BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ANTOLATZEN DUEN “XXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” PROGRAMAK, PROTAGONISTA DETEKTIBE FAMILIA BITXIA DUEN ROSA RIBASEN “UN ASUNTO DEMASIADO FAMILIAR” ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU OSTEGUNEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei eskainitako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” programari berrekingo dio ostegun honetan, irailaren 12an. Hitzordu berri honen protagonista Rosa Ribas izango da, estatuko noir izenekoaren maiesuetako bat, eta protagonista detektibe familia bitxia duen “Un asunto demasiado familiar” eleberria aurkeztuko du. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak aurkezten duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera ona jaso duten literatura garaikideko emakume egileen lanean zentratzeko xedez. Orain arte Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Clara Usón, Elvira Lindo, Najat El Hachmi, Karmele Jaio eta María Sánchez idazleek hartu dute parte topaketetan.

“Un asunto demasiado familiar” eleberria Bartzelonan dago girotuta. Mateo Hernándezen detektibe agentziaren egoitza Sant Andreu auzo ezaguneko kale nagusietako batean dago. Mateorekin batera, Marc eta Amalia seme-alabek eta gai ilunenez arduratzen den Ayala laguntzaileak egiten dute lan. Horrez gain, batzuetan, modu berezian, Lolak, Mateoren emazteak, ere hartzen du parte. Kasuei buruz dituen intuizioak ustekabean zuzenak izan ohi dira. Duela hilabete gutxi arte Nora, bikotearen alaba nagusia, ere taldeko kide zen, baina une honetan inork ez daki non dagoen; minbizi isila balitz bezala, familiako, eta baita enpresako, bizikidetza jaten ari den ardura.

Egun batean Carlos Guzmán oso eraikitzaile indartsua, auzoan denek ezagutzen dutena eta, aldi berean, denen beldurra eragiten duena, joan da agentziako bulegora. Guzmánek, zenbait egun desagertuta daramatzan semea aurkitzeko agindu dio Mateori. Agian, semearen desagerketa aitaren negozio ilunekin egon daiteke erlazionatuta. Ikerketak pertsonaien arteko ezusteko loturak, iragan konpartituak eta klan bakoitzak dituen kontu sekretuak erakutsiko ditu… Eta, horrela, desagerpen batek beste batera eramango gaitu.

Estatu mailako noir estiloko saltzaile nagusietakoa, Rosa Ribasek (El Prat de Llobregat, Bartzelona, 1963) Filosofia Hispaniarra ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean. El pintor de Flandes, La detective miope eta Miss Fifty eleberriak eta Cornelia Weber-Tejedor komisario hispaniar-alemana protagonista duen polizia seriea idatzi ditu. Siruelan, Sabine Hofmann-ekin batera, Don de lenguas eta El gran frío polizia eleberriak argitaratu ditu, hainbat hizkuntzatara arrakasta handiz itzulitako lanak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.