BILBOKO UDALAK AIRE LIBREKO ZINE SAIOAK BERRESKURATZEN DITU, ASTEARTEAN, “8 APELLIDOS VASCOS” FILMA ESKAINIZ, CASILDA ITURRIZAR PARKEAN MARTXAN JARRIKO DEN “UN AGOSTO DE CINE / AGORRILEAN ZINEMA ZURE AUZOAN” PROGRAMAREKIN

Beste lau saio programatu dira Deustun, Errekalden, Castañosen eta, amaitzeko, Santutxun. Bertan, duela denbora gutxi hil den Aitor Mazok ko-zuzendari eta antzezle gisa egin zuen “Bypass” azken film luzearen proiekzio-omenaldia eskainiko da.

Kultura Sailaren ekimenaren helburua auzoetan eskaintzen den kultur eskaintza zabaltzea da, kalean gozatzeko gonbidapena egiten duen, familia osoari zuzenduta dagoen eta euskal eta nazioarteko zineko arrakasta handiak eskainiko dituen jarduerarekin.

Bilboko Udalak, dagoeneko ohikoak diren udan aire libreko zineaz gozatzeko saioak berreskuratuko ditu abuztu honetan. Kultura Sailaren “Un agosto de cine / Agorrilean zinema zure auzoan” programa datorren asteartean (abuztuaren 4an) hasiko da, txarteldegian arrakasta handia lortu duen Emilio Martínez Lázaroren “8 apellidos vascos” (2014) lana eskainiz Casilda Iturrizar parkean. Emanaldiari hasiera emateko, ondoren eskainiko den film luzearen protagonistetako bat ere baden Lander Otaolaren “Footing” film laburra eskainiko da. Zuzendariak berak aurkeztuko du film laburren zuzendari gisa egin duen azken lana.

Kultura Sailaren programa berri horren helburua auzoetako kultur eskaintza zabaltzea da, udako jarduera batekin, kaleaz familian gozatu ahal izateko. Ekimenaren barruan beste lau saio jasotzen dira, Deustuko San Pedro plazan (abuztuaren 6an), Errekaldeko plazan (abuztuaren 11n), Funikularraren plazan (abuztuaren 13an) eta, amaitzeko, Karmelo plazan (abuztuaren 21ean). Programazioak euskal zigilua duten zenbait lan arrakastatsu eta estatuko eta nazioarteko arrakasta handiak eskainiko ditu, ikus-entzuleek pantaila handian goza dezaten.

Egitaraua datorren asteartean hasiko da, Casilda Iturrizar parkean, Lander Otaolaren “Footing” film laburra eskainiz, eta, ondoren, euskal antzezle horrek parte hartzen duen “Ocho apellidos vascos”. Lan horretan, duela denbora gutxi hil den Aitor Mazok ere hartu du parte. Saioa gaueko 21:30etan hasiko da, eta bere lana aurkeztuko duen eta esperientziak ikus-entzuleekin konpartituko dituen Lander Otaola bertan egongo da.

Zine programazioak ostegunean, abuztuaren 6an, jarraituko du Deustuko San Pedro plazan. Oraingo honetan, Guillermo del Torok zuzendutako “El laberinto del Fauno” (2006) lana eskainiko da. Dramaren eta fantasiaren arteko ekoizpen lan hori, ingelesez egin ez direnen artean Oscar sarietarako izendapen gehien lortu dituen filma da, eta bere protagonista nagusien artean, hil zenetik urtebete bete berri den Alex Angulo bilbotarra dago. Aurretik Ander Mendiaren “Beerbug” film laburra ikusi ahal izango da.

Abuztuko bigarren asteko programazioaren barruan, pantaila handira itzuliko diren Estatu Batuetako zine fantastikoaren bi lan klasiko jasoko dira, oraingo honetan euskarazko azpi-tituluekin. Horrela, “Un agosto de cine / Agorrilean zinema zure auzoan” programak Steven Spielbergen bi ekoizpen lan handi eskainiko ditu, “Tiburón” (1975) eta “E.T. El Extraterrestre” (1982), abuztuaren 11n eta 13an,  hurrenez hurren. Horien aurretik beste bi film labur eskainiko dira: Jose Maria Goenagaren “Sintonia” (2005), euskaraz, eta Roberto San Sebastianen “Cumpleaños feliz” (2010).

Egitaraua abuztuaren 21ean amaituko da Santutxuko Karmelo plazan, Aitor Mazori eskainitako proiekzio-omenaldiarekin. Oraingo honetan, film luzeen zuzendari eta antzezle gisa egin zuen azken lana, “Bypass” (2012), eskainiko da, Patxo Telleriarekin batera zuzendutako filma. Horren aurretik, Mazo aritu den estreinatutako azken film laburra eskainiko da, David Pérez Sañudoren “Malas vibraciones”. Saio guztiak gaueko 21:30etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da.