EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, “BERDINENTZAT, EZBERDINENTZAT, NIRETZAT” MIKRO-ANTZERKI ZIKLO BARRUAN ANTZEZTUKO DITUZTEN 8 ANTZEZLANAK AUKERATUAK

Martxoaren 5ean, 6an eta 7an Ercilla hoteleko logeletan eszenaratuko dituzte proposamen original honetako antzezlanak. Proposamenean berdintasuna eta formatu laburreko antzerkia batzen dira.

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak, ekitaldia antolatu duen Peopleing agentziarekin batera, martxoaren 5etik 8ra, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Ercilla hoteleko logeletan antzeztuko dituzten 8 lanak aukeratu ditu. Bilboko Udalak tailer batzuk antolatu zituen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz, estereotipoak hausteaz eta arlo guztietan, baitan antzerki-arloan ere, emakumeek parte hartzeaz sentsibilizatzeko. Tailer horietan urtarrilaren erdialdetik aurrera zenbait antzezlan sortu dira eta horien artetik 4 antzezlan aukeratu dira sail profesionalean eta beste hainbeste sail amateurrean.

“Berdinentzat, Ezberdinentzat, Niretzat” mikro-antzerkiaren ekimenaren barruan antzeztuko dituzte aukeratutako lanak. Horren abiapuntua antzerkian interesatuta egotea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaz sentsibilizatuta egotea izan zen. Parte hartzeko sail bai egon dira: sail profesionala eta sail amateurra eta antolatzaileek prestakuntzan ere maila bi planteatu zituzten.

Alde batetik, sail profesionalean, antzerki munduko pertsonek aukera izan zuten euren testuak eta proposamenak aurkezteko, epaimahai batek ebaluatzeko eta egoki iritzitakoak aukeratzeko. Deialdi amateurrean arlo horretako profesionalak ez diren pertsonek ikasteko aukera izan zuten, baita ildo bitan lan egiteko ere: Antzerkirako gidoiak egitea, batetik, eta formatu txikiko lanak antzeztea, bestetik. Pertsona amateurrek ere aukera izan zuten euren lanak lehiaketara aurkezteko.

Antzerki munduan eskarmentu handia duten pertsonek edo genero-berdintasunaren arlokoek osatu zuten “Berdinentzat, Ezberdinentzat eta Niretzat” antzerki lehiaketako epaimahaia. Epaimahaikideak hauek izan dira: Galder Pérez antzezlea, Natalia Erice Arte Eszenikoen kazetaria, Garbiñe Mendizabal eta Amaia Domingo genero-berdintasunean adituak, eta Alfonso Roldán generoan aditua den kazetari beteranoa. Lan handia egin behar izan zuten martxoaren 5etik aurrera antzeztuko dituzten 8 lanak aukeratzeko. 29 antzezlan jaso zituzten: 17 sail profesionalean eta 12 sail amateurrean.

Oinarriekin bat etorrita, epaimahaiak lanen kalitate artistikoa, genero-ikusmoldea jasotzea eta gidoiak ekimenerako egokiak izatea baloratu zuen. Epaimahaiak jasotako lanen kalitate handia azpimarratu du, bai sail profesionalean, bai amateurrean.

Herritarrek martxoaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 18:30etik 22:30era, Ercilla hoteleko logeletan ikusi ahalko dituzten lanak hauexek dira:

Sail Profesionala

  • Criterios de Píndaro Celada
  • Egilea: Ángel Martín Rizaldos

Preguntar por Píndaro Celada mikro-antzerkirako lana egin zuen autoreak berriz ere ekin gura izan dio bizi garen gizarte bidegabe honen kritika zorrotz eta surrealistari. Lehenengo lan hartan gizon bat, Polibio izena zuenak, gura zuen lanerako elkarrizketa bat izan Píndaro Celadarekin. Criterios de Píndaro Celada lanean Samira, agiririk ez duen etorkina da Polibiorekin topo egiten duena. Jatorrizko herrialdean emakumeek jasatan duten tiraniatik ihesi heldu da gurera Samira. Samira emakume libre eta indartsua da, haren printzipioen eta duintasunaren alde borroka egiten duena. Polibiori itxaroteari uko egingo dio eta askatasuna bilatzen arituko da etengabe, nahiz eta aukera horrekin behin eta berriz ahultasun handian geratu.

Pertsonaien originaltasunaz eta sakontasunaz gain, testuak modu poetikoan lantzen ditu berdintasunaren problematika eta gizonak eta emakumeak kartzela batean sartuta gaituen sistema hondatzailea.

  • Ctrl-c. 1936 / Ctrl-v. 2015
  • Egilea: Chema Trujillo

Kalitate artistiko handiko lan honetan Pasionaria figura historikoaren bidez emakumeen eskubideen aldeko borroka lantzen da. Chema Trujilloren testuan emakumeek historiari egindako ekarpena ikusgai jartzen da, Dolores Ibarruri emakumeen jabekuntzaren eta ahalduntzearen bidean aurrera egiteko egindako ahaleginen bidez. Haren diskurtsoetako hizkera oso zainduta dago, ñabarduraz betetako lan honetan. Dolores bera eta haren kide Francisco dira lanaren protagonistak.

