BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK BERE 62. EDIZIOA IREKIKO DU AZAROAREN 13AN, OSTIRALA, ARRIAGA ANTZOKIAN

Prentsa Oharra Deskargatu

Aurtengo ZINEBIko sail ezberdinetan 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira: 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze.
ZINEBIk Ohorezko Mikeldi sariak Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei eta Ana Murugarren eta María Eugenia Salaverri euskaldunei emango dizkie.
ZINEBIren 62. edizioa hibridoa izango da, hau da, filmak zine-aretoetan erakusteaz gain, zenbait proiekzio eta jarduera online egingo dira.

Cartel Zinebi 2020Bilbon, 2020ko urriaren 21ean).- Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia – ZINEBI 62, datorren ostiralean, azaroak 13, hasiko da Arriaga Antzokian, eta hilaren 20an amaituko da. 62. edizio honetako programazioa gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan,. Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriaren, Kultura eta Hizkuntza Politikarako kontseilari eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriaren eta ZINEBIko zuzendari Vanesa Fernándezen parte-hartzearekin.

ZINEBI 62an 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira; 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze. Jaialdia lau sekzio nagusik osatzen dute. Lehenengoa, Nazioarteko Lehiaketaren sekzio ofiziala, zuzendari berrien lanari eskainita dago eta bi lehiaketatan banatuta dago: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF – Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa, zeina, izenak argi adierazten duenez, zuzendari berrien lehendabiziko lanari eskainitako sekzioa baita; Beautiful Docs, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen ari dena islatzeko sekzio ez-lehiakorra; eta Bertoko Begiradak – Miradas Desde Euskadi sorta, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako ekoizle, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitako sekzioa. lehiaketatik kanpo Euskadin ekoitzitako film labur eta film luze dokumentalez osatutakoa. Jaialdian aurkeztuko diren filmen %50 baino gehiago emakumeek zuzentzen dituzte eta programazioaren %50 baino gehiago Estatuko estreinaldiak dira.

 

OHOREZKO MIKELDI SARIAK

ZINEBIk OHOREZKO MIKELDI sarien bitartez goraipatu egin nahi du nazioarteko zine garaikidean diharduten emakume eta gizon garrantzitsuen ibilbide eta dimentsio artistikoa. Aurten, film laburretatik eta dokumentaletik abiatu diren hiru zinemagile handiri emango zaie garaikurra. Batetik, Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei emango zaie saria, zeinak mundu osoko kritikaren eta ikusleen gorazarrea jaso baitute beren fikziozko lanengatik. Canneseko Jaialdian Urrezko Palma bi lortu dituzten zinemagile apur horietakoak dira. Hala, jaialdiak Estatu mailako estreinaldien artean, Dardenne anaien lehendabiziko film luze dokumentaletako baten bertsio berritua eskainiko du, Le chant du rossignol (1977). Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinearen aitzindari izan diren bi emakumeren lana ere aitortuko du ZINEBIk aurtengo edizioan: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik.

 

NAZIOARTEKO LEIHAKETA

ZINEBIren 62. edizioan 101 herrialdetatik ekarritako 3.525 film labur aurkeztu dira; horietatik, Hautaketa Batzordeak 30 herrialdetako 60 aukeratu ditu Sail Ofizialean – Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko. Lan horietatik berrogeita hemeretzi estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Titulo horiek, besteak beste, JAIALDIKO SARI NAGUSIA, 7.000 eurokoa, eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren MIKELDIAK lortzeko leihatuko dira: fikzioa (21 titulu), dokumentala (20 titulu) eta animazioa (19 titulu). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean 7 euskal zinegileek egindakoak dira eta 8 estatukoak. Parte-hartze handia eta askotarikoa, lehiaketak bere generoan duen nazioarteko dimentsioa egiaztatzen duena. Nabarmentzekoa da, gainera, lehiaketan parte hartuko duten  filmetatik erdiak baino gehiago estatuko estreinaldiak dira. Nazioarteko lehiaketa-maila honekin, ZINEBIk bere nortasunaren ezaugarri nagusietako bati eusten dio, film laburrari. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) nazioarteko lehiaketa kategoria goreneko jaialdi gisa aintzatetsi zuenetik, bost kontinenteetako zuzendari gazteen sormena eta talentua sustatzen jarraitzen du, formatu horretako hautaketaren bitartez. Horrez gain, Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du ZINEBI, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

ZINEBI 62an ere izango da opera prima film luzeei buruzko nazioarteko lehiaketaren bosgarren edizioa: ZINEBI FIRST FILM (ZIFF). Aurreko urteetan bezala, bederatzi film luze estreinatuko dira Estatuan, eta 12.000 euroko ZINEBI FIRST FILM saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horren bitartez, ZINEBIk bide-laguntza eskaini nahi die film laburrean hasi eta film luzeetarako jauzia egin duten zine zuzendarien belaunaldi berriei.

 

ZINEBI 62REN PALMARESA

Azaroaren 20an jakitera emango den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek (5.000 euro), Ikus-entzuleen ETB Sariak (3.000 euro), SGAE- Gidoi onenaren sariak (3.000 euro), FAS Zineklubaren Sariak (2.000 euro) eta UNICEF saria (zuzkidura ekonomikorik gabea).

