KALEKO ARTE ESZENIKOETAN ERREFERENTE DIREN EUSKAL HERRIKO ETA NAZIOARTEKO 28 KONPAINIAK HARTUKO DUTE PARTE EKAINAREN 26AN MARTXAN JARRIKO DEN BILBOKO KALEALDIAREN XVII. EDIZIOAN

Casilda Iturrizar parkeak eta joan den edizioan ere bertan instalatu zen zirkuko karpak jasoko dituzte 56 ikuskizun guztietako hainbat. Ikuskizunak Areatza ingurura, Arriaga Antzokiaren kanpoaldera eta Plaza Barrira ere helduko dira.

Bilboko Kalealdia ekainaren 27an inauguratuko da, gaueko 22:30ean, Arriaga Plazan, Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten euskal zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren gure hiriko estreinaldiarekin.

Programazioaren barruan kaleko antzerkitik musika ibiltarira, zirku garaikidera, clownera, kabaretera, dantzara edo aireko akrobazietara doazen ikuskizunak jasoko dira, eta baita umorez eta originaltasunez betetako beste batzuk ere, ikus-entzule guztientzat.

Euskal konpainia hauek euren azken lanak aurkeztuko dituzte: Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Markeliñe, Marie De Jongh, Pez Limbo, Garazi Pascual eta Iván González.

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak – BILBOKO KALEALDIAK, bere hamazazpigarren edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate maila bikaina erakusten duen programazioarekin egingo du, izan ere, kaleko arte eszenikoen Euskal Herriko eta nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bildu ditu. Ekainaren 27tik uztailaren 2ra berrogeita hamar ikuskizun baino gehiago izango ditugu. Horietako asko, aurten aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen den Casilda Iturrizar Parkean izango dira.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Metro Bilbaoren eta Institutu Frantsesaren laguntzarekin antolatu duen hitzordua datorren EKAINAREN 27an inauguratuko da, gaueko ikuskizun bakarrarekin: Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten euskal zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren gure hiriko estreinaldia. Bere dimentsioa eta tipologia eta konplexutasun teknikoa direla eta Euskadiko eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna aurkezteko aukeratu den agertokia Arriaga Plaza izango da, gaueko 22:30etik aurrera.

Bilboko Kalealdiaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren eta Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiaren programatzailearen presentziarekin.

Guztira 28 konpainiak hartuko dute parte –horietatik 7 Euskal Herrikoak– Frantzia, Belgika edo Suitza bezalako herrialdeetatik eta Estatuko gainerako lekuetatik etorritakoak. Euren lanak, dagoeneko ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita dagoeneko aipatu den Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten ere zirkuko karpa handia instalatuko da parke horretan, eta bertan zabalik egongo diren beste bost agertokiekin batera, hiriko gune berde hori aire zabaleko antzoki handi gisa finkatuko da.

Izan ere, Casilda Iturrizar parkea inguru paregabea da horrelako ekitaldietarako, oso zabala izateaz gain oinezkoentzako gunea delako, eta horrek handitu egiten du azken urteetan indartu egin den ikus-entzuleen segurtasuna. Ohikoa denez, Bilboko Kalealdiaren barruan programatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira, karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek hiru euroko prezio sinbolikoa izango dute, 330 pertsonara mugatuta egongo den leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko.

ESTREINALDIAK
Jaialdiaren hurrengo edizioaren programazioak, Estatuan lehen aldiz ikusiko diren bederatzi ikuskizun eta Euskadin lehen aldiz eskainiko diren beste bi jasoko ditu. Horien artean azpimarragarria da estatu mailako estreinaldia izango den Pol & Fredy konpainiaren “Le cirque démocratique de la Belgique”. Oso ibilbide luzea duen Belgikako konpainia da, eta Bilbon aurkeztuko du bere azken lana, demokraziaren mugei eta gehiengoaren diktadurarako joeren umorezko azterlana. Kabaret horretan azpimarragarriak dira eskiko botekin egingo duten klake saioa eta 4 metroko altueratik igerileku batera egingo duten jauzia. Bi emanaldi izango dituzte, ekainaren 30ean, arratsaldeko 19:00etatik eta 22:30etik aurrera, Areatzan.

Izan ere, beste behin, Bilboko gauak eta Alde Zaharraren inguruak kontzentratuko dituzte ikuskizun deigarrienak, uztailaren 1ean eta 2an Areatzako kaian “L’effet escargot” lana aurkeztuko duen Kadabresky konpainia frantziar ezagunaren eskutik, besteak beste. Poesiaz betetako zirku ikuskizuna da, eta kideen itxura trauskil samarra den arren, guztiak aho zabalik utziko dituzte malabar, akrobazia, oreka edo aireko uhal ikuskizun ezinezkoak egiteko orduan duten trebeziarekin.

