BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK–ZINEBIK, HIL ONDORENGO OHOREZKO MIKELDIA EMANGO DIO AITOR MAZO ANTZEZLEARI, BERE IBILBIDEA ETA ANTZEZLE GISA IZAN DUEN IZAERA INDARTSUA AINTZATETSIZ

Entrega ekitaldia jaialdiaren hasierako galan izango da, AZAROAREN 13an, Arriaga Antzokian.

Azaroaren 13tik 20ra 57. edizioa ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio duela denbora gutxi desagertu den Aitor Mazo antzezleari. Saria, ohikoa denez Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, azaroaren 13an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, ospatuko den ZINEBI 57ren inaugurazio ekitaldian emango da.

ZINEBI 57k, joan den maiatzean hil zen Aitor Mazo antzezle bilbotar handiari, Euskadiko eta Espainiako zineak, antzerkiak eta telebistak azken hamarkadatan eman duten aurpegi ezagun eta maitekorrenetako bati, emango dio bere Ohorezko Mikeldietako bat. Sari hori bilbotar guztien maitasunaren eta jaialdiak goitik beherako antzezle baten lanaren aurrean duen aintzatespenaren adierazpena da. Erregistro dramatikoen aniztasun handiak eta antzezle gisa izan duen izaera indartsuak markatu dituzte bere lan guztiak.

1961ean Santutxu auzoan jaio zen Aitor Mazok fotogenia eta aldakortasun handiko fisikoa izan zuen, eta horrek mota guztietako lanak egiteko aukera eman zion antzerkiko antzezle, eta gure herrialdeko zine zuzendari hoberenen esanetara eta telebista saio handienetan aritutako ezinbesteko antzezle gisa, taldeko antzezle gisa, gehienetan. Gaztetatik izan zuen antzerkirako bokazioaren ondorioz Maskarada taldean sartu zen, eta hori izan zen bere benetako eskola, gaztelaniaz zein euskaraz egin zuen lan eszenako gizon gisa. Izan ere, heriotzak Tanttaka konpainiarekin lanean ari zela harrapatu zuen. Konpainia horrekin bira batean ari zen, Alfredo Sanzolen La calma mágica lanarekin.

Zineko antzezle gisa egin zituen lehenengo lanak A los cuatro vientos (José Antonio Zorrilla, 1987) eta Vacas (Julio Médem, 1992) izan ziren, eta horien ondoren bigarren mailako antzezle gisa aritu zen Gonzalo Suárezen (La reina anónima, 1992), Luis García Berlangaren (Todos a la cárcel, 1993), Enrique Urbizuren (Cachito, 1995) edo Juanma Bajo Ulloaren (Airbag, 1997) esanetara. Azken lan hori oso garrantzitsua izan zen bere karreran.

Bere filmografiak beste lan askorekin jarraitu zuen, Álex de la Iglesiaren (La comunidad, 2000), Emilio Martínez Lázaroren (La voz de su amo, 2001), Manuel Gutiérrez Aragónen (Visionarios, 2001), Francesc Bellmunten (Lisístrata, 2002), Miguel Courtoisen (El lobo, 2004), Daniela Fejermanen (Siete minutos, 2009), Ernesto del Ríoren (Valeria descalza, 2011) eta Pablo Maloren (Lasa y Zabala, 2014) esanetara; 2014. urtean, Emilio Martínez Lázaroren Ocho apellidos vascos lanean ere hartu zuen parte, parroko lotsabako samar eta maitakorrarena eginez.

Aitor Mazok gidoilari eta zuzendari lana ere egin zuen Patxo Tellería lankide eta adiskidearekin La máquina de pintar nubes (2009), Versión Española-ALMA Film Luzeen Lehenengo Gidoi Lehiaketaren saria lortuz, eta Bypass (2012) lanetan. Horrez gain, hainbat film laburretan ere hartu zuen parte, horien artean zinean egindako bere azken lana izan denean, ZINEBI 57rako aukeratutako Artificial (David P. Sañudo, 2015). Film hori jaialdiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da, euskal zineari eskainitako lehiaketa barruko sekzio ofizialean.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 57. edizioak bilbotar eta antzezle handiari esango dio agur, baina, batez ere, bere ibilbide luzean berarekin lanean aritu diren lankide askok eta askok gogoratu dutenez, talentuz betetako eta bere lanbidearekin maitemindutako umore bikaineko adiskide handiari esango dio agur.

Prentsa bulegoa
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com