EUROPA MAILAKO “DE MAR A MAR” LANKIDETZA PROGRAMAREN BARRUAN ZIRKU GARAIKIDE IKUSKIZUNAK BILATZEKO ETA SORTZEKO BIGARREN DEIALDIAK 90 PROPOSAMEN JASO DITU

Antolatzaileek 6 aukeratu dituzte bilaketa modalitatean, horietako bat bertakoa, Cia Barrerena (Javier García Pérez), eta 14 aurre-aukeratu dituzte sorkuntza alorrean, horietako bat bertako konpainia batena, hilaren 25ean eta 26an bere proiektua Frantziako Tolosan defendatuko duen Dikothomiarena (Endika Salazar).

Joan den maiatzean ireki zen zirkuko proiektu garaikideen garapenerako laguntzen bigarren deialdia, zirkuko arteen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenaren barruan. Bilboko Udala ekimen horren partaide da.

Akitania Berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Aragoiko eta Euskadiko 90 proposamen aurkeztu dira bigarren deialdi horretara, eta Europako bazkideetako programatzaileek eta adituek osatutako epaimahaiak 6 aukeratu ditu bilaketaren alorrean eta 14 aurre-aukeratu ditu, sorkuntzaren alorrean indartzen ari diren artisten proiektuen eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo taldeen proiektuen artean.

Aukeratu diren hogei proposamenen arteko bi euskal konpainienak dira: Javier García Pérez “Mimo” buru den Cia Barre, 60ko hamarkadako kale garbitzaile batengan oinarrituta eta zine mutuaren karismaz beteta dagoen ikuskizunarekin; eta Dikothomia, malabarretan aditua den Endika Salazar artista buru dela. Endikari dagokionez, bere proiektua adituz osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu beharko du hilaren 25ean eta 26an Frantziako Tolosan.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, ekimenak Europar Batasunaren diru-laguntza du, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak bultzatzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.