EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNAREKIN BAT ETORRIZ, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” PROGRAMAK LAURA FREIXAS ETA ANNA CABALLÉ IDAZLEAK BILDUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATUR EKOIZPENEAN DAGOEN GENERO BERDINTASUNA AZTERTZEKO

Arantxa Urretabizkaia idazleak aurkeztuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN ekimenak, Laura Freixas eta Anna Caballé idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, MARTXOAREN 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, literaturaren alorrean dagoen benetako genero berdintasuna aztertzeko. Topaketa Arantxa Urretabizkaia idazleak moderatuko du.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.

Emakumearen Nazioarteko Egunean, hilero literaturarekin dugun hitzordura gonbidatu ditugun emakume idazleek begirada emango diote, idaztea eta, batez ere argitaratzea, emakumeentzat zein zaila izan den argi eta garbi erakusten duen historiari. Abiapuntu horretan oinarrituz, literatur sistemaren barruan emakumeak une honetan duen egoera azaltzen ahaleginduko dira, eta baita beste gai batzuk ere, emakume izateak idazten den horretan duen eragina, testu anonimo batean emakumearen eskua ikus daitekeen ala ez, ezarritako kanonak eta irakurleen gustuak eta euren sexu bereko idazleek idatzitakoa nahiago duten ala ez.

Laura Freixas (Bartzelona, 1958) editore, literatur kritikari eta itzultzailea Zuzenbidean lizentziatu zen 1980an, baina idaztea izan da beti bere lanbidea. 1988an egin zen ezaguna “El asesino en la muñeca” kontakizun bildumarekin. 1997an “Último domingo en Londres” lehenengo eleberria argitaratu zuen, eta haren ondoren “Entre amigas” eta “Amor o lo que sea” etorri ziren. Beste kontakizun liburu bat eta autobiografia bat, “Adolescencia en Barcelona hacia 1970” (2007), ere argitaratu ditu. Argitaratu duen azken liburua “Una vida subterránea. Diario 1991-1994” (2013) da.

Narraziogintzan egin duen lanarekin batera, Laura Freixasek lan handia egin du emakumeek idatzitako literaturaren aztertzaile eta sustatzaile gisa. 1996an “Madres e hijas”, emakume idazle espainiar garaikideen kontakizunen antologia koordinatu eta hitzaurrea idatzi zuen, eta 2000. urtean “Literatura y mujeres” saiakera lan garrantzitsua argitaratu zuen. 2009an antzeko ezaugarriak dituen “Cuentos de amigas” antologia kaleratu zen, eta baita “La novela femenil y sus lectrices” (Leonor de Guzmán Saria) lana ere.

Anna Caballé, bere aldetik, Espainiar Literatura irakasle titularra da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Azterlan Biografikoen Unitateko, DGICYT-ek (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa) finantzatzen duen ikerketa zentroko, arduraduna. Izan ere, bere ibilbide akademikoa idazketa autobiografikoa berreskuratzera eta aztertzera zuzendu du. Dokumentu biografikoaren izaerari eta haren sorkuntzari buruzko saiakerak eta Francisco Umbral edo Carmen Laforet bezalako egile handien biografiak argitaratu ditu. 2009an Gazel saria irabazi zuen “Una mujer en fuga” liburuarekin.

Horrez gain, bere lan akademikoetako askotan emakumearen lekua aztertzen du, “El bolso de Ana Karenina” (2008) liburuan, besteak beste. Bertan, Marie Clarie aldizkarian argitaratutako bere testuak berreskuratzen ditu, historiak, harrigarria bada ere, ahaztu dituen emakumeen biografia laburrak aurkezteko, kronika gisa. Nor garen jakiteko ezinbestekoak izan diren emakumeak, sarritan topikoak eta arauak apurtu zituzten emakumeak, hain zuzen ere.

HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren hedapenerako eta gizarte eta zientzia ezagupenerako gunea da.