BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK, MAIATZAREN 8AN ZABALDUKO DITU ERE ATEAK, KEELING ANAIEN LEHENENGO LAN LUZEA DEN “THE HOUSE ON PINE STREET” FILMAREN EUROPAKO PREMIEREAREKIN

Aaron eta Austin Keeling zuzendari gazteak Bilbora etorriko dira Estatu Batuetan oso kritika onak jaso dituen beldur psikologikoko film luzea aurkeztera. Estreinaldia FANT 21en inaugurazio ekitaldian izango da, MAIATZAREN 8an, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokian.

FANT 21en programazio osoa eta ordutegiei eta ordaindu behar diren saioen prezioei eta sarreren eta bonoen salmentari buruzko informazioa zinemaldiaren www.fantbilbao.net webgunean egongo da apirilaren 14tik aurrera.

 

The House On Pine Street Poster

Maiatzaren 8tik 15era bitartean ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, Aaron eta Austin Keeling anaien lehenengo film luzea den “The House on Pine Street” (EE.BB. 2014) lanaren Europako premierearekin inauguratuko du aurtengo edizioa. Egileak Bilbon egongo dira, euren lehenengo lan luzea aurkezteko. Estreinaldia, MAIATZAREN 8an, arratsaldeko 20:00etan, izango da, Campos Antzokian, egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian.

Beldur psikologikoko drama hori, joan den otsailean Silicon Valleyko CineQuest jaialdian aurkeztu ondoren, Estatu Batuetan jaso dituen kritika bikainen ondoren dator. Keeling anaiek eta Natalie Jonesek idatzitako ekoizpen lan independentea 19 egunetan errodatu zen, neurri handi batean crowdfunding kanpaina baten bitartez lortu zen aurrekontuarekin. Beste alde batetik, errodatze taldeko kide guztiak 24 urte baino gutxiago dituzte, eta gehienak, Kansaseko Unibertsitateko zine eskolan duela denbora gutxi graduatutakoak dira.

Austing Keelingek 17 urte zituela zuzendu zuen bere lehenengo film luzea. Zine eta Telebista Ekoizpenean graduatu ondoren, Sony, Lexus eta George Lucas etxeetarako proiektuak egin ditu, eta duela denbora gutxi, James Francok ekoiztu duen “Ultimate Evil” web-telesailaren zenbait episodio zuzendu ditu. Aaaron Keelingi dagokionez, hainbat lan egin ditu Austin anaia bikiarekin, eta zinegile independente gisa ari da hainbat dokumentaletan.

SINOPSIA
Zazpi hilabeteko haurdun dagoen Jennifer Branagan (Emily Goss) Kansaseko bere jaioterrira itzuliko da, horretarako gogo handirik ez duen arren, ezusteko krisi emozionala jasan ondoren. Amatasunari dion beldurrari, senarrarekin duen harreman zailari eta amaren presentzia kontrolatzaileari aurre egin beharko dion Jennifer bere bizitzaren gidaritza berreskuratzeko borrokatuko da. Baina, alokatutako etxe berrian gauza arraroak gertatzen hasten direnean, etxea sorginduta ote dagoen susmatzen hasten da Jennifer. Badirudi beste inork ez duela hori sinesten, eta Jenniferrek bere zentzu ona ere zalantzan jarriko du, etxea zerk kutsatzen duen asmatzen saiatzen den bitartean… horrelakorik baldin badago, jakina.

+ INFO: https://www.youtube.com/watch?v=48RHUoTrcqw