HAMARGARREN URTEURRENA OSPATZEKO BILBAO BBK LIVE JAIALDIAK KONTZERTUAK ESKAINIKO DITU EKAINAREN 26AN ETA 27AN ETA UZTAILAREN 2AN ETA 4AN, HIRIAN ZEIN PROBINTZIAKO BESTE LEKU BATZUETAN

Hiru egunetarako bonuak eta larunbaterako (uztailak 11) sarrerak agortu egin dira, eta ostegun eta ostiraleko kontzertuetarako 2.000 sarrera baino gutxiago gelditzen dira salgai.

Bilbon, 2015eko ekainaren 26an. Bilbao BBK Live jaialdiak hamargarren urteurrena handiro ospatuko du, hirian eta lurraldean programazio berezia eskainiz. Izan ere, Kobetamendiko zita handia berotzeko erabiliko da eta berriz ere milaka pertsona bilduko dira pribilegiozko ingurunean musika onenaz gozatzeko. Aurreikuspenak ezin daitezke optimistagoak izan. Hiru egunetarako bonuak eta larunbaterako (uztailak 11) sarrerak agortu egin dira, eta ostegun eta ostiraleko saioetarako 2.000 sarrera baino gutxiago gelditzen dira salgai. Jai-eremuan instalatutako kanpinean 10.000 pertsona sartzen dira, eta dagoeneko plaza guztiak hartuta daude; beraz, ekimenak jende gazte eta emanaren artean duen “erakargarritasuna” argi geratu da.

Jaialdiaren bezperako doako kontzertuen egutegia

Bilbao BBK Live jaialdiaren X. edizioak edukiera bete arte doako kontzertu aparten egutegia du ekainaren 26 eta 27 nahiz uztailaren 2, 3 eta 4rako. Kobetamendiko topaketaren bezperatan, ikusmina sortzeko musika-gosegarri paregabea da. Bertan Bizkaiko bandak eta izena duten artistak egongo dira, besteak beste, Cycle, estatuko techno-punkaren ikonoa, eta Bigott sailkaezina, egiaz dibertigarriak diren zuzeneko emanaldiak bermatzen dituena. Gaur Cycle eta Yellow Big Machinek, Bilboko bandek, Erandioko Sonora aretoa erritmoz beteko dute. Folk eta bluesarekin hitzordua Julian Maeso musikariaren eskutik izango da. 27an La Ribera aretoan (Bilbo) joko du eta aurretik La Indieteca DJ arituko da.

Uztaila hasteko hilaren bian Azkena aretoan (Bilbo) Biznaga madrildarren eta Sonic Trash bizkaitarren emanaldia izango da; azken horiek izenari ohore egiten dion zuzeneko ikusgarria eskainiko dute. Hilaren hiruan Santana 27 lokalak (Bilbo) Bigott, Zaragozako musikaria, hartuko du. Honek bere konposizio-proposamen pertsonala mundu guztian zehar zabaldu du eta berarekin batera kartelean Los Brazos banda ageri da, hain zuzen ere, Bizkaian rockaren apusturik handienetarikoa. Ziklo hau Uribe Kostako The Great Barrier taldeak itxiko du. 2012ko Bilbo Hiribildua saria irabazi zuen Pop-rock kategorian. Zalantzarik gabe, Bilbok eta Bizkaiak arrazoi garrantzitsuak dituzte Kobetamendiko musika-zita handiaren X. edizioa aldez aurretik ospatzeko.

Horrez gain, doako eskaintza hau nahitaezko beste bi kontzerturekin osatzen da; lehenengoan Bilboko Abesbatza Elkarteko Euskeria abesbatza izango da, Urko Sangronizen zuzendaritzapean. Campos antzokian jardungo dute uztailaren 7an, asteartean, eta sarrerak 10 eta 15 euro balioko ditu. Hilaren 8an Gacela Thompson eta Laura Cantrellen txanda izango da. Bigarrena azkeneko hamabost urteetako musikari eta konpositore garrantzitsuenetarikoa da eta izen handia lortu zuen “Not the Tremblin´ Kind” debut-albumarekin. Laura Cantrellek Kale Nagusiko BBK aretoan abestuko du bere errepertorioa eta sarrera 12 eurokoa izango da.

Hotel eta hostelak baikor

Bilbao BBK Live jaialdiaren X. edizioaren egunetarako hirian egindako ostatu-erreserbei erreparatuz, baikortasuna da nagusi eta norabide onean doaz. Destino Bilbao elkarteak Bizkaiko hiriburuan bitik bost izar bitartera dituzten establezimendu gehienak biltzen ditu. Bere datuen arabera, gaur egun hotelen % 83 hartuta dago. Hala, arduradunek ekitaldia “erreferentziatzat” jo dute, uztailean hirira bisitariak erakartzeko duen gaitasunagatik. Bestalde, hosteletan okupazioa % 85 ingurukoa da eta geroz eta ugariagoak direnez, azkeneko orduko erreserbei esker, ia “betetzea” aurrez ikusia dago.