BILBOKO UDALAK ARTE ESZENIKOEN ETORKIZUNAREN ALDEKO APUSTUARI EUSTEN DIO, “BILBON ESKOLATIK ANTZERKIRA” PROGRAMAREKIN ETA ESKOLAKO ANTZERKI LEHIAKETAREKIN

Maiatzaren erdialdera arte, Bilboko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo diren 14 emanaldi eskainiko ditu “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programak, Otxarkoagako Udaltegian, Campos Antzokian eta Azkuna Zentroan.

Horrez gain, gure hiriko ikastetxeek, Eskola Antzerki Lehiaketaren beste edizio batean parte hartzeko aukera izango dute. 23. urteurrena betetzen duen lehiaketaren helburu nagusia, umeen eta gazteen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzea da.

Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten dio, hezkuntzarako tresna gisa, eta ikasturte honetan ere aurrera jarraitzen du “Bilbon Eskolatik antzerkira” programarekin, jada ohikoa den Eskola Antzerki Lehiaketarekin batera. Ekimen biek 23. urteurrena beteko dute, hasierako helburu berberekin: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Ekimen horietan, konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanen emanaldiak sartzen dira alde batetik, eta bestetik sorkuntza bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dauden eta muntaketak aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala duten antzerki ikastaroen eta lehiaketaren bitartez.

Joan den ikasturtean, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren programazioari esker, Hiriko 6.121 ikus-entzule baino gehiagok (34 ikastetxe) harremana izan zuten Arte Eszenikoekin, euskal artista eta konpainiekin, baina baita Estatuko gainerako lekuetakoekin ere, musikak, dantzak edo txotxongiloen antzerkiak euren lekua duten, eta hainbat lengoaia eszeniko erabiliz mota guztietako gaiak lantzen dituzten eta eszenan-jartze anitzak erakusten dituzten ikuskizunen bitartez. Ikasturte berri honetarako ere proposamen berritzaileak izango ditugu.

Ikasturte berri honetarako 28 emanaldi programatu dira, zazpi konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko dituzte euren lanak.

Eskolako antzerki denboraldia azaroaren 13an inauguratuko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo den Madrilgo 300 Pistolas Teatro konpainiaren “El perro del hortelano” antzezlanarekin –gaztelaniaz izango den bakarra–. Talde artistiko horrek antzerki klasikoa ikus-entzule berriengana hurbiltzeko erronka hartu du bere gain, testuaren eta egoeren komikotasunaren aldeko apustua eginez. Ikuskizunak Almagroko Antzerki Klasiko Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, testu klasiko bat hartu eta ikus-entzule garaikide eta oso gazteei zuzentzeko orduan erakutsi duen sormenarengatik eta zorroztasunarengatik.

Emanaldietara joateko aukera eskaintzeaz gain –aurretik ikastetxeek erreserba egin ondoren–, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren barruan, Bilboko udaleko Kultura Sailak eta Mitusuk sentsibilizazio tailerrak eta material didaktikoak ere jarriko dituzte irakasleen esku, taldeekin lan egin ahal izateko ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule berrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

ANTZERKI LEHIAKETA
Era berean, Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berria antolatuko du 2017/2018 ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Horrela, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emanaldien lehiaketa dela esan daiteke. Ondorioz, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programaren osagarri egokiena da, izan ere, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera igarotzen baitira.

Irabazten duten taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatuko den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszeniko hoberena, proposamen eszeniko bereziena, alderdi teknikoei emandako soluzio hoberena, interpretazio hoberena, partaideen adinaren arabera egindako egokitzapen onena edo modalitate eszenikoen berreskuratze lan hoberena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute. Iaz, Bilboko 15 ikastetxek hartu zuten parte, 25 lan aurkeztuz.