–. 50 minutuz, filmak, joan den mendean Euskal Herriko dantza ezagunenetakoa izan zen jotaren historia eta bilakaera erakusten ditu. Hasieran elizak “atzerriko eta bekatuzko” dantza moduan hartu zuen, eta ondoren euskal dantza “kastoa eta garbia” bilakatu zen. Protagonistetako batzuek aurkeztuko dute dokumentala.

Beste urte batez Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere baduen programaren edizio honen gonbidatu berezia Akitaniako Lous Réoulès folklore taldea izango da. Euren lanaren erakusketa eskainiko diete Bilboko ikus-entzuleei, eta lur haietako musikaz, dantzaz eta antzinako tradizioez beteko ditu Basurtuko kaleak.

Jai giroko programazioa ostiralean, IRAILAREN 30ean, hasiko da, arratsaldeko 18:30ean, Basurtu auzoan, Bilboko Txistulari Bandaren kalejirarekin, eta ondoren DJ DKren musika animazioa etorriko da. Baina programatutako jarduera gehienak larunbatean izango dira. Egun horretako jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Beti Jai Alai eta Lous Réoulès taldeek buruhandiekin eta erraldoiekin batera egingo duten kalejirarekin.

Arratsaldeko programazioa 18:30ean hasiko da kalejira batekin, eta gauera arte luzatuko da, 19:00etan hasita Beti Jai Alai taldearen bertako folklorea eta gonbidatutako taldearen erritmo herrikoiak eskainiko dituen emanaldiarekin. Jardunaldiari amaiera emateko Orquesta Iris eta Mariachi Imperial Villa Hidalgo izango ditugu.

Jai egitarauak domekan jarraituko du, umeen euskal folklore taldeei arreta berezia eskainiz. Txikiek emanaldia eskainiko dute Aita Donostia plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera, kalejiran auzoko beste leku batzuetatik igaro ondoren. Umeen dantza emanaldian talde hauek hartuko dute parte aurten: Urdaibai (Forua), Itxas Argia (Getxo), Mendi Alde (Santurtzi), Etorki (Ugao) eta Beti Jai Alai (Basurtu).

PROGRAMA “PLAZARIK PLAZA”

IRAILAK 29
19:30 “Jotamentala” Dokumentalaren emanaldia
BASURTUKO Udaltegia
Sarrera librea

Aita Donostia plaza eta inguruak
IRAILAK 30
18:30 Kalejira: Bilboko Txistularien Banda
21:00 Diskofesta. Dj “DK”

URRIAK 1
12:00 Kalejira: Erraldoiak eta buruhandiak Beti Jai Alairekin eta Groupe Folklorique Lous Réoulèsekin (La Réole, Gironde, Frantzia)
18:30 Kalejira: Beti Jai Alai eta Lous Réoulès
19:00 Dantza erakustaldia Lous Réoulèsekin eta Beti Jai Alairekin
21:00 Iris orkestra
23:00 Mariachi Imperial Villa Hidalgo

URRIAK 2
11:30 Kalejira ume eta gazteen dantza taldeekin
12:00 Dantza erakusketa ume eta gazteen dantza taldeekin: Urdaibai (Forua), Itxas Argia (Getxo), Mendi Alde (Santurtzi), Etorki (Ugao) eta Beti Jai Alai (Basurtu).
Euria egiten badu, Basurtuko Herri Ikastetxeko aterpeetan egingo da