 

ATAL PARALELOA

Beautiful Docs sailean azpimarratzekoak dira nazioarteko ospea duten zinemagileen azken lanak. Saila osatzen duten 9 film luze dokumentalen artean daude hainbat zinemagile ospetsuen lan berrienen estatu mailako estreinaldiak (Ulrike Ottinger, Frederick Wiseman eta JIA Zhang-ke zuzendarien azken lanak, besteak beste).

Gainera, BERTOKO BEGIRADAK – MIRADAS DESDE EUSKADI saila sortu berri diren 22 film laburrek eta 7 film luzek osatuko dute aurtengoan. Honako estreinaldi hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Josu Rekalderen Esther Ferrer Hilos de tiempo lana, diziplina arteko euskal artistari buruzkoa; ZINEBIren 61. edizioan Espainiako Zinearen Sari Handia irabazi zuen Paula Iglesiasek eta Marta Gómezek zuzendutako Fabricando mujeres 2.0. Sail honetan eskainiko dira, baita, Pablo Maquedaren Dear Werner (Walking On Cinema) dokumentalaren aurre-estreinaldia; Javier Rebollok zuzendutako De los ojos adentro lanaren proiekzioa (Ohorezko Mikeldia jasoko duen Maria Eugenia Salaverriren ekoizpen eta gidoia duena); eta Josep Morell eta Jordi Vilarrek zuzendutako Ernest Lluch, libre y atrevido lanaren aurkezpena Bilbon.

Halaber, aurten bereziki nabarmendu nahi ditugu film laburrak, egungo zine arloko zuzendari interesgarrienetako asko elkartzen baitira genero horren inguruan. Jonas Mekasen omenez sortu den GLIMPSES – DISTIRAK izeneko sailaren harira izango da hori; izan ere, Jonas Mekasek normaltasun osoz uztartu izan zituen beti hiru edo bost orduko film luzeak eta film labur erako apunteak. Aitzakia horrekin bildu ditugu, besteak beste, Luca Guadagnino italiarraren, Jafar Panahi iraniarraren, Guy Maddin kanadarraren, Alice Rohrwacher italiarraren, JR frantsesaren eta Sergei Loznitsa bielorrusiarraren azken film laburrak, guztiak 2020an estreinatutakoak.

 

EMANALDI BEREZIAK

Emanaldi Bereziek osatzen dute ZINEBI 62. Edizioaren programazioa. Aurten, ZINEBIren 2010eko Ohorezko Mikeldia jaso zuen Luis de Pablo konpositore bilbotarra omenduko da berriro ere, Veneziako biurtekoan musika arloko Ohorezko Urrezko Lehoia jaso berri duena; ZINEMA_ILEGALA programaren hamargarren urteurrena ere ospatuko da (Solokoetxe kaleko egoitzatik Bulegoa z/ba arte eta jakintza arloko bulegoaren ekimena).

 

EDIZIO HIBRIDOA

ZINEBIren 62. edizioa hibridoa izango da; filmak zine-aretoetan erakusteaz gain -beti egin dugun bezala-zenbait proiekzio eta jarduera online egingo dira. ZINEBIk, hortaz, ahalegin guztiak egingo ditu jaialdia segurua izan dadin berau posible egiten duten pertsona guztientzat; ikusleentzat, gonbidatuentzat, komunikabideentzat, langileentzat zein enpresa hornitzaileentzat. Hortaz, film ugari eta askotarikoak aurkeztu eta erakutsi ahal izango dira: mantendu egingo da -osasun baldintzek hartarako aukera ematen badute- ahalik eta film gehien aurrez aurre proiektatzeko asmoa. Baina, era berean, online erakustaldia ere egingo da, Filmin eta FESTHOME plataformen bitartez.

 

EGOITZAK ETA SARRERAK

Jaialdiak aurten ere baditu egoitza ezberdinak: Arriaga Antzokia, Gólem – Alhóndiga Zinemak, Azkuna Zentroko Auditorioa eta Arte Ederren Museoa. Azkuna Zentroko Auditorioko eta Gólem – Alhóndiga Zinemetako proiekzioetarako, banakako sarrerak (4,50 euro) eta 10 saioko bonuak (35 euro) erosi ahal izango dira azaroaren 1etik aurrera, Gólemeko leihatiletan. Arte Ederren Museoan egingo diren ekitaldietarako sarrerak 3,50 euro kostatuko dira. Gainera, ZINEBIk bonu bereziak aterako ditu 20 € honako kolektibo hauentzat: erretiratuak (eta 60 urtetik gorakoak), langabeak eta ikasleak (eta 26 urtetik beherakoak).

Inaugurazio eta itxiera galetarako tiketak eta azaroaren 21ean Arriaga Antzokian izango den Palmaresa errepikapenerako tiketak 6 eurokoak izango dira.

#BILBAOUDAZKENA2020

Programa hau #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren barruan kokatzen da, Bilboko Udalak kultura-sektorearen aldeko apustua, COVID-19 krisiak gehien eragiten duenetako sektore bat delako.

SARE SOZIALAK:

∙ Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

∙ Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

∙ ZINEBI YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

#ZINEBI62

zinebi.eus

 

#BilbaoUdazkena2020

www.bilbaokultura.eus