BILBOKO UDALAK, IRALABARRI AUZOAREN HISTORIA IRUDIETAN ERAKUSTEN DUEN BIDEOA AURKEZTU DU, HIRIKO TXOKO BEREZI HORRI HASIERA EMAN ZION AUZUNEA ERAIKI ZENETIK MENDE BAT BETETZEN DENEAN

Bideoa urtarrilaren 24an eta 26an eskainiko da Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan (Harino Panadera eraikina), hiru saio egunero, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean, sarrera librearekin.

Oraindik ere hilaren amaierara arte Kirikiño etorbideko plazan ikus daitekeen “Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena” erakusketaren jarraipen gisa, Bilboko Udaleko Kultura Sailak, bertako lehenengo auzunea eraikitzea amaitu zenetik mende bat betetzen denean Bilboko txoko berezi horren historia erakusten duen “Iralaren ametsa” ikus-entzunezko lana aurkeztuko du datorren astean.

Bideoak, 30 minutuz, gure hiriko auzo berezienetakoaren eta gutxien ezagutzen denetakoaren historia erakusten du. XX. mendearen hasieran Juan José Irala industria gizonak Harino Panadera lantegia eraiki eta garai hartako asmo handiko hirigintza proiektua martxan jarri zuenean sortu zen auzoa. Ez dira ahaztu behar geroago eraiki ziren beste gune batzuk, Torre Urizar, besteak beste. Oraingo honetan, ikerlariek eta historiagileek, baina baita auzoko pertsona anonimoek ere, euren lekukotza eta bertako historiari buruzko ezagutza eskaini dute, gure Hirian gutxien ezagutzen den txokoetako baten azken garaietako historiari buruzko ikus-entzunezko lan hori egiteko.

“Iralaren ametsa” lanaren emanaldiak urtarrilaren 24an eta 26an izango dira Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan (Harino Panadera eraikina). Egunero hiru saio eskainiko dira, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean (sarrera librea). Horrez gain, ikus-entzunezko lana Bilbao Kulturaren webgunean eta youtuben dagoen Bilbao Kulturaren kanalean ikusi ahal izango da otsailaren 6tik aurrera.

BILBAO IZAN programako proposamen berriaren jatorria Irala 100 urte batzordearen ekimen batean dago. Hainbat hilabetez, joan den azaroan Kirikiño etorbideko plazan inauguratu zen erakusketa osatzen duten argazkien eta bestelako dokumentuen bilaketa sustatu du batzordeak, eta orain ikus-entzunezko lan hau gehituko zaio. Material horiek Iñaki Llamas Iralabarriko auzokideak bildu, gorde eta sailkatu ditu, eta bera da, Arantza Pareja ikerlari eta UPV/EHUko Historia Garaikide irakaslearekin batera, erakusketaren komisarioa.

“Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena” erakusketak Iralabarri auzoaren panoramika eskaini nahi du, jatorrietatik gaur egunera arte, ogi usainez sortu zen txoko berezi horren jatorrizko gunearen eraikuntzaren amaieratik mende bat betetzen den urtean, hain zuzen ere. Erakusketak, auzoaren jatorriari, Juan José Irala ameslariaren ezinbesteko lanari, eraiki zen etxebizitza motari, enpresa gizonak umeen osasunaren eta hezkuntzaren aurrean zuen ardurari, elkarte mugimenduei eta auzoaren hirigintza eta arkitektura berezitasunei buruzko irudi eta azalpen testuak biltzen dituzten formatu handiko hamabi panel ditu.

Datorren astean aurkeztuko den bideoaren trailerra ikusgai dago jadanik Bilbao Izan programaren webgunean www.bilbaoizan.eus eta esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=C8CoQ6ng0-E