JEAN-FRANÇOIS RAVAGNANEN BELGIKAKO “RENAÎTRE” FILM LABURRAK IRABAZI DU BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN-ZINEBI 57REN SARI NAGUSIA

Isabel Hergueraren “Amore d’inverno” lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia lortu du, eta Xacio Bañoren “Eco” filmak Zine Espainiarraren Sari Nagusia; Bruno Carboni zinegilearen “O teto sobre nós” lanak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria.

ZINEBIren 57. edizioaren amaiera ekitaldia Itziar Ituñok aurkeztuko du, eta GAUR ospatuko da Arriaga Antzokian. Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, Ohorezko Mikeldia emango zaio Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari. Sariak banatzeaz gain, Zinebi 57k berriztatu duen Miguel Mezquírizen “Bilbao en el segundo aniversario de su liberación” film labur dokumentala, “Franco en Bilbao” izenez ezagutzen dena, ere eskainiko da.

BIHAR, larunbata, berriro eskainiko dira “Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día” filma arratsaldeko 17:00etan, eta saria irabazi duten jaialdiko lan guztiak, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Arriaga Antzokian.

Jean-François Ravagnan zinegile belgikarraren “Renaître” (2015, Fikz, Belgika) fikziozko film labur dokumentalak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-ZINEBIren 57. Edizioko Sari Nagusia. 8 minutu baino pixka bat gehiago irauten duen eta Isabel Herguera zuzendariak egin duen “Amore d’inverno” (2015, Ani, Euskadi), animaziozko lanak irabazi du Euskal Zinearen Sari Nagusia, eta Xacio Bañoren “Eco” (2015, Dok, Espainia) dokumentalak lortu du Zine Espainiarraren Sari Nagusia.

Horrez gain, Bruno Carboni zingilearen “O teto sobre nós” (2015, Fik, Brasil) film brasildarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria. Zinebiko aurtengo edizioan 30 herrialdetako 65 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.

Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 57ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: José María Lara zine ekoizlea, Florence Miailhe animazio zinegile frantziarra, María José Santacreu Uruguaiko Zinematekako zuzendari eta kultur kazetaria, Kepa Sojo zinegile eta gidoilari arabarra eta Susana de Sousa Dias zinegile portugesa.

ZINEBIren 57. edizioaren amaiera ekitaldia Itziar Ituñok aurkeztuko du, eta GAUR ARRATSALDEAN ospatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan). Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, Ohorezko Mikeldia emango zaio Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari. Horrez gain, Gerra Zibilaren ostean Miguel Mezquírizek errodatu zuen eta Zinebi 57k, Euskal Filmotekaren laguntzarekin, berriztatu duen “Bilbao en el segundo aniversario de su liberación” film labur dokumentala, “Franco en Bilbao” izenez ezagutzen dena, ere eskainiko da.

SARIAK GENEROZ-GENERO
Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Camilo Restreporen “La impresión de una guerra” (2015, Frantzia/Kolonbia) film frantziar-kolonbiarrak jaso du, eta Fernando Domínguezen “Salers” (2014, Argentina) dokumentalak irabazi du Zilarrezko Mikeldia.

Fikziozko film hoberenaren Urrezko Mikeldia, Michel Zarazirren “Sous les soutanes” (2015, Libano) lanak irabazi du, eta kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Ewa Górznaren “Rearranged” (2014, Finlandia) filmak jaso du.

Animazioaren atalean, sariak hiru emakumeren artean banatu dira. Horrela, Urrezko Mikeldia Nina Gantzen “Edmond” (2015, Erresuma Batua) lanak irabazi du, eta Eleonora Marinoniren eta Elice Mengen “D’ombres & D’ailes” (2015, Frantzia/Suitza) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.

ERANSKINA: ZINEBI 57KO SARIEN ZERRENDA

BILBOKO JAIALDIKO SARI NAGUSIA
RENAÎTRE, Jean-François Ravagnan (Belgika)

EUSKAL ZINEAREN SARI NAGUSIA
AMORE D’INVERNO, Isabel Herguera (Euskadi)

ZINE ESPAINIARRAREN SARI NAGUSIA
ECO, Xacio Baño (Espainia)

FIKZIOZKO ZILARREZKO MIKELDIA
REARRANGED, Ewa Górzna (Finlandia)

FIKZIOZKO URREZKO MIKELDIA
SOUS LES SOUTANES, Michel Zarazir (Libano)

ANIMAZIOZKO ZILARREZKO MIKELDIA
D’OMBRES & D’AILES, Eleonora Marinoni / Elice Meng (Frantzia/Suitza)

ANIMAZIOZKO URREZKO MIKELDIA
EDMOND, Nina Gantz (Britainia Handia)

DOKUMENTALEN ZILARREZKO MIKELDIA
SALERS, Fernando Domínguez (Argentina)

DOKUMENTALEN URREZKO MIKELDIA
LA IMPRESIÓN DE UNA GUERRA, Camilo Restrepo (Frantzia/Kolonbia)

FILM LATINOAMERIKAR HOBERENAREN MIKELDIA
O TETO SOBRE NÓS. Bruno Carboni (Brasil)