Oraingo unea eta 1936ko kontestu latza lotuta geratzen dira lan zirraragarri honetan. Etorkizuneko emakumeak eurez harro agertzeko nahia zuten emakume borrokalarien ekintza gogoangarria aurkezten da antzezlan honetan.

  • Igualdad, inseguridades y otras confusiones
  • Egilea: Inés López Carrasco

Autore honen bakarrizketan emakumeek jasan beharreko baldintzatzaile sozialak agertzeko gaitasunaz da sinesgarria autorea. Ikusmolde barnerakoi batetik, umorea eta samurtasuna ere bertan direla, protagonistak narratzen du umetatik emakumea izatearen kontzientzia nola zuen. Ibilbide honetan emakumeen artean gorputzari, irudiari eta gaztetasunari ematen zaien balio handia agerian geratzen da. Balio horiek emakumeentzat bereizgarriak dira; bereizketa egiten dute, alegia.

Segurtasun ezaz, perfekzio ezaz eta ahultasunaz beteriko ibilbide zirraragarria narratzen du autoreak eta ikusleen konplizitatea lortuko du.

  • Buenas noches, madre
  • Egilea: Unai Izquierdo

Intentsitate handiko drama agertzen du autoreak zazpi orrialdetan; hori ama eta seme baten arteko harremanen bilakaeraren bidez. Antzezlanaren kalitate handiari amatasunaren erretratu hunkigarria gaineratu behar zaio. Amatasunean seme-alabekiko komunikazioak etapa asko ditu eta bidea bihurgunez beteta dago. Gizarteak estutzen duen emakume alarguna da obraren protagonista eta bere kasuan aipatutakoa intentsitate handiagoz gertatzen da.

Emakume baten bizitzako alderdi garrantzitsu honetan sakontzen duen lan bakarra da. Begirada sentiberaz ikusleak erakarriko ditu autoreak.

Sail Amateurra

  • La sencillez de la verdad
  • Egileak: Yolanda Abad, Nerea Arangoiti eta Maite Maleta

Lan freskoa, egitura dramatiko arin-arina duena. Emakume lesbiana bi azaltzen dira haien harremana eta duten alabarekin osatu duten familia babesteko borroka egiten. Familia-eredu ezberdinen alde egin dutenek jasotzen duten bereizkeria agertu gura izan dute egileek. Gaur egun ere nahiko ikusezina den errealitatea modu egokian lantzen dute egileek lan honetan.

  • La rebelión de las obras
  • Egilea: Amaia Benito

Antzezlan dibertigarri honetan umeen ipuinetan genero-bereizkeria zein kaltegarria den lantzen da. Loti Ederra ipuineko pertsonaiak matxinatuko dira lan honetan, printze urdinaren eta salbatu izateko itxaroten duen emakumearen mitoaz bukatzeko. Berdintasuna balioa duen eta adierazpen bereizgarririk gabeko gizartea izateko eskubidea errebindikatzen da lan honetan. Disney oso gaizki geratzen da lan honetan.

  • 5º Izquierda
  • Egilea: Elías Líster

Obra etxebizitza batean garatzen da. Genero-indarkeriaren biktima izan den emakume bat bizi da etxebizitza horretan. Hedabideetan ohikoak diren sentsazionalismotik eta hutsalkeriatik urrun, obra honetan genero-ezberdintasunaren maila mingarrietan gora egingo dugu, mailaz maila. Gazte bat ustekabean bikotekide ohiarekin topo egiten du eta berriro gertatzea ekidin beharreko iragan arriskugarria gogoratuko du.

  • Hombres, mujeres y viceversa
  • Egilea: César Muradas

Bikote topaketa batean emakumeen eta gizonen rolak trukatu egiten dira. Horrela bada, gizonak emakumeak balira bezala portatuko dira eta alderantziz. Umorea du antzezlan honek, baina baita gizonak eta emakumeak mugitzen jarraitzen dugun egitura finko horiei egindako kritika-dosi handiak ere. Edozein bikoterentzat rolen eta estereotipoen tranpan jaustea zein arriskugarria izan daitekeen dugu obraren hondoan.

Baina… zer da eta zelan funtzionatzen du mikro-antzerkiak?

Mikroantzezpenen formatuaz gehien jota 15 minutuko iraupena duen antzezlan bat antzezten dute, gehienez 15 ikuslerentzat. Artista eta ikuslea batu egiten dira eszenatokian, 15 metro karratu baino gutxiago duen gela batean. Programa honetan eszenatokiak Ercilla hoteleko logelak izango dira. 8 antzezlanak modu paraleloan antzeztuko dituzte, 8 logelatan, eta gelditu barik; hau da, egun bakoitzeko 4 eta 8 saio ezberdinen artean eskainiko dituzte antzezleek. Beraz, une guztietan ikusleek erabaki beharko dute zein antzezpen ikusi.

“Berdinentzat, Ezberdinentzat eta Niretzat” mikro-antzerkiari buruzko INFORMAZIO GEHIAGO:

  • Egunak: martxoaren 5a, 6a, 7a eta 8a.
  • Lekua: Ercilla hotela (Bilbo), logeletan.
  • Ordutegia: 18:30etik 22:30era gelditu barik.
  • Sarrerak: Txarteldegian antzezpena hasi baino lehentsuago hoteleko hallean erosi beharko dira.

Profesionalen antzezpenak: 4 €
Amateurren antzezpenak: 2 €.