BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN–ZINEBIREN 57. EDIZIOAK SUSANA DE SOUSAREN “48” FILMA AURKEZTUKO DU, DOKUMENTALAK OROIMEN HISTORIKOAREN FINKAPENEAN BETE IZAN DUEN LEKUA AZTERTZERA BIDERATUTAKO ZIKLOAN

Jaialdiko aurtengo edizioko nazioarteko epaimahaiko kide den zinegile portugaldarrak Portugalgo diktadurari buruzko bere dokumentala aurkeztuko du, gaur arratsaldean, 17:30etik aurrera, Golem – Alhóndiga zine aretoetan.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak-Zinebi 57k “Hitza eman, keinua hartu. Trauma. Topaketa, memoria eta gainditze egintza dokumental garaikidean” zikloa programatu du sekzio paraleloen barruan. Bost saiok osatutako ziklo horretan Josetxo Cerdán kritikari, idazle eta irakasle gazteak zineari orokorrean –eta batez ere dokumentalari– buruzko gogoeta interesgarria aurkeztuko du, bitartekaritzarako, bestea kontuan izateko, memoria historikoa finkatzeko, adiskidetzeko eta trauma gainditzeko tresna gisa, Euskal Herrian bezala, asko iraun duten politika eta gizarte mailako indarkeriazko gatazkak gertatu diren lekuetan.

Proiekzioak igandean hasi ziren arren, zikloa gaur goizean aurkeztu da Bilbon, Zinebi 57ko nazioarteko epaimahaiko kide den Susana de Sousa zinegileak Portugalgo diktadurari buruz zuzendutako “48” dokumentala erreferentzia puntu gisa hartuz. Berarekin batera Josetxo Cerdán eta ziklo honetarako aukeratu den beste filmetako baten, Kolonbiako indarkeriari buruzko “Los pies que faltan” lanaren, zuzendaria den Javier Codesal egon dira.

Gaur arratsaldean, zinegilearen presentziarekin Golem–Alhóndiga zine aretoetan eskainiko den “48” filmak (17:30ean), Antonio de Oliveira de Salazarren diktadurak, XX. mendeko Europako luzeenak, iraun zituen berrogeita zortzi urteen erradiografia eskaintzen du, bere biktima izan ziren batzuen kontakizunaren eta haien polizia-fitxen argazkien bitartez. Emakumeak eta gizonak, gazteak eta ez hain gazteak, nekazariak, langileak edo burgesak… Diktadorearen oposizioaren erretratu polifonikoa izateaz gain, erabateko zehaztasunez, gizatasunez eta harmoniaz deskribatzen ditu errepresiorako teknikak eta baita argazkiko irudiak lekukotza gisa duen balioa eta oroimenaren kontakizunak askapenerako duen gaitasuna ere.

Jaialdian proiektatzen eta aztertzen ari den zikloa film hauek osatzen dute:

“Duch, le maître des forges de l’enfer” (Rithy Pahn. Kanbodia, 2011), Duch izenez ezagutzen den Kaing Guek Eav-en lekukotasun hunkigarria; hau Phnom Penh-eko S21 tortura zentroko idazkaria izan zen Jemere Gorrien garaian (1975-1979).

“48” (Susana de Sousa Días. Portugal, 2009); honen xedea da portugaldar diktadura militarrean preso politikoen atxiloketen bitartean hartutako argazkien bidez, diktadura 48 urtez zutik iraun zezan lortu zuten mekanismo politiko, ideologiko, errepresibo, bai eta psikologikoak ere, erakustea.

“Los pies que faltan” (Javier Codesal. Espainia, 2010); Kolonbian kokatzen da, minek eta beste lehergai batzuen leherketek kaltetutako jendeari entzuteko –batez ere haurrei-; izan ere, horien gorputz elbarriekin, kontakizun pertsonalak eraikitzen dira, erresistentzi gisa eta identitatea aldarrikatzeko.

“Storm Över Anderna” (Storm in the Andes) (Mikael Wiström. Suedia, 2015); honek perutar gazte batek bere amonarekiko egiten duen egiaren aurkikuntza prozesua kontatzen du; izan ere, haurtzaroan behartsuen heroitzat hartzen zuen amona, baina benetan Sendero Luminoso gerrilla maoista bortitzaren fundatzaileetako bat izan zen.

“Invasión” (Abner Benaim. Panama-Argentina, 2014); honek 1989an Ipar Amerikako armadak Panama inbaditu zuenekoa kontatzen du; zuzendariak aitzakiatzat hartzen du hori jendearen oroitzapenak arakatzeko, epe luzerako memoriaren eraldaketak eta, nahita edo nahi gabe gertatutako ahazteak, egungo garaietako nortasuna definitzen dutenak.