BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANT 21EK, LEHIAKETATIK KANPO DAGOEN “PANORAMA FANTASTIKOA” SEKZIOAN ESKAINIKO DEN PRADA ANAIEN “QUERIDOS MONSTRUOS” DOKUMENTALA AURKEZTUKO DU

Zinegileek gaur aurkeztu dute Bilbon euren azken lana, 60ko hamarkadatik Estatuan egin den zine fantastikora hurbilketa. Ikus-entzuleek gaur gauean ikusi ahal izango dute, 22:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako sarrera libreko aretoan.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, gaur, gaueko 22:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako zinemaldiko sarrera libreko aretoan, eskainiko den Prada anaien azken lana, “Queridos Monstruos” (2015) dokumentala, aurkeztu du gaur, lehiaketatik kanpo dagoen “Panorama Fantastikoa” sekzioaren barruan. Zinegileak bertan egon dira.

Javier eta Kiko Pradak zuzendu duten film luzea generoko zinemaldi entzutetsuenetako batzuetan egon da, eta iaz Film Hoberenaren Saria lortu zuen Alacanteko Weekend Horror Party jaialdian. Espainiako beldurrezko zineak 60ko hamarkadatik gaur egunera arte egin duen ibilbidea kontatzen duen film dokumentala da, protagonistek kontatua. Horien artean zine industriako oso pertsonaia garrantzitsuak, Jess Franco, Javier Aguirre edo José Ramón Larraz, besteak beste, eta Nacho Vigalondo, Paco Plaza edo Carlos Vermut bezalako gaur egungo pertsonaiak daude.

Madrilen, Bartzelonan, Malagan, Parisen eta New Yorken lekututa dagoen filma errodatzeko eta editatzeko lau urte behar izan ziren. Prada anaiak, 2004an, “Por ti” dokumentalari esker Gijongo 42. Zinemaldian “No nos cuentes películas ¡Hazlas!” Sariarekin euren zine ibilbidea hasi zuten bi zuzendari asturiar dira. Javier Prada eta Kiko Prada zine gidoilari, ekoizle eta zuzendariak dira. Arrakasta handiko hainbat film labur errodatu ondoren, “Vicente Aranda, 50 años de cine” film luze dokumentala 2014ko Goya Sarietarako hautagai izan zen zazpi kategoriatan.

Horrez gain, Prada anaiak, ikus-entzuleek zinemaldiaren amaiera ekitaldian, datorren ostiralean, Kale Nagusiko BBK Aretoan, ikusi ahal izango duten Eduardo Casanovak zuzendutako “La Hora del Baño” film laburraren ekoizleak ere badira.

“QUERIDOS MONSTRUOS” (Espainia / 2015 / 77 min.)
Zuzendaria: J. Prada, K. Prada.
Gidoia: J. Prada, K. Prada.
Ekoizpena: K. Prada, Javier Almeda, Thomas Leseur.
Musika: David Prats, Julien Elsie.
Muntaketa: Ángel Pazos.

EMANALDI BEREZIA
Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Jonathan Glazerren “Under the skin” lanaren emanaldi berezia programatu du BIHARKO. Scarlett Johansson protagonista duen eta nazioarteko kritikaren iritziz 2014ko film hoberenetakoa den lana zinemaldietan ikusi ahal izan da –ia zinemaldietan soilik–. Hogeita hamar sari baino gehiago jaso ditu.

Alien bat, emakume erakargarri baten (Scarlett Johansson) itxura hartu, eta Eskoziako kaleetatik gora eta behera ibiliko da, gizon bakarti eta fidakorrak euren amaierara eramanez, Michel Faberren izen bereko eleberriaren moldaketa surrealistan. Saioa BIHAR izango da, arratsaldeko 20:00etan, Golem – Alhondigako auditorioan.

Saio hori amaitzean, gaueko 22:15ak inguruan, Trailer Faltsuen II. Lehiaketa eskainiko da, CANAL + katearekin lankidetzan. Epaimahaiak, 1.500 euroko lehenengo saria emango du, eta ikus-entzuleak izango dira, bozketa bitartez, 750 euroko bigarren saria emango dutenak. Proiekzio areto barruan edo kanpoan dauden ikus-entzuleek gehien atsegin izan duten lanaren aldeko botoa eman ahal izango dute, telefono zenbaki batera deituz –trailer bakoitzak bere zenbakia izango du– saioa amaitu eta 5 minutuko epean.

Trailer faltsuak baloratuko dituen epaimahaia hauek osatuko dute: FAS Zineklubak proposatu duen eta ikus-entzunezko eta argazkiko irudi espezialitatean EHU-UPV-n Arte Ederretan lizentziatua den Cristina Ezkerrak, Joseba Gorordo gidoilariak eta Diego Kataranuit Euskadiko Zine Eskolako zuzendariak.

Bihar, baita ere, gaueko 23:15etik aurrera, Bilboko zinemaldiak, “Wayward pines” telesailaren estreinaldia jasoko du, FOX Españarekin lankidetzan. Protagonista Matt Dillon da, eta zuzendaria, “Señales” edo “Sexto sentido” bezalako film luzeak direla eta oso ezaguna den M. Night Shyamalan.