Gehien itxaroten den ikuskizunetako bat, Bilboko Kalealdiaren edizio hau itxiko duena izango da, uztailaren 2an, 24:30etik aurrera, Arriaga Plazan. Nazioartean ospe gehien duen Frantziako konpainietako batek, Cirque Rouagesek, “Sodade” ikuskizuna eskainiko du Euskadin lehen aldiz. Cirque Rouages, zirkuaren, mugimenduaren eta musikaren eta antzerki mekanikoaren eta poetikoaren bitartez komunikatzen diren hamar artistak osatutako taldea da. Ikuskizun horretan, akrobatak, funanbulistak eta trapezistak bi gurpilek eta soka batek osatutako egitura handi batetik ibiliko dira. Horrez gain, esan behar da duela pare bat aste Zirkuko Ikuskizun Hoberenaren Saria irabazi duela Valladolideko Nazioarteko Kaleko Antzerki Jaialdian.

Azpimarratzekoa da, baita ere, Marco Vargas & Chloé Brûlé andaluziarren “Me va gustando” ikuskizuna. Sari asko eta asko jaso dituen dantza saio horretan, lau artistak erabateko kontrasteetan sartzen dira, hitzaren, musikaren eta dantzaren bitartez, baina lotura komun batetik: flamenkoa. Ikuskizuna uztailaren 2an ikusi ahal izango da, bi emanalditan, Arriaga Antzokiaren alboan.

Beste edizioetan bezala, aurten ere ikuskizun bitxiak programatu dira. Emanaldi horiek hainbat diziplina nahasten dituzte, ikuskizun harrigarriak eta berritzaileak sortzeko. Casilda Iturrizar parkeak horrelako bi jasoko ditu. Batean, Le Siffleurrek, txistu jole batek, poltsikoko orkestra filarmoniko batek lagunduta Bizeten edo Schuberten kantak txistukatzen dituen “La sieste sifflée” eskainiko du. Txistu jolea poesia lainoa, bake gunea, da ikus-entzule guztientzat. Parkean bertan Mystérieuses Coiffuresen “Con ternura… una historia de flores” ikuskizuna izango dugu, ikuskizun bereziaren parte izan nahi duten ikus-entzuleen ilean lorez egindako ile-bildu ikusgarriak eginez.

Beste alde batetik, parkeko karpan, Grimm anaien lau ipuin ezagun eszenaratuko dituzten Nicole & Martin suitzar ipuin-kontalari berezien ikuskizunaren gaztelaniazko estreinaldia izango dugu. Munduan zehar karabanan euren seme-alabekin bidaiatuz era ibiltarian bizi diren zirkuko bi artista dira. Euren ikuskizunek, betidaniko ipuinetatik ateratako antzerki kuttunena eta akrobazia saio ikusgarriak, zuzeneko musika, umorea eta magia uztartzen dituzte.

EUSKAL KONPAINIAK
Bilboko Kalealdiaren edizio honetan euren azken lanak eskainiko dituzte Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Marie De Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Iván González euskal konpainiek, dantzatik zirkura, kaleko antzerkira edo clownera doazen proposamenekin. Horri guztiari, Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten euskal zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren gure hiriko estreinaldia gehitu behar zaio.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikide ikuskizun gisa ulertzen den ikuskizun horretan, bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimentsioa eta tipologia direla eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak. Izan ere, formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoarengatik eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesional kopuruarengatik.

Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.

“Lurrak” ikuskizuna joan den ekainaren 10ean estreinatu zen Kaldearte barruan, eta Bilboko Kalealdiaren edizio hau inauguratuko duen ikuskizuna izango da. Horrez gain, azaroan, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aurkeztuko den aretoko bertsioa ere izango du. Aurretik, aurre-estreinaldia izango du BADen, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdian.

Jaialdiak goizeko zenbait ikuskizun programatu ditu aurten ere, Areatzan, uztailaren 1ean eta 2an, eguerdiko 12:00etan, Malas Compañías eta Café de las Artes Teatro taldeekin (azken hori Bilbo–Santander lankidetzarako hitzarmenaren barruan). Ikuskizun horiek antzerkia, zirkua, clowna eta musika uztartuko dituzte, eta familia osoarentzat daude pentsatuta ikasleek dagoeneko oporretan dauden egunetan. Horrez gain, eta edizio honetako berrikuntza gisa, Kantabriako hiriburuarekin dagoen lankidetzarako hitzarmenaren barruan, baita ere, asteartetik ostegunera, goizeko 10:30etik aurrera, umeei zuzendutako zirku tailerrak egongo dira Areatzan, 4 eta 12 urte arteko umeentzat. Tailer horietan gorputzeko lanarekin erlazionatutako guztia landuko da: disoziazioa, erritmoa, mugimenduaren hastapena, beti ere ondo pasatzeko eta arte diziplina horretara beste modu batera hurbiltzeko helburuarekin.