UDALAK, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAKO BISITA GIDATUEI EKINGO DIE BERRIRO MAIATZEAN, EDIZIO HONETAN BERRIRO ERE HIRIKO AUZOETAN ZENTRATUZ, BEGOÑAKO ELIZATE ZAHARRAREN HEDAPENEAN, HAIN ZUZEN ERE

Maiatzaren 8tik 31ra oinezko ibilbide gidatua proposatuko zaio jendeari, Otxarkoaga auzoko ondarea, bitxikeriak eta azken urteetako historia ezagutzeko.

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Erreserbak datorren ASTELEHENETIK, apirilaren 26tik, aurrera egin ahal izango dira.

 

Bilboko Udalak maiatzean ekingo die berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan berriro ere auzoei begiratuko zaie, Begoñako elizate zaharraren hedapenari, hain zuzen ere. Hiriko higiezin bereziak eta gertakariak historiaren eta ondarearen ikuspegietatik ezagutzera zuzendutako zenbait edizioren ondoren, datozen hilabeteetan bisitek Begoñako elizatea izan zenaren zenbait txokora helduko dira, Otxarkoagatik hasi eta ondoren Txurdinagatik, Zurbaran-Zurbaranbarritik eta Loruritik jarraituz.

Horrela, maiatzaren 8tik 31ra oinezko ibilbide gidatua proposatuko da Otxarkoagatik, Kepa Enbeita Urretxindorra plazatik (Bilboko Metroaren ahoaren aurrean) abiatuta, auzoaren azken urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko. Tokiko ondarearen hedapenerako bisita gidatu horiek 2005ean jarri ziren martxan, eta bisita kopurua handituz joan da, jendearen artean izan duten harrera bikaina dela eta.

Otxarkoaga, 1925. urtean Bilboren esku geratutako Begoñako eliza zaharreko landa ingurunea zen, belardiz, soroz eta baserriz betea. Horien guztien oroitzapenak bizirik dirau oraindik auzoko kale batzuen izenetan. Horrela jarraitu zuen, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan Hiriak ezagutu zuen hiri eta industria arloko eztanda gertatu arte. Gaur ezagutzen dugun auzoa, hirurogeiko hamarkadaren lehen urteetan ia 4.000 etxebizitza eraikitzea eragin zuen hirigintza arloko proiektu handiaren ondorioa da.

Une horretan sortu zen auzoko elkarte mugimendua, denboran zehar jarraipena izan duena eta gaur egun Otxarkoaga Bilbo osoan elkarte arloko inplikazio handiena duen auzoetako bat izatea eragin duena. Bertako kaleetan, Frantzian “ahizpa bikia” duen eliza bat, merkatu “txinatar” bat eta baita Ekoizpen Eszenikoko Zentro modernoa (Harrobia Eskena) ere aurki ditzakegu.

Eta badaude guardien etxeak, “txakolin” zaharra, edo urte luzez Bizkaia osora “donuts” ezagunak eraman zituen eta gaur egun desagertuta dagoen Ocharpan lantegitik sortzen zen usaina gogoratzen dutenak. Kaleen izenek lekuaren historiari, antzinako dorre-etxeei eta Erdi Aroko leinuei, baserri lasaiei eta “lanbide” bitxiak zituzten biztanleei buruz egiten digute berba.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldez euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), BIHARTIK, apirilaren 26tik, aurrera. Bisitarako topalekua Kepa Enbeita Urretxindorra plaza (Bilboko Metroaren ahoaren aurrean) izango da.

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamahiru urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan eta gertakarietan jarriz.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK “Begoñako elizate zaharraren hedapena: Otxarkoaga”
Maiatzaren 8tik 31ra
Astearteetan eta asteazkenetan: 16:00etan eta 18:00etan
Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 17:00etan (euskaraz)
Larunbatetan: 10:00etan eta 12:00etan
Doakoa. Erreserba zabalik apirilaren 26tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Youtube: bilbao kultura