SANTUTXUKO UDALTEGIAK UMOREZKO BAKARRIZKETA PROGRAMAREN BESTE EDIZIO BAT JASOKO DU ABENDUAN, KULTUR GABONAK EKIMENAREN BARRUAN

• Programazioa BIHAR, arratsaldeko 19:00etan, zabalduko da –sarrera librearekin–, “Euskararen Nazioarteko Egunarekin” bat etorriz, Barry Manley umoregile irlandar ezagunaren eskutik

Abendu honetan “Kultur Gabonak” izen orokorrarekin auzoetan programatu diren jardueren barruan, Santutxuko Udaltegiak umorezko bakarrizketa egitaraua jasoko du bihartik aurrera. Euskaraz eta gaztelaniaz egingo diren saioak abenduaren 3, 10, 12, 17 eta 19an izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Egitaraua bihar, asteartean, abenduaren 3an, hasiko da, euskarazko bakarrizketa saioarekin, “Euskararen Nazioarteko Egunarekin” bat etorriz. Lehengo emanaldia, Barry Manley umoregile irlandarraren eskutik etorriko da, Euskal Herrian integratzeko eta bertara moldatzeko bere esperientzia pertsonalean oinarrituta eta anekdotaz beteta eta umorez gainezka dagoen “Irlandar bat eta euskaldun, nola da posible?” ikuskizunarekin.

Hurrengo bakarrizketa hilaren 10ean izango da, Joseba Pérez umoregilearen eskutik. “Más cara que espalda” ikuskizuna bakarrizketez osatutako showa da, eta bertan lantzen dituen gaien artean gehiegizko zoriona, seme-alaba bat mundura ekartzearen konplexutasuna edo neska choni batez maitemintzea daude, besteak beste, Josebarengan ohikoa den bezala gitarraz abestutako kantak ahaztu barik. Abenduaren 12ko bakarrizketaren protagonista Luismi Cómico izango da, “El club de la comedia” saioko ohiko umoregileetako bat, 2007an urteko komikorik onena aukeratutakoa. Munduan zehar egin dituen bidaietan bildu dituen milaka anekdotetan inspiratuta dagoen “Colocado cabe” bakarrizketa aurkeztuko du.

Abenduaren 17ko egitarauaren protagonistak bi emakume umoregile eta bertsolari, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal, eta “Erradikalak ginen” bakarrizketa, izango dira. Bertso eta bakarrizketa formatuan, umorez eta feminismotik egingo dute berba, emakumeengan eragina duten gaiez, sexualitateaz, patriarkatuaz edo indarkeriaz, besteak beste. Hilaren 19an Maribel Salas aktore ospetsuaren txanda izango da, “¡No te lo vas a creer!” lanarekin. Ikuskizun horretan, bere bizitzatik ibilbidea egiten du, oso pertsonaia ezagunekin esperientziak bizitzeko aukera eman dion mundu horri buruz duen ikuspegi berezia ikus-entzuleekin partekatuz.

Egitaraua abenduaren 26an itxiko da, Mirari Martiarenarekin eta Idoia Torregarairekin. “Bakean dagoena bakean utzi”, elkarrekin sortutako sei bakarrizketa dira. Euskara eta generoa umorea egiteko osagaitzat hartuta, euskalkien, onomatopeien, amatasunaren, gorputzaren edo kristalezko sabaiaren inguruan osatutako ordubete inguruko ikuskizuna eskainiko dute. Kritika eginez, aurrez ezarritako ideiak desmuntatuz eta barre eginez, ikus-entzuleak piztea bilatzen dute.

AGENDA

ABENDUAK 3
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Barry Manley “Irlandar bat eta euskaldun, nola da posible?…” (euskaraz)

ABENDUAK 10
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Joseba Pérez “Más cara que espalda”

ABENDUAK 12
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Luismi Cómico “Colocado cabe”

ABENDUAK 17
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Ane Labaka eta Beatriz Agizabal “Erradikalak ginen” (euskaraz)

ABENDUAK 19
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Maribel Salas “¡No te lo vas a creer!”

ABENDUAK 26
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. “Bakean dagoena bakean utzi” (euskaraz)