ERREKALDE AUZOAK UMOREZKO ANTZERKI ERAKUSTALDIAREN VI. EDIZIOA JASOKO DU MARTXOKO OSTIRALETAN, LAU IKUSKIZUN ESZENIKOREKIN ETA FILM LABURREI ESKAINITAKO SAIO BATEKIN

Bilboko Udalak bultzatutako egitaraua datorren ostiralean abiatuko da, arratsaldeko 19:30ean, Italiako Lucchettino konpainiaren “Lucchettino Classic” ikuskizunarekin.

Bilboko Udalak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren VI. edizioa inauguratuko du ostiral honetan. Erakustaldia martxoko lau ostiraletan (2, 9, 16 eta 23an) egingo da Errekaldeko udaltegian. Erakustaldiak ikus-entzule helduei eskainitako umorezko lau proposamen eszeniko jasotzen ditu, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, sartzeko gonbidapena ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik hartu behar den arren udaltegian bertan, pertsona bakoitzeko bi, gehienez ere.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, programazio eszenikoak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin, datorren martxoaren 15ean. Aukeratutako film laburren artean Aitor Oñederra eta Iban del Campo euskal zinegileen bi film labur daude.

Antzerki programazioa martxoaren 2an irekiko da, Italiako Lucchettino bikote komikoaren “Lucchettino Classic” ikuskizunarekin. Luca & Tino, euren irribarrearekin eta txisteekin inozentziara itzularazteko gai diren garairik gabeko bi komiko surrealista, pailazo eta mago dira. “Lucchettino Classic” ikuskizunean zentzurik gabeko malabaristak dira, absurdoaren birtuosoak eta, aldi berean, euren gag-en ondoriozko ume krudelak. “Commedia dell’arte” izenekoaren tradizio komiko handitik bizirik dirauten azkenekoetakoak dira, berritasun ukituarekin. 2016an Mandrake d’or saria irabazi zuten, magiaren Oscar saria.

Martxoaren 9rako aurreikusita dagoen bigarren antzerki saioa, “AC-NUN, un ciprés en el desierto” lana eskainiko duen Zurrunka Teatro euskal konpainiaren eskutik etorriko da. Ikuskizun horretan, existitzen ez diren itoginez betetako leku hotz eta ilunean bi pertsonaia xume elkartuko dira. Denok, inoiz, igaro garen leku komuna da, pentsamenduek pisua galtzen duten, gure oinak hegaz egiten ikasteko prestatzen diren eta bizitza ukigarria hareazko bilakatzen den elkarketa eta gogoeta gunea da. Bizitza beste aldetik ikusteko aukera bikaina, barrea bizitzeko aitzakiarik hoberena dela ahaztu barik.

Hurrengo hitzorduan, martxoaren 16an, Ramón Agirre & Inazio Tolosa helduko dira Errekaldeko agertokira, euskaraz eskainiko duten “Putinen guardasola” ikuskizunarekin. Umorez betetako antzezlana arduratuta dagoen Lehendakariarekin abiatzen da. “Euskaldun guztiak elkartuko gaituen ereserkia behar dugu”, dio. Baina, nork idatziko du? Bilera luzearen ondoren adostasuna lortu dute. Ray eta Nik izango dira Euskal Ereserkiaren egileak. Erronka handia bi artistentzat. Talentu eta esperientzia handia duten arren, metodo bat asmatu behar izan dute erronkari aurre egin ahal izateko. Metodo Mistoa. Orain, herririk herri joango dira, herritar guztiek ereserkia ikasi eta barnera dezaten.

Umorezko Antzerki Erakustaldia martxoaren 23an amaituko da, Cía Lolita Corina konpainia katalanarekin. Antzerki komikoaren eta clownaren artean lan egiteko moduarekin jarraituz, “Las gallegas” antzezlanean, konpainiak oso modu dibertigarrian barneratzen gaitu paranormalaren eta metafisikoaren munduan. Lula sorgina, bisionarioen artean bisionarioa, izango da Dora, deskontsolatuen artean deskontsolatua den alarguna, mundu sobrenaturalean sartuko duena, baina ezer ez da dirudiena… Ikuskizunak Ikus-entzuleen Saria lortu zuen Puebla de la Calzadako (Badajoz) Nazio mailako XXVIII. Antzerki Jaialdian eta Ikus-entzuleen Ikuskizun Hoberenaren Saria Gaztela eta Leongo XI. Antzerki Azokan.

Programazioak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin. Emanaldia Errekaldeko Udaltegian izango da, martxoaren 15ean.

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean

EGITARAUA

MARTXOAK 2
LUCCHETTINO
Lucchettino Classic

MARTXOAK 9
ZURRUNKA TEATRO
AC-NUN, un ciprés en un desierto

MARTXOAK 15
ZINEBIKLUB – Umorezko film laburren erakusketa
– Moloko DARIA VLASOVA Errusia-Lithuania (15’00”)
– Manivald CHINTIS LUNDGREN Estonia – Kroazia – Kanada (13’00”)
– Min Börda NIKI LINDROTH VON BAHR Suedia (14’00”)
– Tigger! IBÁN DEL CAMPO Euskadi (10’00”)
– All I Need Is You AITOR OÑEDERRA Euskadi (05’00”)
– Celebración PAU CRUANYES GARRELL, GERARD VIDAL BARRENA Espainia (10’00”)

MARTXOAK 16
RAMÓN AGIRRE & INAZIO TOLOSA
Putinen guardasola

MARTXOAK 23
CIA. LOLITA CORINA
Las gallegas

Errekaldeko Udaltegian. 19:30ean.
Martxoaren 2, 9 eta 23an sarrera librea, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik udaltegian bertan hartu behar den gonbidapenarekin, pertsona bakoitzeko bi, gehienez ere. Gainerako saioetarako sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.