LIBURUA ETA LITERATUR SORKUNTZA SUSTATZEKO LANAREN BARRUAN, BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAN ETA GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAN SARITUTAKO LANAK BILTZEN DITUZTEN LAU LIBURU ARGITARATU DITU BILBOKO UDALAK

Euskarazko modalitateko Blas de Otero 2018 Sariduna den “Oroimenaren xaflakortasunaz” (Erein arg.) eta gaztelaniazko saria irabazi zuen Ángela Álvarez Sáezen “Palabra vegetal” (Devenir arg.) dira.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 2017ko eta 2018ko edizioetan saritutako lanak ere argitaratu dira.

 

Liburua eta literatur sorkuntza sustatzeko jardueraren barruan, Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeekin batera, Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Sariko 2018ko edizioan saritutako poema liburuak eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 2017ko eta 2018ko edizioetan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, saritutako ipuinak argitaratu berri ditu.

Paloma Rodríguez Miñambres idazle eta EHU/UPVko irakaslearen “Oroimenaren Xaflakortasunaz” lana da. Epaimahaiko kideek, ohikoa ez den poesia sorkuntza baloratu zuten, bere bertute nagusiak iradokizuna eta gaien batasuna izanik. Gaztelaniazko modalitateari dagokionez, Ángela Álvarez poeta madrildarraren “Palabra vegetal” lana izan zen saritua, idazketa aztertzailearen plastikotasuna azpimarratzen duen lana, hitza errealitateen sortzaile gisa agertuz. Ángela Álvarezek zortzi poema liburu argitaratu ditu, eta horietatik azkenak, “La casa salvaje”, nazioarteko León Felipe 2018 saria irabazi du.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketari dagokionez, gaztelaniazko liburukiak 2017an eta 2018an saritutako ipuinak jasotzen ditu. Marcelo Britos idazle eta literatura irakasle argentinarraren “Vienen” eta Cadizko Antonio Tocornalen “Cundi Macundi” kontakizunak dira. Lehenengoari dagokionez, epaimahaiaren iritziz ipuin ausarta, heldua eta oso ondo landutakoa da, Juan Rulforen eta Cortazarren oihartzunekin, kontatu barik kontatzeko gaitasuna azpimarratuz. “Cundi Macundi” lanari dagokionez, begirada berezia duen, ondo dokumentatuta dagoen eta prosa ondo menderatzen duen idazlea erakusten duen kontakizun konplexua da. Liburua, sariketan emandako lau akzesitekin osatzen da: Mariano Catoni (“El caso del niño basura”), Jack Babiloni (“El recién perforado cráneo de los pecaríes”), Héctor Prahim (“Aflicción”) eta Manuel Moya Escobar (“Que amanecía”).

Euskaraz idatzitako ipuinen modalitatean, 2017an eta 2018an saritutako ipuinak hauek dira: Amaia Lekunberri Ansola kazetariaren “Ezkontza” eta Gilen Mejutoren “Mutxikina eta zuztarra”. “Ezkontza” lanaren kasuan, epaimahaiaren iritziz ipuin freskoa eta ausarta da, eta orijinaltasuna eta punturik erabili barik oso lerroalde luzeak idazteko zailtasuna ere baloratu zen. Gilen Mejutoren kontakizunari dagokionez, egileak, gauza txiki-txiki eta arrunta, unibertso txiki eta erakargarria, orijinaltasun handiz sortzean erakutsi zuen meritua saritu zuen epaimahaiak. Bi edizioetako akzesitak hauek dira: Aritz Gorrotxategi Mujika (“Burua leihoan jarrita”) eta Nerea Arrien Elordi (“Matrioska”) 2017an eta Garazi Esnaola Balerdi (“Teilatupean zoro dantzan”) eta Juan Luis Zabala Artetxe (“N-634”) 2018an.

Lau liburuak salgai daude jadanik liburu-dendetan, eta eskuragarri Bilboko Udal Liburutegi Sarean. Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Saria eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen dira Bilboko Udaleko Kultura Sailetik, eta euren helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, bi egile bilbotar horien oroimenari eta lanari bizirik eusteaz gain.