EMAKUMEEN HIP HOP-ARI ESKAINITAKO BAZTER FEST PROGRAMA KALERA IRTENGO DA BERE LAUGARREN EDIZIOAN, IKUS-ENTZULEENGANDIK GERTUAGO EGOTEKO, LARUNBAT HONETAN, BILBOKO AREATZAN

Bilboko Udalak Eskina Femenina kolektiboaren laguntzarekin aurrera daraman ekimena goizeko 10:30ean hasiko da, Areatzako kioskoan, hiriko artearekin, inprobisazioarekin, tailerrekin eta etengabeko zuzeneko zortzi musika ordurekin, eta lehen aldiz nazioarteko bi artistekin: Kt Gorique (Suitza) eta Dj S. -One (Frantzia).

 

Bilboko Udalak eta Eskina Femenina kolektiboak Bazter Fest Emakumeen Hip Hop jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute datorren larunbaterako, irailaren 22rako. Aurten agertokia aldatu eta kalera irtengo du, Bilboko Areatzan ikus-entzule guztiengandik gertu egoteko, jende guztiari eskainitako jarduera ugarirekin eta kontzertuz betetako etengabeko zortzi ordu baino gehiagorekin, toki eta nazioarte mailako artista azpimarragarriekin.

Bazter Fest 2015ean sortu zen, helburu bikoitzarekin, Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea eta emakumeek hip hopean egiten duten lana, presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea. Izan ere, musika estilo horretan sortzen duten emakumeek euren jarduera ikusgai bilakatzeko beharra dute, gizonak nagusi diren munduan.

Bazter Fest jaialdiaren laugarren edizioa goizeko 10:30ean hasiko da, jende guztiarentzat zabalik egongo den eta Raquel Koroma dantzariak zuzenduko duen dancehall dantza masterclass-arekin. Era berean, Bea Aparicio artista bilbotarrak eta Marifx Arias diseinugile grafikoak zuzeneko artelana egingo dute, emakumeak ere graffitien eta horma-irudien munduko alde garrantzitsua direla erakusteko. Horretarako, jardunaldian zehar bizia hartuko duen irudia marraztuko dute Areatzako zenbait paneletan eta azaleratan. Goizeko jarduerak, DJ Txankletaren musika izango duen boxeo tailer batekin osatuko dira.

Programazioaren parte nagusia 13:00etan hasiko da, Hip Hop Non Stop saioarekin. Saio horren barruan etengabeko zortzi kontzertu jasoko dira, toki eta nazioarte mailako artista azpimarragarriekin. Ekitaldia inauguratzearen arduraduna Aiama Music Bermeoko artista izango da, eta horren ostean Herbalist Fyah rap egilea eta Zirze nafarra etorriko dira.

Vittersweet artista bilbotarrak rap eta R&B show freskoa eskainiko du 16:30etik aurrera, eta bere ondoren dancehall reggae estiloa duen Mad Muasel arituko da. Ondoren, etorkizun handiko bertako artista baten txanda izango da, Kenna I, ikus-entzuleak edizio honetan parte hartuko duten nazioarteko artistak hartzeko prestatuko dituena. Suitzatik datorren eta inprobisazio guda txapelduna den Kt Gorique artista gaztea, azken garaietako apustu freskoenetakoa. Letra zuzenak eta eszenan jartze paregabea. Amaitzeko, Dj S. -One frantsesak itxiko du jaialdia, eskola zaharreko rap saioarekin. Biniloak nahasten aitzindaria den DJa da, eta emakumeek egindako rap-aren historia osotik ibilbidea eskainiko die ikus-entzuleei.

Programatutako jardueretako hainbatetan parte hartuko duten La Basu eta Aneguria dira Eskina Femenina egitasmoaren arduradunak, eta bertatik Hip Hop kulturaren barruan dauden emakumeei laguntzen diete. Idazketa tailerrak eskaintzeaz gain, ekitaldiak osatzen dituzte eszenatokietara igotzea erabakitzen duten emakume guztiekin, musikaren barruan merezi duten lekua emanez.

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus helbidean

“BAZTER FEST #4” AGENDA

LARUNBATA, 22. AREATZAKO KIOSKOAN (BILBO)

10.30- Jaialdiaren hasiera – Comienzo del festival

TAILERRAK
10:30 Dancehall Raquel Koroma
10:30 Muralismoa Bea Aparicio + Marifx Arias
12:00 Boxeoa Nerea Pascual + DJ Txankleta

KONTZERTUAK

13:00 Aiama Music
14:10 Herbalist Fyah
15:20 Zirze
16:30 Vittersweet
17:40 Mad Muasel
18:50 Kenna I
20:30 Kt Gorique
21:30 Dj S. -One