EUSKAL HERRIKO ETA EXTREMADURAKO FOLKLOREEK BASURTU AUZOA BETEKO DUTE ASTEBURU HONETAN, “PLAZARIK PLAZA” PROGRAMAREN BARRUAN

Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntza duen Bilboko Udalaren ekimenaren barruan dantza erakustaldiak eta erraldoiekin eta buruhandiekin egingo diren kalejirak egongo dira, Piornaleko (Cáceres) Coros y Danzas “La Serrana” taldeak eskainiko duen erakustaldiarekin batera.

Jarduerak, herri folklorea sustatzeko helburua duen “Plazarik Plaza” programaren barruan sartzen dira, eta Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere badu.

Folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “Plazarik Plaza” programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Programa Basurtun gauzatuko da asteburu honetan, URRIAREN 6an, 7an eta 8an (Aita Donostia plazan eta inguruetan).

Beste urte batez Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere baduen programaren edizio honen gonbidatu berezia Extremadurako Coros y Danzas “La Serrana” taldea izango da. Euren lanaren erakusketa eskainiko diete Bilboko ikus-entzuleei, eta Cacereseko musikaz, dantzaz eta antzinako tradizioez beteko dituzte Basurtuko kaleak.

Coros y Danzas “La Serrana” taldeak jarduera aukera zabalari eusten dio azken hiru hamarkadatan, eta umeentzako dantza eskola ere badu. Elkarteak berrogeita hamar kide baino gehiago ditu, eta modu iraunkorrean hartzen du parte Munduko Herrien Jaialdian. Piornaleko folklore aberatsaz gain, taldeak jota berri bat dauka 2015etik, taldeak bere 30. urteurrena ospatzeko egindako Jota Jarramplera izenekoa.

“Plazarik Plaza” ekimenaren edizio honetako jai giroko programazioa ostiralean, urriaren 6an, hasiko da, arratsaldeko 18:30ean, Basurtu auzoan, trikitiarekin, eta ondoren umeei zuzendutako musika animazioa etorriko da, DJarekin eta Patrulla Caninarekin. Baina programatutako jarduera gehienak larunbatean izango dira. Egun horretako jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Beti Jai Alai taldeak buruhandiekin eta erraldoiekin batera egingo duen kalejirarekin.

Arratsaldeko programazioa 18:30ean hasiko da kalejira batekin, eta gauera arte luzatuko da, 19:00etan hasita Beti Jai Alai taldearen bertako folklorea eta gonbidatutako taldearen erritmo herrikoiak eskainiko dituen emanaldiarekin. Jardunaldiari amaiera emateko Orquesta Iris izango dugu, gaueko 21:00etatik aurrera.

Jai egitarauak domekan jarraituko du, umeen euskal folklore taldeei arreta berezia eskainiz. Txikiek emanaldia eskainiko dute Aita Donostia plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera, kalejiran auzoko beste leku batzuetatik igaro ondoren.

“PLAZARIK PLAZA” EGITARAUA
LEKUA. Aita Donostia plaza eta inguruak

URRIAK 6
18:30 – Kalejira Trikitixa
20:00 – DJa La Patrulla Caninarekin

URRIAK 7
12:00 – Kalejira: Erraldoiak eta buruhandiak Beti Jai Alairekin
18:30 – Kalejira: Beti Jai Alai eta Piornaleko Coros y Danzas La Serrana (Cáceres)
19:00 – Dantza erakustaldia Piornaleko Coros y Danzas La Serrana (Cáceres) eta Beti Jai Alai taldeekin
21:00 – Orquesta Iris

URRIAK 8
11:00 – Kalejira umeen dantza taldeekin
12:00 – Erakustaldia umeen dantza taldeekin.