ELVIRA LINDO IDAZLEA IZANGO BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ANTOLATZEN DUEN “XXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” PROGRAMAKO BESTE TOPAKETA BATEKO GONBIDATUA

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da datorren asteazkenean, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei buruzko “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloari berrekingo dio asteazkenean, azaroaren 28an. Hitzordu berri honek Elvira Lindo idazle andaluziarra, Manolito Gafotas pertsonaia ezagunaren egilea, jasoko du. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera bikaina jaso duten literatura garaikideko emakume idazleengan zentratzeko xedez. Orain arte topaketetan parte hartu dutenak hauek izan dira: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Najat El Hachmi eta Karmele Jaio.

Topaketa berri hau bat dator 30 maneras de quitarse el sombrero (Seix Barral) Elvira Lindoren azken liburuaren argitalpenarekin, euren lana gizonezkoen kanonetik aparte aurrera eraman duten emakume sortzaileen lana eta bizi izan ziren garaia aztertzen duten 29 saiakeraren bilduma. Izan ere, hogeiko hamarkadan, Maruja Mallok, Margarita Mansok eta Concha Méndezek garai hartako arauei aurre egin zieten, Puerta del Solen bertan kapela kentzean, keinu hori desobedientzia ekintza bilakatuz. Emakume idazleek, margolariek, argazkilariek eta hainbat diziplinatako sortzaileek euren eredua jarraitu dute, euren iritziak adieraziz eta munduari buruz duten ikuspegi berezia euren garaiko kultur debatera eramanez. Historian zehar asko izan dira gehien bat gizonezkoen esku zegoen komunitate intelektualetik urrunduta izan dituen gizarte arloko inposizioaren kapela kendu behar izan duten emakumeak.

Elvira Lindo (Cadiz, 1962) irratian hasi zen lanean, hemeretzi urte zituela, esatari, aurkezle eta gidoilari gisa, eta lan bera egin zuen ondoren telebistan. Gidoi horietatik sortu zen Manolito Gafotas pertsonaia, arrakastatsu handia lortu zuena seriearen lehen argitalpenean, 1994an, eta 1998an Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala lortu zuena. El otro barrio (1998), eszenatokietarako moldatutako Algo más inesperado que la muerte (2003), Lo que me queda por vivir (2010), Lugares que no quiero compartir con nadie (2011) eta Noches sin dormir (2015) eleberriak argitaratu ditu. 2005ean Biblioteca Breve Saria jaso zuen, arrakasta handiz zinera eraman zen Una palabra tuya eleberriarengatik. Une honetan El País egunkarian aritzen da.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.