BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK MÁRTA MÉSZÁROS ZINEGILE HUNGARIAR OSPETSUARI EMAN DIO BERE 61. EDIZIOKO OHOREZKO MIKELDIA, ZINE GARAIKIDEARI EGIN DION EKARPENA ETA BERDINTASUNAREN ALDE IZANDAKO PERTSEBERANTZIA ARTISTIKOA AINTZATETSIZ

ZINEBIk egilearen lan garrantzitsuenen aukeraketa emango du Arte Eder Museoan, horien artean, berriztatutako kopia Berlingo azken zinemaldian estreinatu duen Örökbefogadás (Adopzioa, 1975). Berlinen lehiatu zen Hungariako lehenengo filma izan zen, 1975ean Film Onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen eta Márta Mészáros sari hori irabazi zuen lehenengo emakumea bilakatu zuen.

ZINEBIren 61. edizioa azaroaren 8tik 15era ospatuko da, eta saria amaiera ekitaldian banatuko da, Arriaga Antzokiko agertoki nagusian, 20:00etatik aurrera.

 

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Márta Mészáros zinegile hungariarrari emango dio 61. edizioko Ohorezko Mikeldia, bere filmetako irudietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko betebehar artistiko eta bital nekaezinaren lehenengo arrazoietako bat aurkitzen jakin izan duen emakumearen lana eta zine garaikideari egin dion ekarpena aintzatesteko. Omenaldia ZINEBI 61en amaiera ekitaldian jasoko du, azaroaren 15ean, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian.

Márta Mészárosek (Kispest, Hungaria, 1931), 1967an Hungarian film luze bat errodatu zuen lehenengo emakumeak, zinean egin duen lan zabalaren ezaugarri nagusia emakumeenganako erakutsi duen etengabeko interesa izan da, emakumearen errealitate desberdinetatik, alaba, ama, emazte, langile, adiskide eta maitale gisa, bere kameraren bitartez, euren buruak eta inguratzen dituen mundua ulertzeko egunero egiten zuten esfortzua eta borondatea jasoz.

Eskulturagile komunista baten eta alemaniera irakasle baten alaba, aitaren konpromiso politikoaren ondorioz familia Sobiet Batasunera joan zen 1936an, eta handik denbora gutxira Kirgizistanera. 1938an, Stalinek agindutako purgatan, aita atxilotu eta ordutik ez zuten haren berri izan. Ama denbora gutxira hil zen. 1947an, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, Márta Hungariara itzuli zen, eta 1951n Moskuko Zinematografia Goi Eskolan ikasteko beka bat lortu zuen.

Moskun graduatu eta denbora gutxira, 1956an, bere lehenengo film laburra egin zuen, Ujra mosolyognak (eurek berriro egiten dute irribarre) film labur egile gisa egin duen jarduera handiari hasiera eman ziona, dokumentalak, gehienetan. Etapa sortzaile luze horretan, Márta Mészárosek bi inspirazio nagusi izan zituen. Lehenengoa, pintura eta eskultura, János Tornyai eta Victor Vasarely margolarien eta Miklós Borsos eskulturagilearen lanei eskainitako zenbait film, hain zuzen ere. Beste inspirazio nagusia, bere filmografiaren asmoak ulertzeko askoz esanguratsuagoa, haurtzaroa eta nerabezaroa izan ziren, sakontasun liriko, humanista eta bitalitatez betea erakusten duen ikuspegia duten zenbait film labur. Ezaugarri horiek indarrean jarraituko dute film luzeen egile gisa ondoren egin duen bidean.

Lehenengoa Eltávozott nap (Neska) (1968) izan zen, emakume batek Hungarian zuzendu zuen lehenengo filma. Bertan jadanik erakutsi zuen emakumeengana eta haien existentziaren baldintza materialetara eta izpiritualetara hurbiltzeko interesa. Film horrek Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Valladolideko Nazioarteko Zinearen Astean.

Opera prima hori bat etorri zen Hungariako zineak ezagutu zuen zaharberritze sakon unearekin, Frantziako Nouvelle vague izenekoaren harira. Horien artean György Révész, Miklós Jancsó, Istvan Szabó eta György Hintsch zinegile helduak zeuden, eta euren ondoan Mészáros hasi berria. Holdudvar (Sentimenduak) (1968) bigarren film luzearekin, askoz ere askatasun maila handiagoa lortu zuen gaiei eta formari zegokienez, emakumeenak ziren abaguneak eta arazoak lantzen jarraitzeko. Adierazpen poetiko, samurtasun eta enpatia gaitasun handiarekin lantzen jakin zuen.

1975ean, Örökbefogadás (Adopzioa) lanaren errodatze lana hasi zuen. Lan hori oso garrantzitsua izan zen bere ibilbide emankorrean, Berlingo Nazioarteko Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Hartza eta nazioarteko kritikaren aho bateko aintzatespena irabazi zituen. Film horrek sari hori irabazi zuen lehenengo emakumea bilakatu zuen Márta Mészáros. Hurrengo urtean, 1976an, Zine Prentsaren Nazioarteko Federazioaren (FIPRESCI) saria lortu zuen, Kilenc Hónap (Bederatzi hilabete) lanari esker. Antzezle taldearen buru Jan Nowicki poloniarra izan zen, bere film gehienen protagonista. 1978an Olyan mint otthon (Etxean bezala) zuzendu zuen, hori ere Nowicki eta Anna Karina antzezle frantsesa protagonista zirela. Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1979ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian.

1984an, Márta Mészárosek bere proiektu pertsonalenari ekitea erabaki zuen, bere haurtzaroari eta bere familiaren historiari buruzko trilogia, Egunkari pertsonala izen orokorra zeramana. Urte horretan bertan, Napló gyermekeimnek (Nire seme-alabentzako egunkaria) trilogia horretako lehenengo piezak, Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusi Berezia irabazi zuen. Haren ondoren Napló szerelmeimnek (Nire maitasunen egunkaria) (1987) Berlinaleko Zilarrezko Hartza irabazi zuena, eta Napló apamnak, anyamnak (Nire gurasoen egukaria) (1990) etorri ziren.

Trilogia hori egiten ari zela, 1986an, garai hartan Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburraren Nazioarteko Sariketa zenaren 28. edizioko Lehiaketarako Sekzio Ofizialean hartu zuen parte, Ave Maria dokumentalarekin, bizitza hobearen bila Estatu Batuetara emigratu behar izan zuten milioika gizon, emakume eta umeei eskainitako omenaldi hunkigarria. Film horretan Julie Christie antzezle britainiar handia aritu zen gonbidatu gisa.

2004an, 1956ko komunismoaren kontrako iraultzako protesta handien garaian Hungariako lehen ministro zen Imre Nagy politikariari buruzko A temetetlen halott (Lurperatu gabeko gizona) zuzendu zuen. 2007an Berlingo Zinemaldiko Berlinale Camera saria jaso zuen, bere zine ibilbide osoa aintzatetsiz.

Zinegilearen lanaren parte handia zaharberritu duen Hungariako Zine Fondoen Artxibategi Nazionalaren lankidetzarekin, ZINEBI 61k Márta Mészárosen filmografiako lan garrantzitsuenetako batzuk erakutsiko ditu. Horien artean azpimarratzekoak dira Mészáros László emlékére (In Memoriam László Mészáros, 1978 ) film laburra, Eltávozott nap (Neska, 1967), Örökbefogadás (Adopzioa, 1975), Szép lányok, ne sírjatok! (Don´t cry pretty girls!, 1970) eta Napló gyermekeimnek (Nire seme-alabentzako egunkaria, 1984). Emanaldiak Arte Eder Museoan izango dira, Ohorezko Mikeldia eman aurreko egunetan. Azaroaren 14an 19:00etan izango den emanaldian Márta Mészáros bera egongo da.

KOMUNIKABIDEEN AKREDITAZIOA:
ESKARI EPEA URRIAREN 1ETIK 27RA, JAIALDIKO WEBGUNEAREN BITARTEZ: http://zinebi.eus/web/prensa/acreditaciones/

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 61
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
[email protected]